INFO

Ikasleen %50ak uste du badakiela titularretan gezurrak eta egiak bereizten, baina ez da hala

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin egindako ikerketa baten arabera, ikasleen gehiengoak uste du badakiela egiazko informazioa eta informazio faltsua bereizten, baina ez da hala. Iritzia zer den eta informazioa zer den ere nahasten dute.

Ikerketaren arabera, ikasleen erdiak ez du egiazko informazioa eta faltsua bereizten. (Getty images)

Madrileko Carlos III unibertsitateak egin du ikerketa. Bertan, 11 eta 16 urte bitarteko ikasleek hedabideekin duten harremana eta desinformaziori nola eğiten dioten aurre aztertu dute.

Eva Herrero eta Leonardo La Rosa irakasleek argitaratu dute ikerketa ‘Comunicar’ zientzia aldizkarian. Herrerok Efe agentziari azaldu dionez, ikasleen %92,1ak esaten du gai dela informazioa eta iritzia bereizteko. Gazteek hori esaten badute ere, ikerlariak baieztatu du %64,4ak iritzi testu bat informazio testu batekin nahasten duela.

Herreroren iritziz, «paradoxikoa» da ikasleen erdiak baino gehiagok pentsatzea gai direla egiazkoa den eta ez diren titularrak bereizteko. Baina adibide praktikoak jartzerakoan ikasle gehienek egiazkoak diren titularrak faltsuak direla esan dute, eta alderantziz. «Nahasmen handia dago», aitortu du Herrerok.

Hedabideekin duten harremanaren harira, gazteentzat informatzeko plataformarik gogokoena zein den galdegin dute ikerketan. Gehienek, %55,5ak, sare sozialak erabiltzen dituzte informatzeko; gero telebista (%29,1); ondoren beren ingurua, hau da, senideak eta lagunak (%7,9); eta azkenik egunkari digitalak (%6,5) eta irratia (%1).

1.600 ikasleri egin diote inkesta ikerketa burutzeko, eta 75 elkarrizketa sakon baino gehiago egin dituzte espainiar Estatuko ikastetxe publikoetan.

Irakasleen ikuspuntua

Ikerketan zehar hezitzaileak ere elkarrizketatu dituzte, ikasleak zein bidetatik informatzen diren galdetuta, ikus-entzunezko medio jakin batzuen «erabilera intentsibo eta ez kritikoa» azpimarratu dute; besteak beste, Tik Tok, Instagram edota You Tube.

Medioekiko ezagutza urria da ikasleen artean irakasleek adierazi dutenez. Eta hezkuntza plan eta programetan komunikabideen eta hedabideen funtzionamenduaren inguruko edukia sartzea bide egokia izan daitekeela uste dute. Herrerok ere bat egiten du ideia horrekin, «gaiarekin lehenago egin behar da esku-hartzea, horrek ikastetxeetan itzulpen bat izango duela bermatuz». Eta onartu du, ikerketa herritar helduekin eginez gero ere, ez duela uste emaitza eta pertzepzioetan aldaketa handirik egongo litzatekeenik.