INFO

Aldai-Capellan eta Etxegarai-Gaminde, aurrez aurre Udako Torneoko finalean, Zumaian

Txapelketako lehen jardunaldian elkarren aurka aritu ziren bi bikote hauek Haron eta lehenak tanto bakarraz nagusitu zirenez, final orekatua espero da larunbat honetan, arratsaldeko 20.30tan, Aitzuri pilotalekuan.

Zumaian jokatuko da Udako Torneoko finala eta bertan egin den aurkezpenean izan dira finalista bikoteak. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Bi urte oso zailen ostean, asko gozatzeko uda izaten ari da aurtengoa, baita pilotalekuetan ere. Emakumezkoen esku pilotari dagokionean, Laboral Kutxa Udako Torneoak bete ditu uztaila eta abuztua eta larunbat honetan txapelketa honetako lehen finala jokatuko da Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Amaia Aldai-Andrea Capellan eta Maddalen Etxegarai-Enara Gaminde izango dira, 20.30etatik aurrera, txapelketa berritzaile honen palmaresa estreinatzeko aukera izango duten pilotariak. Finala, internetez jarraitu ahal izango da Emakume Master Cup telebista eta bere sare sozialetatik, baita beste zenbait telebistetatik ere.

Orain arte ikusitakoaren arabera, final ikusgarria espero da lehen fasean lehen postuan amaitu zuten Aldai-Capellan eta txapelketan behetik gora nabarmen egin duten Oses-Gaminderen aurka. Aldai gaur egungo aurreko koadroetako erreferentzia nagusia da, urrutira joan gabe berak lortu zuen azken Lau eta Erdiko txapela eta bere joko oldarkorra ikusleen oso gustukoa izan ohi da. Beste aldean, Binakako txapela jantzi zuen Enara Gamindek eraman beharko du bikotearen zama. Oso gaztea izanagatik, Laukizkoak zulo handiak sortu ohi ditu atzeko koadroetan eta Zumaian ere asko agindu beharko du txapela eraman nahi badute.

Lehen egunekoa errepikatzera

Aurrekariei dagokionez, txapelketako lehen jardunaldian jokatu zuten bi bikoteek elkarren aurka, Haron, eta garaipena bizkaitarrarentzat eta errioxarrarentzat izan zen, lehia ezin estuagoan, 22-21 gailenduta. Aldai-Capellan 18-8 aurreratu ziren, baina azkenerako latz sufritu behar izan zuten lehen puntua eskuratu ahal izateko.

Zumaiako Urolako tren geltoki zaharrean gaur egin den aurkezpenean lau pilotariek ilusio handia erakutsi dute larunbatera begira eta Haron emandako ikuskizunaren parekoa eskaini ahal izatea espero dutela adierazi dute.