INFO

Kilometroak 2022: nolakoa izango da «egun handia»?

Urte osoan zehar makina bat ekitaldi, ekimen eta ospakizun burutu ostean, Ibarrako Uzturpe ikastolakoek egun handiaren nondik norakoak argitu dituzte. Aurkezpena negutegi batean egin izana sinbolikoa da oso.

Uzturpe ikastolako ordezkariak, Kilometroen aurkezpenean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Ibarrako baratzean, negutegi batean, hain zuzen, argitu dira aurtengo Kilometroak egunaren nondik norakoak. «Ez al ditugu negutegiak eraikitzen ezinbestekoa zaiguna hazi eta hezteko? Euskara gure landarerik kuttunena bada, Kilometroak dugu bere ongarri sendoa». Honela askatu du misterioa Uzturpe ikastolako zuzendaritzako kide Usue Sukiak.

Mahaikideei hitza eman aurretik, Sukiak «Zergatik Ibarran?» galderari erantzun nahi izan dio. Antza, lau urte bete dira ikastolako eraberritze lanari ekin ziotenetik. Obra egiten ari zela, zimentuak ukitu ziren, eta epaiek erabaki behar izan zuten horren kostua nork ordainduko.
 
«Epaiketa gure aldekoa izan bazen ere, eraldaketa ez zen guztiz burutu. Laborategia nahiz kanpo espazioa, patioa, egin gabe gelditu ziren», gogoratu du Sukiak. Uzturpe ikastolak kanpo espazio berri batekin amesten duela esan liteke. Eta, jakina, dirua behar da horretarako.

Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko kide Nekane Artolak hartu dio hitza Sukiari. Jaia eraldatzeaz hitz egin du; zerk bereizten du besteengandik aurtengo Kilometroak festa. «Urriaren 2a, ‘eguna’, hor dago eta garrantzitsua da, baina urtean zehar makina bat ekimen eta ekitaldi burutu ditu boluntario taldeak», azpimarratu du Artolak, ikastolako kideen lana goraipatzearekin batera.

«Gastronomia, kulturartekotasuna, aniztasuna, ikasleen topaketak, kirolean… jarri dugu fokoa urtean zehar. Hori gutxi ez, eta munduan zehar, Internet bidez, zabaldu den ekimena ere jarri dugu abian» gaineratu du Uzturpeko zuzendaritzako kide ere den Aitor Bengoak. Ez omen da, alabaina, erraza izan. 2021eko udan, birusaren hedapena kontrolpean zegoelakoan, urte guztirako egitarau zabal bat osatu zuen bere taldeak. Aurkezpen ekitaldi herrikoia justu-justuan burutu zuten azaroan; gero birusaren beste olatu batek jo eta bi hilabeteko geldialdia izan zuten.

«Amesgaizto hori atzean geratu dela pentsatu nahi dugu. Gaur hemen gaude, musukorik gabe eta irribarrea bistan», bota du Bengoak, harro. ‘Irribarra’, da hain justu, festa handiaren aurtengo leloa.

Eguna marraztuz

Kilometroak 2022 ekimenaren aurrekariak ezagunak baziren ere, «egun handia» nolakoa izango zen oraindik argitzeke zegoen. Josu Ozaitaren ardura izan da. 41 urteko ibartarra Uzturpe ikastolako ikasle ohia da, bai eta aurtengo jaiaren koordinatzailea ere. Hasteko, aldaketa nagusiari erreparatu dio: «Denok izango dituzue buruan sasoi bateko Kilometroak eguneko gune horiek: familiak han, gazteak hemen, helduak hor… Orientatzeko erraza izan arren, hainbatetan jendea ez zen egokitutako gune horietatik ateratzen. Hori ekidin nahi izan dugu aurtengoan. Guneak izango ditugu –lau, hain zuzen–, baina gaika edota adinaren arabera bereizi gabeak», argitu du ibartarrak.

Kilometroak egunean, Euskal Eskultoreen Elkartearekin batera antolaturiko ‘Irribartea’ eskultura erakusketa izango da ikusgai. Euskal Herriko 42 eskultorek parte hartu dute. Beren lanak ikusi ez ezik, norberak berea egiteko aukera izango du hainbat eskulan tailerretan. «Tailerra» da, hain juxtu, hitz gakoetako bat aurten. Bertsoak entzuteko parada izango da, bai eta hauek botatzeko ere, tailer batean. Beste adibide bat: zergatik konformatu zirkua ikuste hutsarekin? Ez al da hobe hau egiten ikastea? Eta dantza ala artisautza? Bakarrizketa bat, akaso? «Kultura kontsumitzeaz gain, esperimentatu beharra dago», berretsi du Ozaitak.
 
