INFO

2040rako langabezia %6ra jaistea, EAEko erakundeen helburua

Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen bileran, EAEko erakundeek helburu gisa jarri dute Euskadiko langabezia-tasa %6tik beherakoa izatea 2040an. Halaber, pobrezia-indize txikiena duten Europako eskualdeen artean kokatu nahi dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa.

EAEko erakundeen arteko ekonomiari buruzko bilera. (IREKIA)

Iñigo Urkullu lehendakaria ‘2040rako Euskadiko Ongizaterako Lehiakortasuna: ekintzarako gogoeta’ prozesuan parte hartzen duten erakundeen lan-bilera baten buru izan da ostegun honetan. Bertan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek, hiru hiriburuetako alkateek, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak eta Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko, arduradunek ere parte hartu dute.

Proiektu honen helburua EAEren lehiakortasun-erronketan gertatzen ari diren aldaketak identifikatzea da, «hurrengo belaunaldiarentzako ongizate-eredu jasangarria eta inklusiboa eraikitzeko», Lakuako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Etorkizuneko EAEren diagnostiko-, azterketa- eta proiekzio-prozesuaren lehen fasea amaitutzat eman dute gaurko bilera honekin.

Ondorioen artean, «herritarren ongizatea hobetzeko Euskadi lehiakorra» eta «lurralde oparoa, berritzailea, konektatua, konprometitua, inklusiboa eta iraunkorra» eraikitzearen aldeko apustua egin da.

Helburu hauek ezarri dira: %6tik beherako langabezia lortzea; EAEko biztanleko errenta handiena eta pobrezia-tasa txikiena duten Europako eskualdeen %10en artean egotea; eta karbono-lurralde neutroa izatea.

2022ko iraila eta abendua bitartean, bigarren kontraste bat egingo da. Horretarako, alde biko bilerak egingo dira erakunde guztiekin eta enpresa-sareko, hirugarren sektoreko eta gazteriako ordezkariekin, beste eragile ekonomiko eta sozial batzuen artean, ‘Euskadi 2040’ ekimenari lagunduko dioten proiektu estrategikoen diagnostikoan sakontzeko eta agenda partekatu bat eraikitzeko.

2023an, hirugarren kontraste-fase bat burutuko da erakunde guztiekin. Fase horretan, planteatutako proiektuen eta abian jartzeko daudenen «izaera sistemikoa eta lankidetzakoa» landuko da.