INFO

Mobilizazioak deitu ditu Sortuk irailean «memoria, borroka eta garaipena» aldarrikatzeko

Irailaren 27ari begira hainbat ekimen antolatu ditu Sortuk «atzoko memoria, gaurko borroka eta biharko garaipena» aldarrikatzeko. Manifestazioak deitu ditu egun horretan Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, 19.00etan. Bi egun lehenago, nazio ekitaldia egienen du Tolosan.

Irailaren 27rako ekimenak aurkeztu ditu Sortuk. (SORTU)

1975eko irailaren 27an Frankoren Erregimenak agindutako azken herio-kondenak gauzatu ziren eta, ETA-ko kide ziren, Jon Paredes Manot ‘Txiki’ eta Angel Otaegi fusilatu zituzten. Urtez urte, ezker abertzaleak Euskal Herriarekin duen konpromisoa oroitu eta berresteko baliatu du eguna. Aurten ere, hainbat ekimen antolatu ditu.

Hasteko, irailaren 25ean, nazio ekitaldia egingo du Sortuk Tolosan, Leidor antzokian, 12.00etan, ‘Nehork ez dio Eguri itxaropena kenduko’ lelopean.

Irailaren 27an bertan, hainbat ekitaldi eta mobilizazio antolatu ditu ‘Independentziarako indarra’ lelopean. Horien artean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako manifestazioak nabarmendu ditu: Donostian (Bulebarretik), Gasteizen (Andre Mariaren zubitik), Iruñean (Zumalakarregi Portaletik) eta Bilbon (Plaza Zirkularrean). Guztiak 19:00etan hasiko dira.

«Mobilizazio horiek krisi testuinguru larri batean kokatzen dira, horregatik beharrezkoa ikusi dugu oroitzea: Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten garaian, Euskal Herria hipotesi bat zela eta egun, harrokeriarik gabe, Euskal Herria errealitate kultural, ekonomiko eta politiko aitortua dela. Alta, konplazentziarik ez. Salbuespeneko testuinguru historikoan bizi gara. Kapitalismoaren garapen ereduak bizitza kolokan jarri du eta krisi energetikoak orain arte ezagutu dugun antolakuntza ekonomiko, politiko eta sozialaren eraldaketa ekarri du», azaldu du alderdi abertzaleak gaurko aurkezpenean.

Bide horretatik, «zibilizazio eredu berri bateranzko trantsituan» gaudela ulertu behar dela adierazi du Sortuk eta hori hainbat pultsuen erdian ematen dela: «Pultsu territoriala, pultsu demokratikoa, pultsu ekonomikoa (norantz goazen, zer abiaduratan, zer sakontasunez), pultsu soziala, pultsu soziala (nork ordainduko dituen kostuak)».

Beraz, pultsu horien aurrean, independentismoa eta eraldaketa sozial eta politikoa nahi duten sektoreok «lidergoa hartu» behar dutela azpimarratu du.

«Euskal Herria errealitate aitortua den arren, Estatua izateko ibilbidea azkartu behar dugu; testuinguru historiko honetan, herri gisa egituratu, kohesionatu eta boteretu behar dugu. Burujabetza ez da aukera bat. Burujabetza bitartekoa da, ekonomia arautu, aberastasuna banatu eta eraldaketa sozialean sakonduko duen sektore publiko indartsu bat izateko», gaineratu du.

Ezker abertzalea garai historiko honek eskatzen duen «anbizioarekin eta konpromisoarekin» arituko dela ziurtatu du.

Balore eta konpromiso hauek oroitu eta berretsiko ditu irailaren 25eko nazio ekitaldian. Eta balore, anbizio eta konpromisoa ikustaraziko ditu irailaren 27an burutuko diren mobilizazio ezberdinetan. Hori dela eta, «ezker abertzalearen komunitatea, nazio askapen mugimendua osatzen duten kideak», ekitaldi hauetan parte hartzera deitu dute.

Aurtengo kartela

Azken urteetan, zenbait artistengana jo du Sortuk iruditeria berritzeko asmoz. Eta aurten, mundu zabalean sona handia duen euskal sortzaile batengana jo du, Kepa Akixo ‘Zigor’ artista, poeta, eskultore eta margolariarengana. Zigor iheslari politiko ere izan zen 70eko hamarkadan.

Artistak egunsentiko kolore-leherketaren aurreko uneari erreparatu dio, iluntasunetik egunero piztu ohi den argi-zirrinta horri. Une hori da ‘Egu’, Zigorren arabera. «Modu horretan, momentu iheskor bati begira jartzen gaitu: egun berriaren hasierak dakarren itxaropen uneari; hau da, herri honetan egunero berritzen den borrokari, bizi nahiari eta horrek guztiak dakarren itxaropenari. Azken batean, herri-gogoak mantendu du Euskal Herria bizirik, askatasun egarriz, aurkakotasun guztien aurrean. Lan honen bidez, militante abertzale orok pizten duen itxaropenari egiten dio gorazarre», dio Sortuk.

Gazte ikuspuntua

Ane Alavak, Ernai antolakundeko bozeramaileak, irailaren 27ak gazte ikuspegitik duen baloreaz jardun du eta gazteriari deialdi berezia egin dio ekitaldian zein mobilizazioetan parte hartzeko.

Alavaren esanetan, «etenik izan ez duen atzoko borrokaren memoria eraikitzeko ezinbestekoa baita gaurko gazteon lana. Beste testuinguru batean, beste garai batean kokatzen bagara ere orain dela 50 urteko proiektu politiko bera baitugu zerumugatzat: Euskal Herri askea».

«Zibilizazio krisia aipatu dugu, mundua hankaz gora dago, eta Euskal Herriak ez du behar besteko burujabetzarik herri gisa aurre egiteko. Horri belaunaldi krisia ere gehitu behar diogu, espektatibarik gabe eta prekarietatera kondenatuta nahi gaituzte, isilik eta otzan. Baina herri honek badu etorkizunik, badago alternatiba eta borrokan jarraitzea da. Gure aurrekoen akats eta garaipenetatik ikasiz, milaka gazte konprometituk lanean jarraitzen dugu, Euskal Herriaren askapen nazionala eta soziala lortzeko borrokan. Gaurko borrokatik, biharko garaipenera», adierazi du.