Monolito batek Maravillas oroitu du Deierrin, eta 36an fusilatutakoak omendu dituzte Usurbilen
Maravillas Lambertoren omenez Peio Iraizozek egindako monolitoa inauguratu dute igande honetan Deierrin. Usurbilen, omenaldi xume bezain sentitua jaso dute 1936an frankistek fusilatutako eta Irubide inguruan dagoen hobi komun batean lurperatu zituzten pertsonek.
Maravillas Lambertoren omenaldiak herri eta auzoetan egin dira, eta elkarte memorialista batek ere Bideko Mitxingorria izena hartu zuen frankismoaren biktimaren omenez. Baina Larragako loretxoak orain arte ez zuen monolito propiorik, eta hutsune hori Deierriko Udalak bete nahi izan du. Igande honetan Pello Iraizozi enkargatutako monolitoa Ibirikun inauguratu dute, Vicente Lamberto eta bere alaba hil zituzten lekuan, hain zuzen ere.
Ekitaldian Deierriko herritarrak, Udaleko kideak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria eta EH Bildu eta Izquierda Ezkerra alderdietako kideak izan dira, besteak beste.
Arrate Urdangarinek aurkeztutako omenaldia 11:00etan hasi da, eta Ainhoa Egizabalek eta Olatz Larunbek aurreskua dantzatu dute monolitoaren aurrean. Jarraian, Larragako Lorexoa Elkarteko kideen eta Ollo kontseilariaren hitzaldiak izan dira Ibirikun, eta baita Eneko Lazkozen bertsoak eta Fermin Balentziaren abestiak ere. Berri Txarrak taldearen ‘Maravillas’ abestiak, Erronkak taldeak interpretatuta, eman dio amaiera omenaldiari, Edorta Lezaunen hitzekin batera.
Ekitaldian Peio Iraizoz eskultoreak ere parte hartu du. Monolitoan bi data nabarmentzen direla azaldu zuen artistak NAIZeko erreportaje honetan, 1936 – 2022, eta obra osoa bustitzen duten ur tantak ere deigarriak dira. Baliabide horrekin adierazi nahi du «euri asko egin duela ordutik, Maravillas eta bere aita hil zituztenetik», baina erakunde bakar bat ere ez dela arduratu orain arte oroimenezko eta omenezko monolito bat enkargatzeaz. Udal korporazioa osatzen duten bederatzi kideek aho batez hartu zuten monolito bat jartzeko erabakia.
Irubideko hobi-komuna, memoria gune
Igande honetan, halaber, omenaldia egin zaie 1936an fusilatutako eta Usurbilgo Irubide inguruan dagoen hobi komun batean lurperatuta dauden pertsonei. Ekitaldia 12:00etan hasi da, Gipuzkoako herriako lurretan «tropa kolpistak sartu ziren 86. urteurrenarekin bat, hain justu», nabarmendu Usurbil 1936 oroimen historikoaren aldeko elkarteak.
Xuban Zubiria kidearen hitzetan, «elkartean zereginak zehazten hasi ginenean, argi genuen besteren artean memoria-guneak berreskuratzea izan behar zuela horietako bat. Hala, hiru gune finkatuko ditugu aurten, oroitzeko gure hainbat herrikide, Errepublikaren aurka armen bidez matxinatutakoek hil zituztelako».
Lehena, Aginagako hilerrian finkatuko dute; bestea, Meaga-Oikia errepideko bihurgune batean; eta hirugarrena, Udarregiko ikastolan, fusilatutako maisu baten oroimenez. «Gaurkoa dugu laugarrena, justu kolpistak Usurbilera sartu zirenetik 86 urte betetzen diren egunean», gaineratu du.
Hala, Irubideko ingurune horretan oroigarria jarri du Usurbil 1936 elkarteak: «Bertan jazoera latzak, izugarrikeriak gertatu ziren. Betidanik entzun izan diegu gure aurrekoei hau fusilatze-gune bat zela. Hemen jende asko hil zutela, batez ere Donostia eta inguruak hartu eta ondorengo asteetan. Testigantza ugari bildu ditugu, batzuk garai haiek bizi izan zituztenak utzitakoak, eta beste batzuk, aldiz, haien ondorengoen bitartez jasotakoak», azaldu du Zubiriak.
Jose Heredero Pinela eta Juan Antonio Irulegi Ulanga, azken hau EAJko kidea, dira bertan fusilatu eta identifikatu ahal izan dituzten pertsonak, elkarteak «erabateko segurtasunik ez duen arren». Izan ere, gehienak, preso hartu eta inolako epaiketarik gabe eraman zituzten Irubidera. Beraz, elkarteak ezin izan ditu haien izenak eskuratu.
«Izena izan ala ez, hemen erail zituzten guzti-guztiak gogoratzea dugu xede. Horregatik, ez dugu izenik jarri oroigarriaren plakan. Gaur egun izenak ez ezagutu arren, badakigulako faxistek hemen krudelki desagerrarazi zituzten gizon- emakume haiek izana izan zutela», azpimarratu du Itxaso Muguruza elkarteko beste kide batek.