INFO

Gizon baten gorpua aurkitu dute Galdakaon, argiteria publikoko kutxatila batean

Gasteizko Gobernuaren Segurtasun Sailak iragarri duenez, astearte honetan Galdakaoko auzokide batek gizon baten gorpua aurkitu du kaleko argiteria publikoko kutxatila baten barruan. Ertzaintzak ikerketa bat abian jarri du gertatutakoa argitzeko.


Galdakaoko auzokide batek gizon baten gorpua aurkitu du, gaur, abuztuaren 23an, goizeko zazpiak aldera, kaleko argiteria publikoko kutxatila baten barruan. Ertzaintzak ikerketa bat abian jarri du gertatatukoa argitzeko.

Gasteizko Gobernuaren Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, udalerri bizkaitar honetako Bengoetxe auzoan gertatu da ezbeharra, goizaldean.

Bizilagun batek gizon baten gorpua ikusi du kutxatila baten barruan, eta mugitzen ez zela ohartu denean, SOS Deiak-112 Larrialdi Zerbitzuari dei egin dio.

Poliziak eta osasun langileak bertaratu dira, baita suhiltzaileak eta teknikariak ere. Dagozkion egiaztapenak egin ondoren, osasun langileek baieztatu dute pertsona hori hilik zegoela.

Ertzainek ingurua ikuskatu dute, eta zenbait froga aurkitu dituzte. Litekeena da biktima hil izana «kutxatilaren barrualdea zerbait manipulatzen ari zen bitartean, kable elektrikoa lapurtzeko asmoz», Gasteizko Gobernuaren Segurtasuna Sailaren arabera.

Gorpua, oraindik identifikatu gabe dagoena, Bilboko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman dute, epailearen aginduari jarraituz.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du biktima identifikatzeko eta heriotzaren nondik norakoak zehazteko.