INFO

Irailaren 8an ospatuko da Euskal Diasporaren eguna, Donibane Garazin

Euskal Elkargoak eta Lakuak antolatuta, irailaren 8an Euskal Diasporaren Nazioarteko Egunaren bosgarren edizioa ospatuko da, Donibane Garazin, «euskal emigrazioak izan duen eta duen garrantzia ezagutarazi eta aitortzeko».

Marian Elorza, Laurent Inchauspe eta Joseba Erremundeguy, Euskal Diasporaren egunaren aurkezpenean. (IREKIA)

Donibane Garazik hartuko du, irailaren 8an, Euskal Diasporaren Nazioarteko Egunaren bosgarren edizioa. Euskal Elkargoak eta Lakuak elkarlanean antolatutako ospakizun honen helburua «euskal emigrazioak izan duen eta duen garrantzia ezagutaraztea eta aitortzea da».

Jean-Rene Etchegaray eta Iñigo Urkullu lehendakariak buru izango dituen ekitaldi instituzionala arratsaldeko 18.00etan izango da, Donibane Garaziko Merkatu Estalian. Han izango dira ere Laurent Inchauspe alkate donibandarra; Lakuako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Marian Elorza; eta Elkargoko Mugaz Gaindiko, Europako eta Nazioarteko Lankidetzako kontseilari delegatua, Joseba Erremundeguy.

Era berean, euskal diasporarekin harreman zuzena duten familiak, kulturako, akademiako, politikako, gizarte-erakundeetako eta abarretako jendea eta ekitaldiarekin bat egun nahi duten herritar guztiak espero dituzte Donibane Garazin.

Nafarroa Behereko hiriburuko hitzordu honez gain, munduko hainbat Euskal Etxetan ere ari dira ekitaldiak prestatzen, tartean Argentinan, Belgikan, Kanadan, Txilen, Kolonbian, AEBetan, Perun, Britainia Handian, Uruguain eta estatu espainiar zein frantsesean. Lakuako Exekutiboak Munduko Agenda batean jasoko ditu gure mugetatik kanpo antolatzen diren ekimen guztiak.