«Anbizioa, taldea eta esfortzua», Lointek Gernika Bizkaiaren oinarriak inoizko urrunen iristeko
Anna Montañana Mario Lopezen lekuan dela entrenatzaile postuan eta jokalari berri mordo batekin, talde bizkaitarrak lan handia dauka egiteko, baina baita gogoa ere. Beharko, urriaren 5etik aurrera Emakumeen Eurocupean sailkatzeko kanporaketarekin ekingo baitio denboraldi berriari.
«Anbizioa, taldea eta esfortzua» azpimarratu ditu Gerardo Candina Lointek Gernika Bizkaiako presidenteak talde bizkaitarrak astelehen eguerdian egin dsuen aurkezpen ofizialean. Izen berri asko jokalarien artean, are gehiago entrenatzaile aulkian, Mario Lopezen lekua hartu baitu Anna Montañanak prestatzaile bizkaitarraren osasun egoera dela-eta, baina helburu berbera: lehiarako prest izatea eta zaleak erakartzea.
«Anbizioa, taldea eta esfortzua», azpimarratu ditu Gerardo Candinak jokalari eta kazetarien aurrean. «Taldea, saskibaloiko Europako txapelketan ikusi den moduan, taldeek jokalari indibidualek egin ezin dutela egin dezaketelako; esfortzua, ahaleginari loturiko kultura hori gabe ezin delako urrun iritsi; anbizioa, aurrez iritsi ez garen mailetara iristeko ezinbestekoa baita», azaldu du Candinak.
Azken bi denboraldietan covid-19a izan da saskibaloiaren joan etorria markatu duena, eta aurten, itxura baten bederen, normaltasuna erabatekoa izango da, kirol arloari lotuta.
Baina normaltasun horretara bidean, gernikarrek badute aurreneko hitzordu bat: urriaren 5ean eta 12an Anbereseko Phantoms Basketen aurka jokatuko baitute Emakumeen Eurocupeko sailkatze kanporaketa. Eta bitartean, urriaren 10an Emakumeen Endesa Ligari ekingo dio talde bizkaitarrak.
«Itxaropena eta anbixioa dira gure taldeak denboraldiari aurre egiteko darabiltzan hitz nagusienak», aipatu du bere aldetik Anna Montañana entrenatzaileak. «Ezinbestekoak dira taldeak hazten jarraitu dezan. Egia da denboraldiaurrea ez dela guk nahi dugun bezalakoa izaten ari, hainbat jokalari arazo fisikoekin dabiltzalako eta beste hainbat beranduago iritsi direlako lanera. Ondorioz, gorabehera asko ari gara izaten gure jokoan, baina lana ona ari da izaten, nahiz eta egin dezakeen horretatik oso urruti dagoen taldea une hauetan», onartu du entrenatzaile valentziarrak.
«Joko erakargarria»
Nogaye Lo eta Sandra Ygueravide dira Lointek Gernika Bizkaiak aurtengo denboraldirako egin dituen fitxaketetako bi. Balear irletako pibotak azken denboraldian ez zuen zorte handirik izan Salamancan, belauneko arazoak pilatu zitzaizkiolako eta, bada, ezin izan zuelako nahi adina minutu izan. Ondorioz, Gernikara itzuli da Nogaye Lo, bere aurreneko egonaldian lortu zuen heldutasun eta kalitatea berreskuratzeko gogoz.
«Oso eroso sentitu ohi naiz Gernikan eta hargatik, oso pozik nagio Gernikara itzuli naizela-eta. Aurkezpen egun honetan lasai egon gaitezke, baina datorren astetik aurrera ez dago atsedenik eta taldea horri begira ari da prestatzen. Egia da ez dela oraindik hamarkada bat Gernika Europara joaten hasi denetik, baina badira urte batzuek eta Malosten oso giro ederra pizten da Europako txapelketetako neurketekin. Beraz, taldearena ez ezik, geure helburua ere bada urriaren 5etik aurrera kanporaketa hori. Horri begira, taldea ondo dago, arazo fisikoekin baina behintzat kanporaketara lehiatzeko gertu iristeko moduan», onartu du Nogaye Lo pibotak.
