INFO

GI-20 saihesbidearen eraldaketak mugikortasun jasangarriari mesede egitea eskatu du EH Bilduk

GI-20 saihesbide zaharraren eraldatze prozesua mugikortasun eredu berri baten mesedetan egin behar dela adierazi du EH Bilduk. Orain arte jasotako ekarpenekin osatu duten mapa aurkeztu dute Reyes Carrere eta Garbiñe Alkiza koalizio subiranistako Donostiako zinegotziek.

GI-20 saihesbidea eraldatzeko jasotako ekarpenekin mapa bat egin du Donostiako EH Bilduk. (EH BILDU)

GI-20 saihesbidea eraldatzeko prozesuaren inguruan EH Bilduk martxan jarritako parte-hartze prozesuaren lehen fasearen balorazio txostena eta orain arte jasotako ekarpenekin osatu duten mapa aurkeztu dute Reyes Carrerek eta Garbiñe Alkizak asteazken honetan Donostian.

Izan ere, prentsaurrekoan gogoratu dutenez, GI-20ak 50 urte bete ditu aste honetan. Herrera eta Añorga artean, 8 kilometro, 6 tunel eta 11 zubi eta biadukturekin inauguratu zen eta «azpiegitura horrek soluzioa eman zien Donostiako mugikortasun arazo askori, hiriko erdigunetik pasatzen ziren ibilgailu astunak hartuz eta lehen kongestionatuta zeuden kale asko baretuz».

Baina, EH Bilduk azaldu duenez, bigarren ingurabidea eraiki zenetik (AP-1), trafikoa erdira jaitsi da, hiria inguratzeko bere funtzio nagusia aldatu egin da eta, hala eta guztiz ere, errepide honek neurri eta espazio bera hartzen jarraitzen du.

«Hala, GI-20 saihesbidea eraldaketa berri baten atarian dago gaur egun. Galdera bakarra da ea nola egingo den. Larrialdi klimatikoari aurre egitea denon lana da eta gure inguruko hiririk aurreratuenak beren autobiak, errondak edo saihesbideak eraldatzeko prozesuetan murgilduta daude: Donostia ezin da atzean geratu», adierazi dute Reyes Carrerek eta Garbiñe Alkizak.

Eneko Goiaren udal Gobernua hiri horien guztien «kontrako norabidean» doala salatu du EH Bilduk.

«Erdigunean pairatzen ari garen trafiko kaosa eta hiri mugikortasunerako plan integralik eza dira donostiarren kexa nagusietakoak. Eta arazoa konponbidean jarri beharrean, gero eta larriagoa da», gaineratu dute zinegotziek.

Gero eta trafiko gehiago

Azpimarratu dutenez, aste honetan kaleratu diren trafikoko datuen arabera, hirigunera doazen ibilgailuen kopurua «esponentzialki» handitu eda uda honetan, eta «gauza bera esan daiteke zentroko aparkalekuen okupazioaz ere».

Izan ere, «nahiz eta EH Bildutik behin eta berriz eskatu», Donostian zentroko aparkalekuen funtzioak aldatzeko planik gabe jarraitzen dutela nabarmendu dute. «Disuasio aparkalekuei buruzko berririk ere ez dago. Eta, gainera, Marrutxipiko pintxazoaren lanak hasi dira, hau da, autoak hiriaren bihotzeraino eramateko azpiegitura bat. Zaharkituta jasotzen den errepide bat izango da hau, bidegorririk edo oinezkoentzako gunerik ez duena», gaineratu dute.

Donostian mugikortasun jasangarria ezartzea posible dela adierazi du EH Bilduk, eta bariante zaharraren eraldatze prozesuak mugikortasun eredu berri horren mesedetan egongo den tresna izan behar dela uste du.

Koalizio subiranistak proposamen bat egin zuen urtarrilean.