INFO

Otegi: «Euskal Herriak Estatu izan nahi badu estatu itunak behar ditu»

Euskal Herria energetikoki burujabe izateko itun baten alde legokeela esan du Arnaldo Otegik Euskadi Irratian, iritzita «estatu itunak» eraginkorrak direla datozen erronka «kolosalei» aurre egiteko.

Arnaldo Otegi, pasa den ostiralean EH Bilduk eskaini zuen kurtso politikoaren hasierako ekitaldian. (Endika PORTILLO | FOKU)

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak pasa den ostiralean Zarautzen egindako ekitaldian amua bota zion EH Bilduri, galdeginez ea prest legokeen «Euskadi» energetikoki burujabe izateko itun bat sinatzeko. Arnaldo Otegi koalizio abertzalearen koordinatzaile nagusiak Euskadi Irratian emandako elkarrizketa batean argitu du bere taldea prest dagoela horretarako, betiere trantsizio energetikoa ez bada eraikitzen Petronor eta Iberdrola multinazionalen interesen arabera.

EAJren proposamena «ekitaldi partidista» batean egin zenez «mugak» dituela ohartaraziz, Otegik agertu du EH Bildu prest dagoela Euskal Herriaren trantsizio energetikorako itun bat osatzeko. Euskal Herria, baina, «bere osotasunean» hartuta, zehaztu du koalizioaren koordinatzaile nagusiak. «Gu prest gaude horretarako, Hezkuntza Ituna egin genuenean bezala», baietsi du.

Balizko itun horri heltzeko bidean, ordea, hiru ohartarazpen egin ditu Otegik: bere iritziz, «herri ikuspegi estrategiko batetik» eraiki behar da ituna, Euskal Herriaren menpekotasun energetikoaren inguruko azterketa «serio eta zehatz» bat behar du «eta ezin daiteke izan legegintzaldi edo kurtso politiko baten xedea». «Hau estrategikoa da eta urteak behar ditu», nabarmendu du.

Horrekin batera, bi baldintza ezarri ditu EH Bilduren koordinatzaile nagusiak. Batetik, ebatzi du Euskal Herrian trantsizio energetikoa ezin dela egin multinazionalek –Petronor eta Iberdrola aipatu ditu– dituzten interesen arabera, horrek ekarriko bailuke, esan du, «guk lurra jarri eta beraiek negozioa egitea». Bigarrenik, energia ituna jendearekin adostu behar dela defendatu du, «nazio erronka bat delako».

«Horretan ados jartzen bagara, guk ez dugu arazorik Euskal Herriarentzat burujabetzaren estatu itun guztiak gutxienez esploratzeko», berretsi du Otegik.

«Itun asko behar dira»

Ez soilik trantsizio energetikorako ituna, «itun asko» behar direla azpimarratu du Arnaldo Otegik, izan «euskararen itun bat, komunikabide euskaldunena, polizia ereduarena, edo antolaketa nazionalarena», aipatu ditu. «Euskal estatu itunak», zehaztu du. Zeren, abertzalearen aburuz, «Euskal Herriak Estatu izan nahi badu estatu itunak behar ditu».

Hitzarmen horiek, gainera, egungo garaiak aurkezten dituen erronka «kolosalei» aurre egiteko prestatzen du Euskal Herria, Otegiren iritziz. Eta beraz, gaineratu duenez, «gai izan beharko ginateke Euskal Herrian estatu itunak egiteko, ez soilik EAJ eta EH Bilduren artean, baizik ahalik eta alderdi gehienen artean, sindikatuen artean, unibertsitate artean... horrek baldintza hobeak sortzen ditu erronkei aurre egiteko.