INFO

«Anarchy in the UK» abesti bat da, baina egoerak errima hori du

Britainia Handia miseriazko uda pasatzen ari da. Inflazioa disparatuta dago, txorrotak sikatzen ari dira, grebek eta protestek trenak eta portuak gerarazten dituzte, osasun sistema krisiaren kiribilean erori da, eta min ekonomiko eta sozial erraldoiaren erdian, gobernua «missing» dago.

Eskoziako herritarrak Liz Truss eta Rishi Sunak hautagai kontserbadoreek egindako bisita batean protestan. (Andy BUCHMANN | AFP)

Sex Pistols talde punk mitikoaren abesti ikonikoa izan zen “Anarchy in the UK”. 1976. urtean ateratakoa, garai hartako espirituarekin bat egin zuen, zentzu emozional sakon batean, mikaztutako gorrotoarena, nahaste-borrastearena, ezinegonaren, frustrazio ekonomikoaren eta alienazio sozialaren ereserki bilakatzeraino. Mugarri izan zen, ekonomiaren eta politikaren gainbehera betean belaunaldi oso batek sentitzen zuen desengainuaren ikur. Denborak bere bidea egin du orduz geroztik, eta punkak memoriaren kutxan gordeta dauden museoko pieza bezala ikusten ditugu egungo betaurrekoekin. Tarteka bat edo beste ikusi ahal da oraindik kalean, eta exotikoa gertatzen zaigu, baina hori baino ez, iraganeko erlikia huts, asko jota.

Britainia Handian ez dago anarkiarik, kontzeptuari kaosa, desordena, jabetzarekiko mespretxua, gobernuaren absentzia eta gisako esanahiak eransten badizkiogu. Ez, anarkiarik ez dago. Baina kasu: ez, ez dago gobernurik, herrialdea miseria garai betean dagoen arren. Eta ez dago kaosik, grebak, gatazkak eta protestak nonahikoak eta gero eta ugariagoak diren arren. Inflazioa bi digitutan dabil, eta igotzen eta igotzen jarraitzen du; atzeraldi ekonomikoa ofiziala da, soldata baxuegiak dira bizitza gero eta garestiagoa denean, eta neurriak hartu beharko lituzkeen gobernua ez da inon ageri. Boris Johnson lehen ministroa da, eta ez da; parrandazale bezain lotsagabe aritzeagatik dimititu arren karguan segitzen du, teorian, nahiz eta bigarren aldiz oporretan dagoen lerrook idazteko unean. Eta toryek bere ordezkoa bilatzeko prozesua oraindik ez dute amaitu. Desordena? Izango ez da ba! “Anarchy in the UK” abestia aspaldikoa da, bai, baina bere errima hain da oraingoa eta erreala! Mark Twain idazleak esan bezala, historia ez da errepikatzen, baina errimatu, errimatzen du. Horixe baietz!

Aste honetako berrietan irakurri ahal izan dugu National Health Service edo Osasun Sistema Nazionalaren ohartarazpena: «krisi humanitario» baten atarian egon litezke britainiarrak energia prezioen gorakadaren aurrean neurriak hartzen ez badira. Izan ere, «herritar asko hautu beldurgarri bat egin beharrean izango dira: janari gutxiago erosi edo etxebizitza berotu; eta, horrek, hotzez eta oso baldintza kaskarretan bizitzera kondenatuko ditu». Inflazioak %10eko langa gainditu duela irakurri dugu, eta urrian %13ra irits daitekeela aurreikusten dute zenbait adituk, familia asko hilabete bukaerara iritsi ahal izateko kinka larrian utziz. Edo herrialdea azken 50 urteetako atzerapen ekonomiko latzenean sartzear dela, eta barne produktu gordinak gutxitzen segituko duela aurrerantzean ere. Gehitu horri Brexitak eta covid-19ak eragindako kalteak eta zalantzarik ez Britainia Handia arrisku bizian dela, Danimarkako Saxo bankuak aurreikusi bezala, «merkatu emergente» bilakatzeko arriskuan.

Trenbideetako langileak, portuetakoak, garbitzaileak eta postariak, abokatuak... protestak eta grebak (azken 30 urteetako handienak batzuk) ugaritzen ari dira eta panorama horren erdian ez dago gobernurik. Johnson oporretan dago, argazkiak ateratzen. Bere ordezko izateko hautagai Lizz Truss eta Rishi Sunak elkarri mokoka ari dira kanpaina betean, eta, hala, neurriak ez ditu inortxok ere hartzen.

Eta ez pentsa herritarrek hitza edo erabakia izango dutela lehen ministro berriaren hautaketan. Behinola lehen ministro hiperbentilatu eta hiperaktibo izan zen Boris Johnsonek ez ditu lehen ministro bati dagozkion erabakiak hartzen eta bere ondorengoa izango dena Alderdi Kontserbadoreko 200.000 kideren artean erabakiko dute. Hau da, gehienbat edadetuak, aberatsak eta oso kontserbadoreak diren lagunek, 67 milioiko populazioa inolaz ere ordezkatzen ez duen talde batek. Gainera, bi hautagaiak, Liz Truss egungo Kanpo Arazoetarako ministroa eta Rishi Sunak Finantza ministro ohia, zergak jaisteko proposamenekin txapelketa partikular betean dabiltza, herrialdea aberasteko estatua pobretzearen alde promesak eginez, biak ere Margaret Thatcher zena, 1980ko hamarkadako antisindikalista goren eta ultraliberalismoaren ikonoa, laudatuz. Egoera politiko horrek, haserreak sutzeaz gain, Britainia Handia paralisian erori eta nahi eta ezinean den sentsazioa indartu baino ez du egiten.