26 urte ditu Balearetako pibotak, baina dagoeneko nahikoa eskarmentu pilatu du. «Egoera berri baten aurrean gaude. Jokalari berri asko, entrenatzailea ere berria da eta aldaketa guztietara egokitzea inoiz ere ez da erraza izaten. Baina nik uste lortuko dugula egokitzapen hori eta norabide berean arraun eginez, Gernikarentzat nahi dugun leku horretara eramango dugu taldea», adierazi du.
Sandra Ygueravidek ere bigarren aldia du Euskal Herrian. 38 urteko antolatzaile valentziarrak 2011tik 2013ra Hondarribia-Irun klubean jokatu zuen –berau desagertu zen arte–, eta harrezkero, aurrez Perfumerias Avenida edo Ros Casares lako talde handietan jokatu ostean, Turkian –gernikarrentzat hain ezagun den Mersin Çukurovan, besteak beste–, Polonian, Estatu frantsesean edo Errusian jokatu du, eta udan 3x3ko nazioarteko txapelketetan parte hartu du Espainiako selekzioarekin.
«Karrera luzea daramat aldean baina gorputzak eta buruak indartsu nagoela esaten didate», azpimarratu du irribarre batekin. «Taldea, berriz, oraindik elkartze bidean dago. Asko dauka egiteko baina itxaropentsu izan gaitezke. Euskal Kopan, adibidez, ez dugu garaipenik lortu, baina momentu onak Kutxabank Araskiren aurka zein IDK Euskotrenen aurka partida bietan izan genituen, defentsan batik bat. Erasoan, bestalde, elkar ezagutzen jarraitu behar dugu eta baikor izateko ondorioak atera ditzakegu. Esaterako, defentsan oso oldarkorrak izatea lortuko dugu eta horrek kantxan korrika egin araztea erraztuko digu. Ikusteko erakargarria izango da gure jokoa, denbora asko baino lehen», adierazi du.
«Taldeari asko falta zaio hazteko eta horren arabera eskaini beharko du bakoitzak kantxa barruan», ohartarazi du Ygueravide antolatzaile valentziarrak. «Entrenatzaileak nire eskarmentua eta uneoro taldeak zer behar duen irakurtzeko eskatu dit eta horretara iristea da nire oraingo eginbeharra».
Erantzun horren harira, Anna Montañanak berak «errotazio luzeari» etekina ateratzeko aukera markatu du. «Hamaika jokalari ditugu taldean eta guztiei etekina ateratzen saiatu behar dugu. Jokalari zenbaitek gainera hainbat postutan joka dezakete, baina horri ere etekinik handiena ateratzeko denbora beharko da. Bestalde, jokalari guztiek egin behar dute lekua kantxan garrantzitsu izateko. Noiski, hori defentsako intentsitatetik abiatuta lortzen da eta hortik abiatuta erritmo altuan jokatzea bilatu behar dugu», zehaztu du.
«Produktua saldu»
Lointek enpresa patrozitzailearen CEOa den Javier Loroño eta Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea ere izan dira Lointek Gernika Bizkaiaren aurkezpen honetan. Gernikak 17.100 biztanle izanda Estatu espainoleko hiri handienenetako taldeen aurka egiten duen lana, are gehiago europako taldeen aurka, azpimarratzeaz gain, Javier Loroñok «produktua saltzeari» eman nahi izan dio garrantzia.
«Pena apur bat eman dit Euskal Kopako streaming erretrnasmisioak, Usabal kiroldegian zeuden ikusleak baino horma hutsa azaltzen baitzen kameren aurrean. Marketingak sekulako mesedea egin dio kirolari; dela emakumeen esku pilota, dela Jai Alai txapelketak, dela asteburuan jokatu den ACB Ligako Superkopa. Emakumeen saskibaloia merezi duen ikuskizuna da, batez ere Europako lehiaketetan Malosten zernolako giroa sortzen den ikusten denean, baina produktua saltzea falta zaigu oraindik. Ikusten dugu talde bikaina dugula eta gorantz egiteko anbizioarekin, eta baita harrobiaren lanarekin ere. Saldu dezagun behar bezala», azpimarratu du.
Bada, gabezia fisikoak ahaztu gabe eta egiteko oraindik lan pila bat duela onartu arren, Lointek Gernika Bizkaiak anbizioaz beteta ekingo dio 2022/23 denboraldiari. Anbizioa, taldea eta esfortzua, ea hiru oinarri horiekin noraino iristen den.