Francesco Tonucci adituak proposaturiko filosofiari eutsiz, haurrak erdigunean jarri nahi dira Ibarran. Honela, ‘Haurren hiria’ eta ‘Baso majikoa’ prestatu dituzte, non fantasia, irudimena eta abentura protagonistak izango diren. «Bidean pertsonaia berezi batzuekin egingo dugu topo. ‘Ipuienea’ren kokapena aurkitzen lagunduko digute eta ipuin kontalaria egongo da bertan», azaldu du Ozaitak. Horrez gain, basoan jolaserako elementu ezberdinak ere topatuko dira, oreka, tirolina eta mota guztietako ekintzak egin ahal izateko (‘Baso majikoa’n sartzeko izena aurretik eman behar da, kilometroak.eus orrian. Egunean bertan ere aukera izango da).

Ildo berean, Gipuzkoako 20 ikastolen arteko jolas-joko topaketa buruko da. Ia 300 gaztek parte hartuko dute, trebezia ezberdinak, jarduera fisikoa edota asmakizunak ardatz duten frogetan. Eguerdian, gazteak beraiek prestatutakoa bazkalduko eta kontzertu txikia izango dute. Irene Caminosek bizikleta erakustaldi bat eskainiko du ikastolan orduan.

Musika ere ez da faltako. ‘Bizienea’ txokoa prestatu da, agertoki txiki bat bakarlari, trikitilari edo DJ-entzat. Jotzen hasi nahi dutenei plaza bat eskaini nahi zaie 15 minutuko emanalditan. Dena den, egun osoan zehar musika egongo da Kilometroak jaian. Aipatu bezala, ez da gune zehatz bat egokitu, musikariek toki ezberdinetan joko baitute. Izugarria da kartela: Xsakara, batumore, Munduko Irribarrak Dantza, Itsas Lapurrak Dantza, Diablues, Bluezifer, Xiberoots, Dj Bull, Distopia elektrotxaranga, Gabezin erromeria, Andoni Ollokiegi, Nikotina, Goazen, Dupla…
 
Batetik, Ibarra baratza herria da, piperra du ikur nagusia; bestetik, ez dezagun ahaztu Uzturpe ikastolako sukaldariak janaria erosi eta bertan prestatzen duela. Ozaitak gogoratu duenez, «Zero kilometroa» da ikastolakoen beste nortasun ikurretako bat. Herri jantoki bilakatuko den kiroldegian 800 lagunentzat paella eta Lumagorri oilaskoa prestatuko da (txartelak online erosi daitezke kilometroak.eus orrian), baina hamaika postu gehiago sakabanatuko dira, piperra ia era guztietan dastatu ahal izateko. Bestela, talo, bokata, parrilak… Denoi burura datorkiguna han izango da, eta kanta bazkari bat ere antolatu da 70 lagunentzat (Kilometroak.eus orrian apuntatu behar da).  
 
Sorpresaren bat

Aipatutako berrikuntzez gain, beste hainbat sorpresa iragarri dituzte. Goizean hiru hitzaldi antolatu dira. Jakoba Errekondo eta Javi Rivero (Ama tabernako sukaldari gaztea) tertulian jarriko dituzte: «Baratzetik gastronomiara: iraultza baterako gakoak», izango da abiapuntua. Bestalde, «Ekologista naiz, baina…», gure kontsumo ohiturez hausnartzeko hitzaldia Gorka Egiaren eskutik. Hirugarrena Nerea Mendizabalen txanda izango da: «Familia gatazka eta estresaren aurkako pilulak». Hiru hitzaldiak 10:45ean izango dira (Kilometroak.eus orrian apuntatzea eskatzen da).

Ibarra eta piperra bat direnez, altxor honen ezaugarriak nahiz bitxikeriak ezagutzeko parada izango da 2,6 kilometroko ibilbidean. 30 laguneko taldeetan egingo da, gida batek lagunduta. Bidean zehar, hainbat geldialdi egongo dira: musikariak, dantza, antzerkia... Asteburu honetan egitea gomendatzen dute, urriaren 2an talde oso murriztuak izango baitira (Kilometroak.eus orrian apuntatzea eskatzen da).

Festari amaiera emateko, Ibarran elkartuko diren guztien ahotsek osaturiko abesbatzak ‘Txoria-txori’ kantatuko du. Zalantzarik gabe, urriaren 2ko une hunkigarrienetako bat izango da.

«Programa anitza bezain sendoa dugu eskuartean, bete-betean gozatzeko modukoa», nabarmendu du Aitor Bengoak. Uzturpeko zuzendaritza taldekoek festa errespetuz bizitzeko deia ere egin dute, «elkarrekiko, inguruarekiko eta, jakina, euskararekiko».