INFO

Kilometroak 2022: Ibarra euskararen bihotz

Eguzkipean eta festa-giroan ospatu da igande honetan Gipuzkoako ikastolen festaren egun handia. «Aro berri»ko lehen Kilometroak ez du egun bakarra ardatz izan, urteko oso bateko jarduna baizik. Eguna, alabaina, ederra izan da oso.


Marokoar tea eta etxean egindako gozokiak, marokoarrak ere. Keltoumek eta Najatek Ibarrako Uzturpe ikastolan dituzte seme-alabak, eta honelako otorduaz hartu nahi izan dituzte goizean goiz ikastolan bertaratutakoak. Erakundeetako ordezkariak izan dira tartean, bai eta gizarte eragileak, ikasle, irakasle nahiz herritar xumeak… Herriaren txanda izan da gaurkoa, euskararen herriarena, hain zuzen.

Goizeko 10etan ospatu da Kilometroak egun handiaren hasiera ekitaldia; ordurako, makina bat postu eta oholtzek hartuta zegoen Ibarra ttipia.

Ibartarra eta Uzturpe ikasle ohia den Ohiane Mateos kazetariak gidatutako emanaldiak piztu du festa: dantza eta musika izan dira (baita diskurtsoak ere). Lazo bat ez, soka bat moztu da egun handiari hasiera emateko eta, aldi berean, festaren lekukoa eskuz aldatzeko. Ibarrak Oreretari luzatu dio txanda.

Ez da erronka makala. «Aro berri»ko ikastolen festak egun bakar batean ez, urtean zeharko askotan jarri baitu fokoa. Gaurkoa egun handia izan arren, makina bat ekitaldi antolatu dira urtebetez: herri kirolak eta bertso saioak; eskultura erakusketa bat (41 euskal eskultorek hartu dute parte); nazioarteko gastronomia aire zabaleko azoka, munduan zehar digitalki zabaldutako ekimena…

«Pandemia zela eta, 2020an Amasa-Villabona-Zizurkilen antolatu nahi genuen eredu berrian oinarritutako jaia ez zen guztiz horrela izan. Gaurkoan, aldiz, bete-betean asmatu dugu», adierazi du Kilometroak egitasmoaren koordinatzaile orrokora den Mikel Egibarrek.

Bestelako aldaketak ere izan dira. Ibilbideko ohiko guneak, esaterako, desagertu dira Ibarran, eta esparru guztietan musikaz eta gastronomiaz berdin-berdin gozatu dute bertakoek. Inoiz baino parte-hartzaileagoa izan nahi du festan, Gipuzkoako 19 ikastolen arteko jolas-joko topaketa burutu da. Jarduera fisikoa edota asmakizunak ardatz duten frogetan 300 gaztek parte hartu dute. Unerik hunkigarrienetako bat eguerdiko 12tan bizi izan da: gainezka zegoen herrian, milaka (ala hamar milaka) lagunek Txoria-txori batera abestu dute.

This browser does not support the video element.

«Esateak lotsa ematen badit ere, ez nuen Ibarra ezagutzen. Egia esan, ez nuen uste halako giro polita izango zenik», esan du Maite Atutxa mundakarrak, abesbatza inprobisatuarekin bat egin ostean.

Musika eta magia

Ezin ukatu eguraldia aliatu dutela denek. Giza ilarek Ibarrarantz jo dute egun osoan zehar, eta jende txikiaren andana ere sumatu da Haurren Hiria eta Baso Magikoa izeneko guneetan. Bertan, hainbat ipuinetako pertsonaiekin egin dute topo eta, batzuetan, ipuinak entzun beren ahotsetatik. 30 txandatan sartu izan dira eta, bertako gidariek diotenez, denak bete dira.

Musikaren eskasiarik ere ez da egon. Bizienea izeneko txokoan, hain zuzen, eskenatoki bat paratu da beren lehen urratsak ematen ari diren bakarlari, trikitilari edo DJ-entzat. Bestalde, honako artisten zerrenda igo da oholtzara: Xsakara, batumore, Munduko Irribarrak Dantza, Itsas Lapurrak Dantza, Diablues, Bluezifer, Xiberoots, Dj Bull, Distopia elektrotxaranga, Gabezin erromeria, Andoni Ollokiegi, Nikotina… Goazen-eko lagunek 17:00ak aldera igo dira oholtzara; handik ordubetera, Dupla taldeak itxi dute egitaraua.

Gazte ugari bildu da, baina sasoi bateko «kilolitro»ren arrastorik ez. Larrialdietako taldeak parterik eman ez izanak inpresio hori indartu du.

«Jendea lasai ikusi dut bere txandaren zain, dela otordua, dela tonbola edo hainbat guneetako sarrera… Badirudi pandemian hainbeste denbora ilaran igaro ostean hori ikasi dugula», nabarmendu du Uzturpe ikastolako zuzendari Aitor Bengoak. Tolosarrak lekukoa hartu dio Usue Sukiari eta, urte trinko honetan zehar, biak ala biak izan dira ikastolako buru.

«Ohiko guneak desagerraraztea eta jendea mugiaraztea klabea izan dela uste dut.  Jendea elkarrekin ikusi dut: familiak, gazteak eta helduak… denak. Huraxe zen, hain justu, gaur ikustea espero nuena», azaldiu du Usue Sukiak, ikastolan jasoketa lanetan ari zirela. Amaiera baino, hasiera bat delakoan zeuden denak.