INFO

Bortz Kirol, pilotaren aberastasuna islatuko duen lehia Donezteben

Garai batean Meskiritzen egiten zen pilota txapelketa berezia berreskuratzeko lanean ari da Doneztebeko Erreka Kirol Elkartea. Herri kirol munduan Pentatloiak hartu duen indarra ikusita, euskal pilotako bost jokamolde desberdin eta adierazgarritan ondoen moldatuko den kirolaria bilatu nahi dute.

Joko garbia da txapelketan sartuko duten jokamoldeetako bat. (Guillaume FAUVEAU)

Abuztu amaieran iritsi zen deialdia. Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteak Bortz Kirol izeneko lehiaketa martxan ipintzeko asmoa agertu zuen. Garai batean Mezkiritzen jokatzen zen izen bereko txapelketa berreskuratu nahian, pilotako bost jokamolde desberdinetan ongien moldatzen den pilotaria sarituko luke lehiaketak, gizon nahiz emakume.

Aukeratutako pilota jokamoldeak hauexek dira: eskuz, paleta gomaz, xare, joko garbi eta laxo motza. Argi dago ez direla jokamolde ezagunenak, azken hirurak batez ere, baina antolatzaileek euskal pilotan pilota jotzeko dauden bost moduak bildu nahi zituzten lehiaketan, kirol honen aberastasuna nabarmendu eta ezezagunagoak diren jokamoldeei bultzada bat emateko helburuarekin.

«Alde batetik, Donezteben laxoan jokatzen da, eskularruekin-eta hor aritzen dira; eta bestetik, buruan genuen zer polita litzatekeen Mezkiritzen egiten zen Bortz Kirol txapelketa hura berreskuratzea. Hortik hasi ginen apur bat tiraka. Mezkiritzen bost kirol ziren baina egia da palak pisu handia zuela. Han palako hiru jokamolde jokatzen ziren, xare eta eskuarekin batera. Hemengo pilotazale batzuekin hitz egiten atera zen ideia hori, pilota jotzeko bost moduak biltzearena, buruari tiraka. Ezagutzen genituen pilotari batzuk zirikatu genituen eta denei ideia ona iruditu zitzaien. Hortik hasi gara eta horretan gabiltza», azaldu digu Gorka Bidegain Erreka Kirol Elkarteko kideak.

Pilotaria laxoko neurketa batean. Jagoba MANTEROLA | FOKU

Pentatloiaren ibilbidea

Antolatzaileek badakite lehen urratsak ez direla samurrak izango horrelako txapelketa batean, baina uste dute apurka-apurka ikusgarritasuna irabazten joan daitekeela, eta azkenaldian horrenbesteko indarra hartu duen Euskal Pentatloia aipatzen dute. «Beste inspirazio puntua izan zen herri kiroletan pentatloiarekin gertatu dena ikustea. Gure artean asko hitz egiten genuen horretaz. Nola hasieran kirolari askoren maila ez zen oso ona, aizkoran ongi ibiltzen zena adibidez oso ongi ibiltzen zen baina beste kirol batzuetan asko sufritzen zuen eta alderantziz. Baina urteekin mailak gora egin du eta asko parekatu da. Horren inguruan solasean hasi ginen eta poliki-poliki ari gara forma ematen. Asmoa da aurten martxan jarri eta epe ertain-luze batera maila hobetzea. Kontziente gara aurten partida batzuk ez direla oso ikusgarriak izango erreminta zehatz batzuetan, desberdintasun handiak izan daitezkeelako adibidez joko garbia maneiatzen duen pilotari baten eta oraintxe hasi den beste baten artean, baina poliki ea egonkortzen garen eta lortzen dugun gauza berri eta polit bat martxan jartzea», dio Bidegainek.

