INFO

Euskaraz bizitzeko auzolanerako deia, irailaren 3an, Donibane Garazin

Abuztuaren 9an eginiko ekintzari segida emanez Donibane Garaziko bertze herri sarrera batean bazterreko tauletan euskarazko izendapenari lehentasuna eman dio Herribiltzak. Euskaraz bizitzeko auzolanerako deia egin du irailaren 3rako.

Bigarren aldiz uda hionetan euskarari lehentasuna emateko afixen aldaketa egin dute Donibane Garazin. (@herribiltza)

Abuztuaren 9an ekintza burutu zuen Herribiltzak Donibane Garazin. Herriko sarreran kokaturiko afixan aldaketa egin zuten euskarazko izendapenari lehentasun emateko.

Udako topaketak egin zituen Herribiltza ekimenak Behorlegin abuztuaren 8tik 14ra, eta bilera horren baitan partaideek ekintza egin zuten herriaren euskarazko izendapena lehenestea galdegiteko.

1997tik Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera txikitzen jarraitzen duela salatzearekin batera, seinaleztapenaren bitartez hizkuntzaren presentzia handitzeko ekintza egin zuten, Nafarroa Behereko sarreran dauden seinaleetan euskarazko bertsioa lehenetsiz frantsesarenaren aurretik.

Ekintzaren muina azaltzeko, hizkuntza batek, bizirik jarraitzeko «lehentasunez eta nagusiki erabiltzen den» lurralde bat behar duela aldarrikatu zuten.

Isiltasuna erakundeen aldetik

Agorrilaren 16an Donibane Garaziko Herriko Etxeari, alde batetik, eta Pirinio Atlantikoen Kontseiluari, bestetik, gutuna igorri zieten ekimeneko lagunek beraien ekintzaren helburua azalduz. Era berean, herrien izendapenari buruz mintzatzeko bilera egitea proposatu zuten.

Udaberrian abiatu zituzten lehenengo harremanak erakundeekin auziari irtenbidea emateko xede. Izan ere, mahai baten bueltan hitz egiteko gonbidapenik ez dute jaso.

Agorrilaren erditsuan eginiko azkeneko saiakerak emaitzik ez zuenez eman, bigarren ekintza egiteaz gain ekimena zabaltzeko xede hitzordu berria eman diete ekimenaren sustatzaileek euskaltzale guzitiei irailaren hasierarako.

«Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak eta Donibane Garaziko Herriko Etxeak entzungor egiten dutenez, euskarari dagokion tokia emateko» auzolanaren aldeko deia egin dute.

Hala, Euskaraz bizitzeko auzolanari hasiera emateko heldu den irailaren 3an, 16.00etan, Donibane Garaziko Carrefour saltokiaren aparkalekuan eman dute hitzordua.