INFO

Euskal Herriko historia, legendak eta paisaia National Geographic-ek kontatuta

Gaztelugatxe, Ogoño, Elantxobe eta Pasaian irudiak hartzen ibili da Matthieu Paley, National Geographic-eko argazkilari ospetsua. Turismo kanpaina baterako argazki- eta bideo-erreportajeak osatu ditu, tartean lamien elezaharrak eta euskaldunek itsasoarekin duten historia luzea jaso dituelarik.

Ogoñoko itsas-kobazuloak, National Geographic-eko taldeak hartu duen irudietako bat. (IREKIA)

National Geographic-eko talde bat, tartean World Press Photo lehiaketaren irabazle eta nazioartean bidaia eta naturako argazkilari ospetsuenetako bat den Matthieu Paley, Euskal Herrian izan da, bertako historia, legendak eta paisaiak irudi ikusgarrietara eramateko.

Lakuako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, TurEspañarekin lankidetzan, turismoa sustatzeko kanpaina baten karietara izan dira argazkilariak Euskal Herrian eta Erresuma Batura, frantziar Estatura, Belgikara, Alemaniara, Herbehereetara eta Estatu Batuetako merkatuetara zabalduko da spot-a.

Gasteizko Gobernuaren arabera, ekimen honen helburua sasoiz kanpoko turismoa aktibatzea eta bidaiak deszentralizatzea da, EAEko leku bisitatuenetatik eta ezagunenetatik kanpoko natura-baliabideak ezagutzera emanez.

Paley eta bere taldeak hainbat kokaleku bisitatu dituzte argazki-erreportajeetan eta ikus-entzunezkoetan islatzeko. Horietan, tokiko gonbidatuak lagun zituztela, bertako berezitasunak jaso dituzte, istorio guztien hari nagusia euskal arrantzaleen historia delarik.

Hala, Albaola itsas lantegia bisitatu du Matthieu Paleyk eta Xabier Agote arduradunaren azalpenak jaso ditu. Kostaldeko leku enblematikoetatik ere ibili da, besteak beste, Gaztelugatxeko San Juanetik eta Elantxobetik, eta Ogoñoko itsaslabarretara bertaratu eta Lamiei lotutako elezaharrak ezagutu ditu, Amaia Gabantxo itzultzaile eta abeslariaren ahotik.

Erreportajeak eta ikus-entzunezko materialak esteka honetan ikus daitezke.