INFO

Aldezar elkartearen 30. urteurreuna jai giroan ospatu dute Iruñean

30 urtez Alde Zaharreko haurtzaroarekin eta gazteriarekin hezkuntza komunitarioan egindako lana ospatzeko, jai eguna antolatu du gaur Aldezar elkarteak Iruñeko erdigunean.

Aldezar elkartearen 30. urteurrena. (Iñigo URIZ | FOKU)

Aldezar Elkartea 1992. urtean jaio zen eta 30 urtez Alde Zaharreko haurtzaroarekin eta gazteriarekin hezkuntza komunitarioan lanean ibili da Iruñean. Geroztik, ehunka hezitzailek, horietako asko Aldezarren Formakuntzako Eskola Komunitarioan aritu direnak, hezkuntza ez formaleko proposamen bat sortu eta mantendu dute. Era berean, bertan auzoko txiki eta gazte askok parte-hartu dute.

Eta 30. urteurren hori ospatzeko, gaur hainbat jarduera antolatu dituzte. Eguna Piparrikan abiatu dute, 10:00etan. Tortila patata lehiaketarekin hasi ere. Hor bertan, 11:00etan, denboraren kapsula sortu dute, auzoko karriketatik kalejira hasi aurretik.

14:00etan 200 pertsona baino gehiago San Jose Plazan herri bazkarian elkartu dira. Arratsaldean, aldiz, jai giroa Aldapa kalera mugituko da, 18:00etatik aurrera bertan musika egonen baita. 

Auzoenean kokaturik eta auzoko sarearekin lotura indartsua izanik, hiru hamarkada eta gero, Aldezarrek auzoaren erreferente izaten jarraitzen du.

Ohar baten bidez gogora ekarri dutenez, «2020an Iruñeko Udalak Elkarbizitza Prebentziorako Ekintza Zerbitzuez arduratzen ziren auzoetako elkarteen kontratuak bertan behera uztea erabaki zuen». Hala ere, Aldezarrek «indartsu mantentzea» lortu duela nabarmendu dute.

Gaur egun, elkarteko jarduerak antolatzen eta garatzen 80 pertsona baino gehiago ari dira. Azken ikasturteko ludoteka, kanpaldi, jarduera eta proposamenei dagokienez, 450 txiki eta gaztek parte hartu dute.