INFO
Interview
Philippe Acheritogaray
Euskal Etxeen Elkarteko burua

«Duela 50 urte hasitako lana omendu nahi dugu»

Ortzaizetik etorri zen Acheritogarayren aita 1959an. Ama zuberotar jatorriko estatubatuarra zuen. 2018an Euskal Etxeen Elkarteko buru izendatu zuten; beste agintaldi baterako hautatu dute. 20 etxe baino gehiagotako kideak bildu dira Connecticuten, eta beste hainbatek «on line» jarraitu dute bilera.

Philippe Acheritogaray, Connecticuten. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Lehen bilera izan duzue aspaldiko partez AEBetako ekialdean. Nola joan da?

Bai, talde gehienak mendebaldean daude, baina Ingalaterra Berriko elkarteak eskatua zeukan bilera antolatzea 2020an; covidagatik bertan behera utzi zen, eta orain egin dugu. Formatu hibridoa erabili dugu azken bileretan, eta oso ondo joan da. Datorren urtean NABOren [Ipar Amerikako Euskal Antolakundea] 50. urteurrena izango da; Renon elkartu ziren 1973ko martxoan Nevada, Kalifornia, Boise eta Oregoneko euskaldunen elkarteak, eta halaxe jaio zen. Hasiera hartan zortzi elkarte ziren; orain 42 gara, eta Ipar Amerikako hiru herrialdetako kideak ditugu: AEB, Kanada eta iaz Saint- Pierre eta Mikelunek bat egin eta gero, Frantziakoak.

Zein erabaki hartu dituzue?

Ohiko gaiez gain, programa berri bat eratu dugu, oso interesgarria. Martxoan omenaldia egin genien AEBetan dauden bertsolariei, eta 150 lagun elkartu ginen. Hortik etorri da bertsolaritza programa bat lantzea, horrelako ekitaldi handi bat egiteko urtero, eta, era berean, Boisen Todor Azurtzak plangintza oso bat landu du. AEBetako bertsolariak zahartzen ari dira, eta horri eusteko modu bat da.

Eta urteurrenerako zer ari zarete prestatzen?

Urteurrena itzela da. Hasieran pentsatzean, ez zen erraza izan hura abiaraztea; talde bakoitza besteengandik bereizita zegoen, isolatuta, bakoitzak bere ondarea zeukan, eskualde berezi batekoa zen, bestearen berri ere ez zuten izaten. Ez zen erraza izan, eta 70eko hamarkadako buruzagitzak, Boiseko Al Erquiagak, San Frantziskoko Jacques Unhassobiscayk, lan handia egin zuten, piknik guztietan NABOren ideia zabaltzeko. Eta handituz joan dira programa, mus lehiaketak eta pilota txapelketak.

Udalekua ere baduzue, gazte euskal-amerikarrak elkartzen dituena.

Hori da. Beharbada NABOren programa esanguratsuena da. Bill Douglassek programa horri NABO efektua deitzen dio: euskal komunitateak elkartu ditu, euskal-amerikar gisa. Euskal Herriarekiko ondarea hor dago, noski, baina ez elkarren arteko bereizgarri gisa. Urteurrenean hori guztia aitortu nahi dugu; omendu egin behar dira euren aisialdiari hainbeste denbora kenduz hau guztia gertatzea ahalbidetu dutenak.