INFO

Urrizak finalerako zuzeneko txartela nahi du, Juaneneak finalerdietara sailkatu

Iruindarrak nahikoa du 17 tanto egitea helburua lortzeko, Saldiasekoak, aldiz, garaipena behar du egungo txapelduna txapelketatik at uzteko.

Juaneneak partida handia jokatu beharko du finalerdietan egon nahi badu. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Larunbat honetan jokatuko da Kutxabank Buruz Buruko erremonteko ligaxkaren azken jardunaldia eta gauza asko daude erabakitzeko Urriza eta Juanenearen arteko deman. Jaialdia 15.30etan hasiko da eta estelarra, aldiz, 16.30ak aldera jokatuko da. 

Orain arte jokatutako bi partidak irabazita, Javi Urrizak finalerako zuzeneko txartela nahi du eta gauzak oso bideratuta dituela esan genezake, nahikoa baitu 17 tanto egitea helburua lortzeko. Juaneneak, aldiz, garaipena behar beharrezkoa du aurrera egin eta Barrenetxea IV.a, egungo txapelduna, lehiaketatik at uzteko. Urriza 16 tantotan utziko balu, iruindarra izango litzateke bere aurkaria finalerdietan eta Ansa litzateke finalean zuzenera joango litzatekeena, bestela Ansa izango luke arerio.

Nahiz eta 17 tanto nahikoak izan, Urriza da garaipena lortu eta urteko egunik garrantzitsuenera partidarik galdu gabe heltzeko. Galdu arren, Juaneneak, bikain jokatu zuen Barrenetxearen aurka eta Ansaren aurka bere mailak apur bat behera egin zuen. Aurrera egiteko, Saldiasko aurrelariak bere jokorik onena atera beharko du eta ahalik eta akatsik gutxien egiten saiatu beharko du, urtero legez, udako sasoi honetara joko boladarik onenean heldu den aurrelari iruindarrari irabazi eta txapelketan bizirik jarraitu nahi badu. Barrenetxeak eta Ansa II.ak ere urduritasunez jarraituko dute partida, zeharka bada ere, eurek ere asko baitute jokoan.