INFO

Arabako metaleko hiru greba egunak negoziatuz ekidin ditzakeela esan diote sindikatuek SEAri

Arabako metalean hilaren 21, 22 eta 23an iragarritako hiru greba egunak ekiditeko datorren osteguneko bilerara «akordioa erraztuko duen jarrerarekin» azaldu dadila galdegin diote sindikatuek patronalari.

Sindikatuek ostiral honetan egin duten agerraldia. (ELA)

ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek Arabako SEA patronalari eskatu diote «egoera birpentsatu» dezala eta negoziazio-mahaira ager dadila hilaren 8an. Arabako metalean iragarritako hiru greba egunak ekiditeko «akordioa erraztuko duen jarrerarekin», azaldu dadila galdegin diote sindikatuek.

Sindikatuetako ordezkariak prentsaurrekoan agertu dira ostiral honetan. Arabako patronalari zuzendu zatzaie, gogoraraziz hilabete honetako 21, 22 eta 23an greba egingo dutela, sektorearentzat hitzarmen duina lortzeko asmoz. Maiatzean eta ekainean ere egin zituzten lanuzteak.

Agerraldian adierazi dutenez, SEAk ekainean eten zuen negoziazio-mahaiaren bilera hilaren 30eko grebaren aurretik, eta hurrengo topaketan patronalak jarrera «immobilista eta arduragabea» izan zuen, negoziazioa blokeatuz eta gehiengo sindikalaren proposamena baztertuz.

Hala ere, sindikatuek azpimarratu dute irailean negoziazioak berriro aktibatzea proposatu zutela, egoera desblokeatzen saiatzeko; hilaren 8an, datorren asteko ostegunean, izango da lehenengo bilera, patronala agertuko bada.

Aldarrikapenak

Hona hemen langileen aldarrikapen nagusiak: KPIari lotutako soldatak, lanaldiaren jaitsiera eta behin-behinekotasunaren eta malgutasunaren mugak, besteak beste.

ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGTk prezioen igoera orokorraren testuinguruan jarri dute arreta, eta langileen erosteko ahalmenari eustearen garrantzia azpimarratu dute.

Patronalak «egoera birpentsatzeko» eta datorren asteko negoziazio-mahaira «akordioa erraztuko duen jarrerarekin» joateko itxaropena agertu dute ostiral honetan.

«Sektorean zein maila globalagoan bizi dugun une historikoaren mailan egotea espero dugu, eta erantzukizunez jokatuko duela. Bere esku dago sektorea geldiaraziko duten beste hiru greba-egun saihestea», laburbildu dute.

Arabako metaleko langileei ere dei egin diete sektoreak behar duen hitzarmena lortzeko antolatuko dituzten ekimenetan «parte hartu, bertaratu eta lagundu» dezaten.

«Antolaketa eta borroka dira langile klaseak dituen tresnarik boteretsuenak, eta gure eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeko erabili behar ditugu», ondorioztatu dute.