Antolatzaileen asmoen artean dago, era berean, jokamolde batean ederki jokatzen duten pilotariak beste batzuk probatzera gonbidatzea. Edo urratsa egin dezaten apur bat zirikatzea behintzat. Eta baita zaleen artean beste modalitate batzuekiko interes piztea ere. «Askotan izaten dugun hausnarketa da jende asko dagoela nahiz eta oso pilotazalea izan oso jokamolde gutxi ezagutzen dituena. Eskua eta pala dira agian ezagunenak, baina gero agian erremonteko eta zestako xisterak ez ditu desberdintzen. Txapelketa honen bidez hori ere konpondu nahiko genuke apur bat. Kontuan hartu behar da Doneztebe geografikoki leku estrategikoan dagoela. Gipuzkoan errebotera jokatzen duten herri horietatik nahiko hurbil dago, joko garbia eta eskularrua dominatzen duen jendea dago bertan; Iruran ere xarean jokatzen duen jende asko dago; Iparraldea ere oso hurbil daukagu: Baigorri, Sara… Segur aski gaur egun bost jokamoldeak dominatzen dituen pilotaririk ez da izango, baina hau izan daiteke modu bat jokamolde berriak probatzeko, edo erronka polit bat pilota apur bat utzita daukaten pertsonak berriz ere hastera animatzeko».

Eneko de Paredes, xarean. Guillaume FAUVEAU

Trebatze saioak

Eta txapelketak proposatzen duen beste berrikuntza kuriosoa da hasi aurretik epe bat jarri dutela jokamolde bat ezagutzen ez dutenek edo zailtasunak dituztenek entrenamendu batzuk egin eta apur bat trebatu ahal izateko. Hasieran hiruzpalau pilotarik eman zuten baiezkoa, eta azkenean ia hamar pilotariko taldetxo batekin ari dira lanean.

«Egia da denek badutela hutsuneren bat eta horregatik nahi ditugu pilotariak lagundu. Kontziente gara joko garbiko xistera bat edo laxoko eskularru bat garestia dela, eta txapelketa hau ez dela pilotari baten helburu nagusia izango. Jada eskuratu ditugu erreminta horiek eta iraila utzi nahi genuen interesa erakusten duten pilotari horiek dominatzen ez dituzten erreminta horiekin probatzeko. Uste dugu oso zaila izango dela bost jokamoldeak dominatuko dituen pilotariren bat egotea, agian egongo da baten bat. Horren bila ari gara azken batean», aipatu digu berrikuntza horretaz Gorka Bidegainek.

Azkenean, Ipar Euskal Herriko pilotari batzuk ere animatu dira eta denen artean txapelketari forma eman nahian dabiltza, urri amaieran-edo lehiari ekiteko. «Iparraldeko pilotari batzuek interesa agertu dute eta hasiera apur bat atzeratzea erabaki genuen, gauzak ongi prestatu ahal izateko. Ia hamar pilotariko taldetxo bat daukagu eta aurreneko entrenamenduak egin ditugu jada. Eta Iparraldekoekin harremanetan gaude ea haiek noiz etorri ahal diren ikusi eta guztiak batera entrenamendu bat egiteko eta zer pilota erabiliko ditugun erabakitzeko».

Helburua ahalik eta txapelketa orekatuena atontzea da: «Noski, joko garbiko pilota batekin jokatzen badugu horretan dabilenak aise menderatuko ditu besteak, eta oreka hori bilatu nahi dugu. Eta arautegiarekin berdin. Adibidez, sakearekin batzuk min anitz egiten dute, erreminta erabiltzen ikasi dutelako, eta aipatzen zen sakea tantoa galdu duenari emateko aukera. Oreka horren bila arautegia moldatzen ari gara pilotariekin. Denak eroso sentituko diren arautegi baten bila gabiltza. Adibidez, badago bat manista ona izana eta tokeko pilota batekin jokatzen badugu, bada, igual palistek esango lukete ez zirela ausartzen, hipotetikoki ari naiz. Pilotarien aldetik jarrera ona aurkitu dugu eta denak prest daude oreka hori bilatzen saiatzeko».

Esku pilota da agian jokamolde ezagunena. Iñigo URIZ | FOKU

Mezkiritzeko oroitzapenak

Borondatea badago, eta lanerako gogoa ere bai. Hala ere, bistan da helburua ez dela lortzen erraza izango, eta Mezkiritzen Bortz Kirol txapelketa egiteari utzi izana horren adibide argia da. Horren jakitun dira Donezteben, baina uste dute gaur egun baliabide gehixeago daudela horrelako lehiaketa bat jendartean ikusarazteko.

