Tolosaldeak eta Lekittarrak mailari eutsi diote; Samertolameuk igoera lortu du
Tolosaldeak zein Lekittarrak Bermeon hasitako lanak errematatu dituzte Portugaleteko erlojupekoan. Seguru aritu dira biak eta gorengo-mailan mantentzea lortu dute. Samertolameuk eraman du Portugaleteko estropada eta beraz, igoera lortu du ontzi galiziarrak.
Portugaleten erlojuaren aurka aritu dira ontzi guztiak, bai Euskotren ligako play-offekoak, bai Eusko Labelekoak eta baita Eusko Label liga irabazteko borrokan egon diren ontziak ere.
Lekittarra konfiantzaz beteta eta sendo aritu da ibaian, historikoki itsasoan baino txarrago aritu izan den arren. Lanak errematatu ditu Isuntzak, nahiz eta ez duen errepikatu lehen postua. Samertolameuk irabazi du Portugaleteko estropada eta beraz, igoera lortu dute Meirakoek. Gogotik ospatu dute galiziarrek.
Lehen ziabogarako aurretik jarri da Lekittarra, aldea bezperan baino txikiagoa izan den arren. Bi segundoko alde txiki horrekin aritu da kasik estropada osoan baina Bermeoko lehen postuak eta bertan ateratako 16 segundoko aldeak ematen duen segurtasunarekin. Hala, gozatu egin zuten Osertz Aldayren mutilek eta mailari eustea lortu dute, merezimendu osoz, bi estropadetako denborak batuta azkarrenak izan baitira. Denboraldi bukaera kaskarra egin zuten eta arantza hori ezin hobeto kendu dute play-offetan.
Ez dute garaipena errepikatu baina oso ondo baliatu dute Bermeon eginiko lan aparta. Samertolameuk ere bezperan eginiko lan onak berretsi dituzte eta hasiera batean, Bueurekin berdinduta aritu badira ere, azken luze aparta egin eta estropada bereganatu dute. Hala, Tiranek utzitako lekua beste ontzi galiziar batek okupatuko du, kasu honetan, Lugoko klubak.
KAE 1 ligako San Pedro eta Pedreña, bestalde, kaskar aritu dira bi egunetan. Gipuzkoarrek hasiera hobea egin dute Portugaleten baina aurretik atzera egin dute eta azkenerako, azken bukatu dute, ehuneko soil batzuengatik.
Emakumezkoen deman, Bermeon pasa legez, emoziorako tarte gutxi izan da. Tolosaldeak bezperan erakutsitako nagusitasuna berretsi du eta beste 25 segundo atera dizkio Deusturi, ETE ligan hirugarren postuan bukatu duen ontzi bizkaitarrari.
Maialen Amondarainen patroiak gidatu du eskifaia gipuzkoarra ibaian barrena eta benetan sendo aritu dira. Bilbotarrak izan dira lehenak ateratzen eta beranduxeago atera dira Tolosaldekoak. Hasi bezain pronto, bi segundoko aldea atera dute eta ziabogan, zazpikoa izan da errenta. Barrurako luzean denbora handitzen joan da eta kasik minutu erdi azkarrago aritu dira.
Eusko Label liga, play-offak - 2. jardunaldia
1. Samertolameu 20:00.06
2. Lekittarra 20:02.32
3. Bueu 20:03.84
4. Pedreña 20:11.86
5. San Pedro 20:12.30
Eusko Label liga, play-offak - sailkapen nagusia
1. Lekittarra - 9 puntu
2. Samertolameu - 9 puntu
3. Bueu - 6 puntu
4. San Pedro - 3 puntu
5. Pedreña - 3 puntu
Euskotren liga, play-offak - 2. jardunaldia
1. Tolosaldea 10:38.79
2. Deustu 11:04.01
Euskotren liga, play-offak - sailkapen nagusia
1. Tolosaldea - 4 puntu
2. Deustu - 2 puntu