INFO

Mende erdi geroago, ‘Xenki’ eta ‘Murgi’ren hilketaren egia agerian

1972ko irailaren 2an, Lekeitioko Dendari kalean tiroz hil zituen Guardia Zibilak Joxe Benito Mujika ‘Xenki’ eta Mikel Martinez de Murgia ‘Murgi’. Berrogeita hamar urte eta gero, «exekuzio arbitrarioaren biktima» ofizialtzat aitortu ditu Lakuak, eta bertsio ofiziala gezurtatu dute.

‘Xenki’ eta ‘Murgi’ gogoratzeko ekitaldia egin dute ostiral honetan Lekeition. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Duela mende erdiko irailaren 2an, Lekeitioko Antzar Egunaren bezperan, Joxe Benito Mujika ‘Xenki’ eta Mikel Martinez de Murgia ‘Murgi’ tiroz hil zituen Guardia Zibilak Lekeitioko Dendari kalean. Bertsio ofizialaren arabera, ETAko bi militanteak institutu armatuko agenteekin izandako konfrontazio baten ondorioz hil ziren. Baina Xenkik eta Murgik ez zuten tiro bakar bat ere egin.

Lehenengoak eztarrian tiro bat jaso zuen frankotiratzaile baten eskutik, leihora begiratzean, eta bigarrena hura entregatzeko negoziatzen saiatu zen, armak askatuz, eta, orduan, 20 bala baino gehiago jaso zituen bizkarretik. Hala dio Lakuako Gobernuaren bigarren txostenak, giza eskubideen urraketen biktimatzat jo dituenak.

Jaiak egun bat beranduago bertan behera gelditu ziren 1972ko irail horretan. Hala eskatu zuen Santi Brouardek eta baita herri haserre batek ere. Familiek ikusi edo identifikatu gabe lurperatu zituzten bi gorpuak. Agintari bat ere ez zen senideekin harremanetan jarri heriotzen berri emateko. Bai, ordea, Guardia Zibilak: Mujika familiaren atea jo ondoren ‘Xenki’-ren argazkia erakutsi zieten, Pili arreba zaharra Egiari Zor fundazioak antolatutako hitzaldi batean azaldu zuen bezala. Hala ere, azkenean, zarauztarra etxera eramatea lortu zuten. «Amak ikusi egin nahi zuen berea zen jakiteko eta kutxa zabaldu eta bere burua ikusi genuen».  ‘Murgi’-ren senideek, berriz, ezin izan dute senidea identifikatu.

Berrogeita hamar urteren ondoren, ‘Xenki’ eta ‘Murgi’-ren heriotzak exekuzio arbitrariotzat edo judizioz kanpoko exekuziotzat jo ditu EAEn 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko Balorazio Batzordearen Bigarren Txostenak. Bertan jasotzen da Juan Bengoetxearen testigantza, gorpuak aztertu zituzten bi medikuetako batena, alegia.

Gertakarien ondoren, Guardia Zibilak une oro kontrolatu zuen etxebizitzarako sarbidea, eta ez dago jasota bertan epailearen presentziarik. Ordu batzuk geroago, Institutu Armatuak medikuei gorpuak ikuskatzeko eskatu zienean, gorpuak manipulatuak izan zitezkeela ikusi zuten. Bi gazteak hil zirenetik medikuak iritsi ziren arte ordu batzuk igaro ziren, eta denbora horretan, Bengoetxea doktoreak dioenez, Guardia Zibilak etxebizitza garbitu zuen. Ez zuten jaurtigairik aurkitu, soilik bi gorpu: ‘Xenki’-rena, balaren marka oso zehatz batekin, frankotiratzaile batek egingo zukeena bezalakoa, eta, ‘Murgi’-rena, 20 bala-zulo baino gehiagorekin, bai gerrialdean eta bizkarraldean, hots, konfrontazio baten ondoriozko markekin bat ez datorren autopsia.

Balorazio Batzordearen iritziz, polizia-abusuen legearen 2. artikuluan jasotako «giza eskubideen urraketekin bateragarriak» diren heriotzak dira ‘Xenki’ eta ‘Murgi’-renak. Estatuak ez zituen, txostenean zehazten den bezala, beharrezkotasun- eta proportzionaltasun-irizpideak errespetatu, eta inpunitate osoz jardun zuen Guardia Zibilak, beste kasu askotan bezala.

Hori gutxi balitz, hurrengo urteetan, bi hildakoen senideak atxilotu, torturatu eta espetxeratu zituzten, eta Estatu espainolaren errepresioak eragotzi egin zuen gertatutakoaren egia ikertzeko ahalegin oro.

«Xenki», txikitako argazki batean. (Euskal Memoria Fondoa)

«Murgi», berari ateratako azken argazkietako batean. (Euskal Memoria Fondoa)
 

Lekeitioko Udalak duela zazpi urte kasu hau ikertzeko eskatu zion Gogora Institutuari. Ondoren, familiak Lakuako Gobernura jo zuen 2016an onartutako polizia-gehiegikerien eta giza eskubideen urraketen legearen bidez. Batzordearen erabakia joan den ekainean iritsi zen hurbilekoengana, eta Gasteizko Legebiltzarrera bidalitako zerrendan dago.

Egiari Zor fundazioak ekitaldi politikoa egin ostiral honetan, ‘Egia jakiteko garaia da’ lelopean, Lekeitioko Dendari kalean bertan. ‘50 urte Xenki eta Murgi’ plataformarekin batera antolatu dute, eta hildakoen senideak ere bertaratu dira. Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaritza batek ere parte hartu du.

Aurretik, Lekeitioko Udalak harrera instituzionala egin die senideei ekitaldiaren aurretik.