INFO

1978an Modelotik 45 presok egindako ihesa eraman du pantaila handira Alberto Rodriguezek

1978ko ekainaren 2a. Bartzelonako Modelo kartzelatik ihes egitea lortuko dute 45 presok. Gertaera hau izan du abiapuntu Alberto Rodriguezek (Sevilla, 1971) bere lan berrian, baina filmaren muina horra iritsi bitarteko bidea da, aurreko hilabeteak eta urteak.

‘Modelo 77’ filmeko zuzendaria eta aktore nagusiak, gaur Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Alberto Rodriguezen ‘Modelo 77’ filmak eman dio hasiera 70. Zinemaldiari lehiaz kanpo. Txaloz hartu dute emanaldia Kursaalera bertaratutakoek. Javier Gutierrez, Miguel Herran, Jesus Carroza eta Fernando Tejero sartu dira, besteak beste, preso arrunten larruan filman. Hirurak egon dira zuzendariarekin batera ostiral honetan egindako agerraldian. Baita Catalina Sopelana aktorea ere.

Manuelek (Miguel Herran) bere enpresan diru-lapurreta batengatik ezarri dioten kartzela zigorrari egin behar dio aurre. 10 eta 20 urte bitartekoa, erabat desproportzionatua garaiko 50.000 pezeta izan direla kontuan izanda. Laster Pino (Javier Gutierrez) ziegakidearekin batera preso arrunten amnistiaren alde borrokatu nahi duen talde baten antolakuntzan sartuko da buru-belarri.

This browser does not support the video element.



Jazarpena, torturak... bizi baldintzarik makurrenetan eskuz esku arituko dira borrokan, elkartasuna izango baitu beraien borrokak ezaugarri. «Kartzelak beraien identitatea ezabatu arren nola lortu zuten elkartzea eta egin zutena egitea?», galdera egin zion bere buruari Rodriguezek. «Utopiaren aldeko borroka» izan zen bere esanetan.

Espetxe-zinemaren generoa gustukoa du zuzendariak. Eta gozatu egin du proiektu honekin. «Ihesa filmaren ebazpena da. Amaieran justizia poetikoa egin nahi izan dut, ez baita iritsi benetako justizirik», adierazi du zuzendariak.

Testuinguru soziopolitikoa ezin ahaztu. «Diktaduratik demokraziarako bidean askatasun sentimendu handia zegoen une horretan», gogoratu du.

Askatasun oihua

Kartzelako hormen bestaldean herri oso baten askatasun oihua entzun zitekeen. «Espetxea permeabilizatu egin zen oihuarekin. Modelo hiri eta gizarte osoaren isla zelako», jarraitu du. Ez zen garai hartako ihesaldi bakarra izan, baina kartzela urbanoa izanik esanahi berezia du egileentzat.

Gaur egun askatasun politikoek bizi duten egoeraz galdetuta, txanponaren bi aldeak agertu dituzte euren iritzietan Gutierrezek eta Herranzek. «Eskuinak Europan duen gorakada ikusita gara txarrak bizi ditugu. Preso taldearen lorpenak enbidia ematen dit, izurriaren eraginez jendarte askoz indibidualistakoa sortu dugu».

Herranzek garai hartan Modelon egondako preso bat ezagutzeko aukera izan du, Daniel Pons. «Haren begiradan ikus daiteke egin zuten borroka. Era honetako pertsonak beharrezkoak dira. Ia 80 urte ditu eta oraindik presoen eskubideen alde borrokan ari da. Ez goaz bide okerretik, nahiz tarteka atzerapausuak eman», esan du.

«Kartzelan daudenen %70aren zigorrak errebisa daitezke. Euren testuinguruan jarriz gero ulertuko genuke egin zutena», gaineratu du.
 
Aspalditik lanean

Aspaldiko proiektua du Rodriguezek. 2005an eman zituen lehen pausuak COPEL presoen taldearen berri izan zuenean. Rafael Cobos izan du bidelagun idazketan eta benetako gertakarietan oinarritu dira biak gidoia sortzerakoan.

Urte luzeetako dokumentazio lana dago proiektuaren atzean. «Presoei, funtzionariei, abokatuei… elkarrizketa ugari egin dizkiegu. Hemerotekan ere denbora luzez aritu gara, amniistia politikoaren ondoren kartzelan gertatzen ari zenaz informazioa jaso baitzuten hedabideek», kontatu du. 

Zailtasun nagusienetakoa Modelo espetxean bertan filmatzeko baimena eskuratzea izan da. 2017tik hutsik dago hirian bertan, etxebizitzen artean zegoen eraikina baina ez da erraza izan filmaketa batek beharrezkoa duen denboran bertan lanean aritu izatea. Ezta 70. hamarkadara atzera egitea ere, itxura erabat aldatu behar izan baitiote.

Figurante bezala aritu diren hainbat herritar kartzelan egonak ziren, beraz horrek errealismo gehiago eman dio proiektuari.

Grabaketaren lehen zatia 2021ko abuztuan kartzelan egin zen. Ondoren Sevillara jo zuten grabaketa amaitzera.

Entretenimendua ere bilatu du filmarekin zuzendariak, eta «bigarren irakurketa orain ikusleari» dagokiola esan du. «Entretenimendua nahi genuen, eta horrekin baera iuslea etxera bere buruari galderak eginez joatea».

Entretenimendua da baina mahaian eserita gauden guztiok eta ni ere aldatu gaitu herritar gisa. Albertoren zinemak hori du, errealitate sozio-politikoaz hitz egiten du», nabarmendu du Gutierrezek.

Taldearekiko eskerroneko agertu da «Inplikazio handia erakutsi dute». Filmaketaz galdetuta, hauxe esan du: «Ez zen parranda izan –ez da hori nire izakera– baina oso ondo pasa dugu».
 
Aspalditik ezagutzen du Zinemaldiak Rodriguez. Izan ere, bertan aurkeztu ditu aurreko lan denak: ‘El factor Pilgrim’ (2000), ‘7 vírgenes’, ‘La isla mínima’,  ‘El hombre de las mil caras’ eta ‘La peste’ seriea.