INFO

Monzon eta Sasetaren omenez «memoriaren aldeko ekitaldia» egingo da Hondarribian eta Bergaran

Olaso Dorrea Fundazioak eta Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan Elkarteek ‘Saseta, Monzon eta Gudarien ekiñak’ diziplina anitzeko ekitaldi artistikoa sortu dute elkarlanean. Ikuskizun bana eskainiko dituzte: irailaren 17an Hondarribian eta irailaren 27an Bergaran.

Peli Lekuona, Irati Jimenez eta Urko Aiartza, Bergarako Olaso Dorrean emandako prentsaurrekoan. (Jon URBE | FOKU)

Bi urteurren eta bi pertsona historikoren bueltan lanean jarri dira bi erakunde: Olaso Dorrea Fundazioak eta Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan Elkarteek ‘Saseta, Monzon eta Gudarien ekiñak’ diziplina anitzeko ikuskizun artistikoa sortu dute.

85 urte bete ziren otsailaren 23an Kandido Saseta Arecesen (Asturias) hil zutenetik, Agirre Lehendakariak hara bidalitako bi brigadetako bat zuzentzen ari zela, 60 ordu borrokan eman ondotik. «Gure Saseta hil da», agertu zuen orduan Eguna egunkariaren azalak.

Eta 75 urte dira Mexikotik Ipar Euskal Herrira egin berri zuen Telesforo Monzonek ‘Saseta'ren ekiñaldiak’ olerkian argitara eman zituela «gudarien buru» zenaren jardunak, ‘Gudarien egiñak’ bildumaren baitan. Honek guztiak bultzatu ditu aipatu erakundeak «memoriaren aldeko ekitaldi» bat prestatzera.

Bergaran, Monzonen jaiotetxe izan zen Olaso dorrean, aurkeztu dute ekitaldia Peli Lekuona Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko idazkariak, Urko Aiartza Olaso Dorrea Fundazioko zuzendariak eta Irati Jimenez idazle eta ‘Saseta, Monzon eta Gudarien ekiñak’ ikuskizunaren zuzendari artistikoak. Bi emanaldi egingo dituzte: lehena, Hondarribian, Sasetaren jaioterrian, irailaren 17ko 10.30ean. Itsas Etxea Auditoriumean izango da. Bestea Bergarako Seminarixoan, hilaren 27an (Gudari Egunean) 19.00etan.

Hondarribiko ekitaldia NAIZek grabatu eta zabalduko du bere webgunean. Monzonen ‘Gudarien egiñak’ poemategia, Kandido Sasetaren heriotzean idatzitakoak eta ikuskizunerako espresuki sortutako testuak izango ditu oinarri poesia, musika, dantza, historia eta literatura elkartuko dituen ikuskizunak. Gainera, lagun izango ditu Kemen dantza-taldea, Koldo eta Xabi Sorzabalbere txalapartariak, Hondarribiako abesbatza eta Estitxu Pinatxo kantaria, ‘Telesforo Monzonen alargun zoroarena’ poemaren bertsio musikatua eskainiz.

Monzonek behin esandakoak ekarri ditu Lekuonak Olaso Dorrera, ekimenaren helburu eta sena laburtzeko: «Gure haurrek biharko ikastoletan heien izenak abestu ditzaten». Eta «gorazarre» egiteko ekimena ere bada, Jimenezek azpimarratu duenez: «Iraganera begiratzeko, baina, bereziki, gora begiratzeko eta gu geu goratzeko».