INFO

Abuztuaren 31ko txikizioa eta ondoko birjaiotza oroitu dituzte Donostian

Donostiako alkateak, Eneko Goiak, esan bezala, egun oso berezia da abuztuaren 31koa hirian: «Gertatu zena oroitzeko, ez ospatzeko». Hondamendiarekin eta bertan sufritu zuten pertsona guztiekin batera, berriz eraikitzeko indarra gogoratzeko eguna da. Bi urteko traben ondotik, merezi bezala oraingoan.

Donostia erre eta arpilatu zuten eguna ekarri dute gogora. (Jon URBE | FOKU)

1813an tropa frantsesak garaituak izan ziren, eta aliatuek –ingelesek eta portugesek– Donostia erre eta arpilatu zuten abuztuaren 31n. Data oso berezia donostiarrentzat, eta gertatu zena oroitzeko makina bat ekintza egin dituzte.

«Hiriaren suntsiketa eta bertan sufritu zuten guztiak ekarri nahi ditugu gogora. Tamalgarria izan zen hiriarentzat, baina gero birjaiotza etorri zen. Berriro eraikitzeko indarra eta grina. Bi alde horiek uztartzen ditugu gaur», adierazi du Eneko Goia alkateak. Aurtengoa berezia da, gainera. «Azken bi urteotan ezin izan dugu ekitaldia behar bezala egin eta oraingoan merezi bezala gogoratzeko aukera dugu. Pozgarria da hori».

Goizean, alkateak eta udalbatzak Itsas atean (Portaletasen) egindako lore eskaintzan parte hartu dute, 1813ko abuztuaren 31ko biktimen omenez, Alde Zaharreko danborradetako ordezkaritza batekin batera.

Antzezpenak arratsaldean

Arratsaldean, desfile bat egin dute. Bertan, Parte Zaharreko hainbat elkartek eta inguruko antzerki talde historikoek 1813an gertatu zena antzeztu dute. Zuloagan hasi dira. Han elkartu dira La Patiñatik eta Kursaaletik etorritako tropak.

Abuztuaren 31 kalea, Kale Nagusia, Bulebarra, San Juan, Iñigo, Konstituzio plaza eta Portu kalea zeharkatu ondoren, berriz Abuztuaren 31tik pasatu eta Zuloagan amaitu dute.

‘Sutan’ fikziozko film laburra eman dute, 19:00etatik aurrera, San Jeronimo aretoan. Eta ondoren, mahai-ingurua egin dute Naia Arantzamendi zuzendari eta gidoilariarekin eta beste bi lagunekin, jorratutako gaia aztertzeko.

Ekitaldirik hunkigarriena eta karga sinboliko handiena duena danborradak Bulebarreko kioskoaren aurrean elkartu direnekoa izan da, 19:30etatik aurrera. Minutu bateko isilunearen ondotik, San Sebastian Martxa jo dute.

Antzezpenek ez dute etenik izan, eta tropa ingelesak Bretxatik hirian sartu zirenekoa oroitu dute. Konstituzio plazan askatze guda egin dute, eta Santa Marian, 1813an hiria setiatzean gertatu ziren liskarrak simulatu dituzte. Azkenik, Zuloagan hiriaren erreketaren interpretazio dramatizatua egingo dute, argi eta soinu ikuskizun batekin.

21.30ean kanpai hotsak entzungo dira hiriko elizetatik eta Abuztuaren 31 kalean argiak itzali eta kandelak piztuko dituzte. Abesbatzak San Bizente eta Santa Maria elizen arteko promenade musikatu bat eskainiko du zutik geratu zen hiriko kale bakarraren lau puntu elkartuetan: San Bizente eliza, Alvaro del Valle Lersundiren plaza, Trinitate plaza eta Santa Mariako atrioa.

Txistularien Udal Taldeak eta Aiert Beobide dantzariak eta suzia daramaten bizilagunek lagunduko diete abesbatzei Abuztuaren 31ko kaleko ibilbidean. Xabier Otaegik aurkeztuko du ekitaldia, eta Andoni Aleman izango du solaskide, hiria suntsitu ondoren garaiko kronikariek idatzitako hainbat pasarteren kontalari gisa.