INFO

Zinemaldiaren 70. edizioaren programazioa, eskuragarri NAIZen

Zinemaldiaren 70. edizioaren programazioa eskuragarri dago astelehen honetatik aurrera. NAIZen ere kontsulta daiteke.

Zinemaldiaren aurkezpena, joan zen ostiralean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Heldu den irailaren 16tik 24ra ospatuko da Zinemaldiaren 70. edizioa Donostian. Programazio osoa dagoeneko argitaratu dute eta NAIZen ere eskuragarri dago irakurle guztientzat.

Sarreren salmentari dagokionez, irailaren 11n hasiko da online eskuratzeko aukera, goizeko 9.00etatik aurrera. Egun bakoitzean hurrengo hiru egunetarako sarrerak erosi ahal izango dira.

Joan zen ostiralean eman zituzten Zinemaldiaren 70. edizioaren azken xehetasunak Jose Luis Rebordinos zuzendariak eta Ruth Pere de Anucita komunikazio arduradunak. Azaldu zutenez, Glenn Close (Connecticut, 1947) aktorea izango da Sail Ofizialeko epaimahaiburua.

Normaltasunera buelta

Aurtengoa edizio borobila du jaialdiak eta covidaren pandemiak behartutako murrizketak atzean utzita normaltasunera bueltatuko da zentzu guztietan, aforo osoarekin, alfonbra gorriekin, festa ofizialekin...

Orain arte bi Donostia Sari baieztatu dituzte Zinemaldiaren antolatzaileek: Juliette Binoche aktore frantsesa eta David Cronenberg zuzendari eta gidoilaria. Jose Luis Rebordinosek aurkezpenean aurreratu zuenez, hirugarren sari bat emateko ahaleginetan ari dira, baina oraindik ez dute itxi.

Zuzendariak esan zuenez, «ilusio handiarekin» begiratzen diote aurtengo edizioari, «normala izango den edizioari. Sentsazioa erabateko zoriontasunarena da, umeak bezala ari gara gozatzen, gogobetetasuna dugu, baina zentzu batean zuhurtziaz jokatu behar dugu, ez baitakigu eta ezin jakin publikoak nola erantzungo duen», aitortu zuen.