«Lan gehiago egin ezazue»

Hori da Liz Trussek herritarrei esan diena, min ekonomiko eta sozial horiek guztiak sendatzeko soluzio bakarra delakoan. Lan gehiago egin, soldata txikiagoak irabazi, aberatsei zergak jaitsi eta eta ongizatean murrizketak egin, hori da kinielen eta apustu etxeen arabera datorren lehen ministroa izan daitekeenaren errezeta. Hots, soluzio eza. Jendea erretzen ari den artean txingarrei putz egitea, hori besterik ez.

Bien bitartean, Alderdi Laboristak ez du haserre sozialaren aurrean proposamen sinesgarririk. Are, bere historia eta memoria kondentsatuari iskin eginez, grebara atera diren milaka langileak ez ditu babestu. Toryek egin dutena egitera mugatu da: grebalariak kritikatzera, ekonomia arriskuan jarri eta hornidura kateak eteteko mehatxua indartzen dutelakoan. Ez elkartasunik, ez enpatiarik, ezer ez. Mehatxuak nonahikoak diren honetan, elkartasunaren eta justizia sozialaren aldeko jarduna indartu behar diren garaiotan, Britainia Handiko krisia oroigarri bat, abisu serioa da Europako beste herrialdeentzat.

Zerga baxuak eta erregulazio baxuagoak, lan baldintza eta ingurumen babesak hutsaren hurrengo izango dituzten «inbertsio eremuen» alde egin dute Trussek eta Sunakek, lan baldintzak eta ingurumen babesak hutsaren hurrengo eginda gotorleku korporatiboak sortzearen alde, krisitik ateratzeko bidean biak thatcherismoaren dogmari amen eginez. Arau «sinpleago» eta «malguagoen» beharraz ari dira, babes publikoa desagerrarazteko. Produktu berriak frogatzeko espazioen alde, ohiko arauen loturarik gabe. Dena pribatizatuta, pribilegioz ongi hornitutako konpainia pribatuen esku dena, «ekonomia eremu espezial» horietan herritarrak inolako erabaki ahalmenik gabe utziz. Erdi Aroan erregeen basoekin egiten zen bezala, monarkiaren interesak lehenesten zituzten ehiza eremu pribatuak baitziren, jende arruntaren eta lurraren gaineko eskubideen gainetik zeudenak. Ba, antzera.

Thatcherismoaren dogma apurtu

Trussek eta Sunakek bezala, Britainia Handiko finantzen mandarinak ere orain behar dena ikusteko gai ez direla dirudi. Eta, orain, gastu publikoa behar da. Lehenik, familia pobreenetara bideratzeko, eta, gero, sektore publikoan hasita, soldata igoera bidezkoetara. Aldiz, austeritatea eskaintzen ari dira, soldata igoera txiki-txikiak, zerbitzu publikoen murrizketekin ordainduak. Gogorarazi behar da azken mendean Britainia Handiak eta Europak egoera okerragoak bizi izan dituztela eta aurrera egin dutela, dogma ekonomikoak eta politikoak auzitan jarriz. Hori behar da orain, pilotu automatikoarekin funtzionatzen duen thatcherismoari akabera eman, eta aktiboa, irudimentsua eta errukiorra izango den estatua bultzatzea.

Toryek ez dute soluziorik eskaintzen. Zinikoek esango dute normala dela, edozein soluziok diru publiko mordoa beharko duelako eta hori anatema bat delako lehen ministro berria aukeratuko duten kontserbadore tradizionalentzat. Gastu publiko handia ezin delako azaldu konpainia erraldoiei, energia sektorekoak barne, zergak igotzeari uko egitearekin. Baina goiz ala berandu, erantzun beharko dute, geldotasuna, ezer ez egitea, hauteskundeak galtzea ekar dezakeen akats hilgarria izan daitekeelako. Boterean hamarkada bat egin eta gero, inork ez duelako historiara pasa nahi krisi betean ez ikusiarena egin zuena bezala.

Zepoan harrapatuta

Greba eta protesten olatuak handitzen jarraituko du datozen hilabeteetan. Ez dira 1970eko hamarkadako meatzarien grebak bezalakoak izango, ez. Asko aldatu da panorama orduz geroztik, egun soilik langileen %24 dago sindikatuta, eta gehien-gehienak sektore publikoan. Baina badaude antzekotasunak ere: energia krisia, hazkundearen geldiunea eta inflazioa aspaldian ez bezalako maila altuan. Eta beste bat ere: Thatcherrek egin bezala, Trussek eta Sunakek lege aldaketa batekin egin dute mehatxu, grebara ateratzen diren langileak ordezkatzeko konpainiei kontratazio berriak egiteko argi berdea emango dien lege polemikoa.

Klase gatazka omen da. Lehen begiradan langileek galdu dutela esan daiteke, inflazioaren leherketaren erdian, soldata errealak erortzen eta konpainien irabaziak handitzen segitzen dutelako. Eta gobernua ez da erdian jarri, gatazkan bitartekariarena egiteko-edo. Ez, betikoen alde lerratu da, konplexurik gabe, ageriko harrokeriarekin. Krisiaren hondakinak eta minak partekatzeko ahalegina ez dute egiten, ezta plantak ere. Ez, dena betikoen gainean erortzen da. Gauzak horrela, zepoan harrapatuta segituko du herrialdeak, kiribilean galduta.