INFO

Dubai eta Australiako Liga Euroliga ekialderantz zabaldu dadin lanean hasi dira

2022/23 denboraldia ostegunean hasiko da kantxetan, baina bulegoko lanak martxan daude: Lauko Finala Dubain jokatuko ote den eta Euroligako talderik izango ote duen epe ertainera; Australiak Euroligako denboraldiaurreko partidak jasoko ote dituen. Hilaren 11an bilera izango da horren harira.

Iaz Belgraden irabazi zuena, ekialderago ere irabazi lezake Efesek. (@EUROLEAGUE)

2022/23 denboraldiko euroliga ostegun honetan jarriko da martxan. Saski Baskoniari dagokionez, Joan Peñarroya Valentziara itzuliko da, Fontetan Alex Mumbruk zuzentzen duen Valentzia Basket izango baitu aurrez aurre 20.30etan hasita.

Alabaina, Euroligak aurtengo udan hainbat aldaketa egin ditu. Estaerako, Dejan Bodiroga jokalari ohia da orain Euroligako presidente Jordi Bertomeuren ordez –ACB Ligako taldeak, Saski Baskonia tartean, gogor saiatu dira aldaketa hau saihesten, etorkizunera begira kaltegarri izango zaien susmoaz–, eta horrez gain, serbiarraren laguntzaile gertukoena Marshall Glickman izango da, NBAko Portland Trail Blazers taldeko presidente ohia bera eta duela urte batzuetatik hona, Euroligaren aholkulari ere badena, bera izango baita behin behineko zuzendari exekutiboa. Eta aldaketa horien harira, ekialderantz begira jarri da gero eta indartsuago, Dubairantz eta baita Australiarantz ere.

Tarteka, ezin da ahaztu NBAk «Europako Dibisioa» gutxien uste denean sortzeko albisterak sortzen direla –duela urtebete hain justu, esaterako–, baina hasierako usteak, erdia baino gehiago, oso osorik ustel atera izan dira orain arte. Kasu honetan, ordea, Euroliga ezin da NBAk duen indar posizioarekin gonbaratu. Hartuko luke Euroligak NBAk mugitzen duen dirutzaren eta izen onaren puska bat balu! Izen hona, tira, hainbestean, baina diru mugimenduen inguruan, titular handiek diotena baino meharrago daude kontuak, eta are meharragago aurtengo euroligan, Errusiako talderik izango ez denez zigorrak medio, Moskuko CSKA baten indar ekonomikoa beste egun baterako laga behr izan baitu Euroligak bazterrean.

Bestetik, ekialderantz begiratzeko ez du konplexu eta lotsa handirik Euroligak, ezta oro har Europako saskibaloiak ere. Maccabi Tel Avivkoaren eredua –oro har, Israelgo taldeek Europan zernola mugitzen diren, nahiz eta gero gustuko ez duten zeozer entzuten badute muturra okertu, Bilboko BCLko Lauko Finalean gertatu zen legez– ezaguna da, eta baita Turkiak gero eta indar handiagoa duela ere –bestalde, Istanbulgo txoko bat Europari dagokio eta hori ere ezin ba ukatu–. Horrez gain, aurrekari exotikoetara joz gero, gogoan izan behar da Egiptoko selekzioa Europako saskibaloi txapelduna izan zela 1949an –Kairon bertan jokatu zen lehiaketa– eta 1953ra arte Europako txapelketak jokatu zituela. Bada, Europak mugak ixten dakien bezala, komeni zaionean ere ederki asko zabaltzen dituela bistan da.

Zentzu horretan Dubai, Arabiar emirerri Batuak osatzen duten emirerrietako bat denak, Euroligan muturra sartzea nahi luke. Greziako SDNA hedabideak aditzera eman duenaren arabera, Dubai kolaborazio mota ezberdinak aztertzen ari da Dejan Bodirogak zuzentzen duen Euroliga berri honekin. Belgradeko pasa den Lauko Finalean hasi omen ziren kontaktuak eta hilaren 11an Dubaiko funtzionariek eta Euroligako akziodunek izango duten bileran zenbait gauza argi litezke.

Esaterako, Dubaik Euroligan inbertitzea, patrozinatzaileetako bat izatera pasatuz, eta horren trukera, Lauko Finalen bat antolatzea eta, kasurik berezienean, Euroligako taldea bera ere osatzea.

Orain arte bederen, Eurohoops interneteko orrialdeak dioenaren arabera, ezin da halakorik egingo denik egintzat eman, ezta gutxiago ere. «Gehienera, gauzak %50ean leudeke», dio aipatu orrialde berezituak.

Australiako adibidea

Bestalde, 2022ra itzulita, gero eta ohikoagoa da NBAko taldeak mundu osoko taldeen aurka –Euroligakoen aurka, adibidez– lehiatzen ikustea denboraldurreko partidetan, eta gero eta ohikoagoa da, 80. eta 90. hamarkadako «McDonalds Open» horietan ikusten hasi ginen bezala, NBAko taldeek «FIBA saskibaloiko» taldeen aurka ere gal dezatela –esan gabe doa FIBA saskibaloiko taldeek denboraldia askoz aurreratuago eraman ohi dutela garai hauetan NBAkoen baino–.