«Mezkiritzen egiten zuten Bost Kirol bat, non ezkerparetako frontoi motzean jokatzen ziren bost jokamoldeak –paleta, paleta larruz, eskua, xarea eta joko garbia– biltzen ziren. Urte anitzetan jokatu zen. Nik ez nuen ikusi, baina garai bateko egunkarietan kronikak sartzen zituzten eta horren bidez ezagutu nuen ni txikia nintzenean. Hasieran bazuten pilotari kuadrilla bat, baina gero pilotari asko lehiaketa uzten joan ziren. Joko garbia adibidez kendu egin behar izan zuten pilotari askok ez zutelako erreminta dominatzen. Horren ordez beste pala modalitate bat sartu zuten, eta palak pisu handia hartu zuen, pala motza, paleta larruz eta paleta gomaz jokatzen zirelako. Orduan gertatu zena zen palista onak etortzen zirela eta beste bi jokamoldeetan galdu arren abantaila izaten zutela txapelketa irabazteko. Ez dakit horregatik izango zen edo ez, baina apurka-apurka indarra galtzen joan zen eta badakit azken urteetan (2002, 2003…) taldeka egiten zutela, kluben artean. Klub bakoitzak pilotari bat hautatzen zuen jokamolde bakoitzerako, eta horrela beste urte pare bat iraungo zuen. Guk uste dugu garaiak desberdinak direla eta gaur egun horrelako txapelketa bati errazago eman ahal zaiola ikusgarritasuna sare sozialak erabiliz. Horregatik animatu gara eta ea zer ateratzen zaigun».

Amaia Etchelecou gomazko paletarekin pilota astintzen

Jokamoldeak bultzatu

Izan ere, jokamolde batzuen osasun egoera nahiko larria da, eta leku oso jakinetan bakarrik jokatzen dira. «Joko garbi, nik dakidala, apenas jokatzen den Nafarroan. Badakit orain 40-50 bat urte Iruritan-eta errebotean jokatzen zutela, gaur egun adinduak diren pertsonak badira orduan joko garbian jokatzen zutenak. Badakit Gipuzkoako Federazioak badituela joko garbiko lehiaketak ezkerparetan, baina Nafarroan apenas. Eta laxoan txapelketa bat jokatzen da luzera, bost herrik parte hartzen dute, eta aurrez aurre ezkerparetan hau izango da aurreneko txapelketa. Nik uste ez dela inoiz jokatu ofizialki, nahiz eta guk gure artean jokatzen dugun noizean behin. Azkenean eskularrua sartu dugu ikusten genuelako erremontea zailagoa dela. Eskularrua inoiz hartu ez duen batek, pilotaria baldin bada, lauzpabost saiotan harrapatzen ahal du zerbait. Erremontea zailagoa ikusten genuen eta horregatik sartu dugu eskularru motza», adierazi du Bidegainek.

«Oso jokamolde politak dira jokatzeko, behin apur bat harrapatzen diozunean. Joko horiek berreskuratzeko modu bat izan ahal da eta esku pilotak duen aniztasun eta aberastasun hori Hegoaldean ere apur bat ezagutarazteko», gehitu du.

Ez baita kasualitatea horrelako txapelketa bat Malerreka inguruan antolatu izana. Gorka Bidegainek onartu digunez pilota osasuntsu dago bailaran eta zorionez oraindik gaztetxo asko dira euren atea jotzen dutenak pilotan lehen pausoak emateko.

«Hemen, Doneztebeko Erreka Elkartean, pilotan ume asko ibiltzen dira, bailara osokoak. Eskua da batez ere egiten dena, baina erremonte eskola ere badago eta gaztetxo batzuk ibiltzen dira. Donezteben bertan herri mailan agian badira beste kirol batzuk indar gehiago dutenak, futbola edo eskubaloia adibidez, baina bailara mailan, Malerreka Bertizarana mailan, pilotak oraindik badu pisu anitz eta herri txiki horietako ume asko etortzen dira Doneztebera pilotan jokatzera», eskertu du Erreka Kirol Elkarteko kideak.