INFO

Juan Karlos Izagirre proposatuko du berriz EH Bilduk Donostiako alkate izateko

Juan Karlos Izagirre izango da berriz EH Bilduren hautagia Donostiako alkatea izateko, indar honen kideek zuzendaritzaren proposamenari oniritzia ematen diote. Hamarkada honetan ibilbide handia egin du sendagileak.

Juan Karlos Izagirre, uholdearen ondoren Martuteneko auzokideekin hitz egiten (Jon URBE | FOKU)

Juan Karlos Izagirre proposatu dute EH Bilduren izenean Donostiako alkategai berriz izateko. Ohi bezala, izendapena formazioaren militanteek berretsi beharko dute aurki zabalduko den prozesuan.

Medikua da ogibidez 1963an jaio zen Izagirre eta 2011tik 2015era jada Donostiako alkate izan zen. 2015eko hauteskundeetan EAJko Eneko Goia gailendu zen eta EH Bildu oposiziora pasa zen. Izagirre mediku lanetara bueltatu zen orduan. Azken agintaldian Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren taldearen eleduna izan da. Orain, berriz, Udalera itzultzeko apustua egin du Izagirrek.

Igeldokoa da Izagirre eta herri honek udal bilakatzeko eskubidearen defendatzailea da. Bertako Txapela taberna kudeatu zuen familiako kidea da.

Alkatea izan zenean normalizaziorantz urrats izan zen Aieteko Adierazpena adostu zen Donostian. Ekitaldian Izagirre izan zen EH Bilduko Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanorekin batera. Memoria historikoa ere Izagirreren agendan zegoen eta frankismoaren biktimak gogoratu zituzten. San Telmo museo inauguratu zenean alkate errepublikarra zen Fernando Sasiainen omenezko plaka jarri zuten edo Ingalaterrara errefuxiatu joan ziren haurrak ere gogoan izan zituzten.

Sahararekin elkartasun internazionalista erakutsi zuen Izagirrek alkatea zenean, lehen egindako lana jarraituz. Saharako ekintzaileen gonbidatua bisita egin zuen lurralde honetara Aminatu Haidar eta beste borrokalariekin bilduz. Kanporatua izateko arriskua eta Euskal Herrian erroturiko Hassana Aaliari sostengua adierazi zion. Palestinarekin ere elkartasuna ozen aldarrikatu zuen Izagirrek alkate garaietan.

Gertutasuna

Alkate zenean, herritarrengandik gertutasuna erakutsi nahi izan zuen Izagirrek, Udaleko ateak zabalduz eta kalera ateraz. Martutenen ia urtero pairatzen zituzten uholdeak eman zirenan han egon zen alkatea auzotarren kejak entzuteko eta beharrezkoa zen laguntza emateko prest. Askotan, foko mediatikotik kanpo. Udalak eta beste erakunde batzuk egindako lanari esker, uholdeen arriskua nabarmen jaitsi da inguru horretabn.

Jaien ereduari dagokionean ere partehartzea bultzatu zuen Donostiako Udaletik Izagirre alkatea izan zenean. Aurreko agintaldietan herri ekimenek Udal entzungor (eta askotan erasokor) zuten aurrean. Izagirrerekin Piratak bezalako kolektiboekin harremanak nabarmen hobetu ziren eta Aste Nagusiari kutsu elitista kentzeko bidean aurrerapausuak eman ziren.

Gertutasun horren adibide gisa alkate izandatu zuten Plenoan bertsotan aritu zela aipatu daiteke. Hauxe izan zen bertso hori: «Barkatu atrebentzia, ez bagara formal ari,/ Bilintx bezala Udalean sartu bagera kantari,/ eta kantuz gaurtik ekin biharko Donostiari,/ auzoetatik datozen haizeak orrazteari,/ ezkerretik begiratzen diogu itsasoari,/ aro berri bat dakarren herritar olatuari,/ zorionak Donostiri, eta Euskal Herriari,/ portu bat jarri diogu guztion esperantzari».

Gertutasun horren adierazle ere izan zen Udaleko gobernu taldeak hiritarren aurrean kontuak emateko antolatu ziren ekitaldiak. Ordurarte Donostian ez zen halakorik ikusi.

Jendarte laguntzak bikoiztu

Orain modan daude esamoldeak ekintzetara pasa zituen Izagirrek. «Ekonomia pertsonen beharretara jarri behar dela» behin eta berriz errepikatzen da orain. Izagirre alkatea zenean ere aipatzen zen. Esan bakarrik ez jendarte laguntzak bikoiztu baitziren Donostiako Udalean EH Bilduren garaietan.

Alkate zenean, oposizioaren eta Donostiako komunikabide nagusien oldarraldia pairatu behar izan zuen Izagirrek. EH Bilduren proposamen guztiak gogor kritikatzen ziren eta Udal taldeak ardura ez zituen arazoak ere bere gain jartzen ziren. Ondarreta hondartzean ateratzen diren harriak, adibidez. Gero ere agertu dira, gaur arte.

Hiriburuetan izendatu gabe dagoen EH Bilduren hautagaia bakarra da Donostiako. Iruñean Joseba Asiron aukeratu dute, Gasteizen Rocio Vitero eta Bilbon Maria del Rio.