Azken adibidea Australian aurkitu dugu, non Phoenix Suns taldeak Australiako NBL deritzon ligan jokatzen duen Adelaide 36ers taldearen aurka 124-134 galdu zuen. Bada, nahiz eta mundu guztia ados dagoen NBA dela munduko saskibaloi ligarik indartsuena eta Amerikako Estatu Batuetakoak direla munduko jokalari onenen gehiengoa –baina dagoeneko ez %100a, hori onartzeko ere kontsentsua baitago–, «kontinente arteko» balizko mugimendu horrek –kirol interesa eta ekonomikoa uztartuta– interesa piztu du.

Esan bezala, pasa den Euroligako azken Lauko Finalean jarri zen martxan australiarren interesa ere. David Andersen jokalari ohia –eta Moskuko CSKArekin Euroligako txapeldun izana– izan omen zen, SDNAren arabera, Australiako talde negoziatailearen arduradunetako bat. Antza denez, NBAko taldeekin gertatzen den antzera, Euroligako taldeek ere Australian denboraldiaurreko partida zenbait joka ditzatela nahiko lukete Ozeania aldean. Hori, hasteko, azken baten Euroligak Europaz harago interesa pizten badu ez baitio kalterik egingo Europako saskibaloiari. Ikusi egin behar hala ere, zein martxa hartzen duten aipatu negoziazioek eta balizko akordioek, halakorik balego, noiz eta zein baldintzatan ikusiko luketen argia.

«Power Rankingen» zuloan

Saski Baskoniak eta Valentziak jokatzen dituzten partidek beti dute morbo apur bat, berdin ACB Ligan zein Europan ere; are gehiago Joan Peñarroya Valentziatik atera eta hiru hilabeten buruan bertara itzuliko delako, eta gasteiztarren kasuan, Real Madrilen eta Bilbon «etsai» bihurtu zen Alex Mumbru aurkituko dutelako taronjen aulkian, Bilbao Basketen hamarkada luze bat eman ostean.

Alabaina, Euroligako emaitzei buruzko pronostikoak egiten dituztenek ez diote arreta handiegirik jarriko Fontetan gertatzen denari, beren pronostikoak aintzat hartuz gero behintzat. Urtero delako «Power Ranking» ezberdinak ateratzen dira eta Eurohoops webgunearen arabera, Saski Baskonia hamazortzi taldetik hamabosgarren postuan «sailkatu beharko» litzateke.

Aipatu webguneak honako irizpideak kuantifikatu ditu klub bakoitzak non amaitu beharko lukeen eoaitzeko: jokalarien kalitatea, hauen arteko «kimika», klubaren «estatusa», udan zehar egindako mugimenduen kalitatea eta taldearen «helburu objektiboak».

Hala, 31 puntu eskuratu ditu orotara Baskoniak –Alba Berlin, Zalgiris Kaunas edo Asvel Villeurbannek baino puntu bat gehiago– eta, hala, hamabosgarren amaituko luke Joan Peñarroyaren taldeak.

Valentzia Basketek ere ezingo luke kukurruku askorik jo «Power Ranking» delako hau beteko balitz: 33 punturekin, hamahirugarren legokeelako Alex Mumbruren taldea, Belgradeko Izar Gorria eta gonbite txartel bati esker Euroligara itzuli den Partizanen artean.

Esan gabe doa azken bi urteetan Euroliga irabazi duen Anadolu Efes dela faborito nagusiena, 45 puntu pilatzen baititu eta azken urteetan izar izan diren Larkin eta Micic antolatzaileei Will Clyburn, Ande Zizic, Amath M’Baye eta Achille Polonara gehitu zaizkiela, taldea neurri baten gaztetuz gainera, James Anderson, Adrien Moerman, Kruno Simon eta Chris Singleton talde turkiarretik joan egin baitira, neurri baten adinak eragindako lesioen erruz iaz hainbat partidatan jokatu ezinik aritu ostean.

Ikusi egin behar jokoak non jartzen dituen klubak eta «Power Ranking» balizkoen benetako balioa: gogoan izan pasa den Eurobasketean Espainiako selekzioa zazpigarren postutik hamargarrenera bitartean dantzan ibili zela lehiaketari ekin bezperetam eta azkenean, zer egingo eta urrea kolkora!

Ezin besterik gabe galtzen utzi postuen dantza hau, azkenik. Izan ere, Euroligak dirusaritan banatu behar duena iaztik hona %20 handitu baitu. Hori bai, hortarako aurreneko hamalau postuen artean amaitu behar da. Hala, benetan Baskoniak Euroliga hamabosgarren amaituko balu, ez luke dirusaririk eskuratuko. aldiz, Valentzia Basketek hamahirugarren amaituko balu, 234.586 euro jasoko omen lituzke.

«Euroligan eskarmentu gutxien duten jokalariak dituen taldea gara, eta nik neuk ere debuta egin behar dut Euroligan», onsartu du Joan Peñarroyak Fontetako partidaren bezperan. «Lehiaketa berri honetara nola moldatzen garen, horrek ezarriko du gure mugak non dauden. Badakigu Euroligak badituela zazpi edo zortzi talde sekulako dirutzak xahutu eta egundoko proiektuak egin dituztenak, baina guk lasai ekin behar diogu lehiaketari. Hasteko eta bat, lehiakor garen ikusi behar dugu, eta arer¡oek zer egin dezaketen baino, geure buruari begiratu behar diogu denboraldiko garai hauetan», gaineratu du.