INFO

Hiru lurraldeetan 30 bat bilera eginen ditu EH Baik bere lehenengo kongresuari begira

EH Baik balore ezkertiar, abertzale, feminista eta ekologistekin bat egiten duen herritar orori gonbidapena helarazi dio azaroaren 26an izango den kongresuan parte hartzeko. Egitasmo politikoa eta antolaketa ereduari buruzko proposamenak aurkezteko 30 bat bilera eginen ditu.

Nikolas Blain eta Anita Lopepe, EHBaiko bozeramaleak. (Bob EDME)

Euskal Herria Baik agerraldia egin du ostegun honetan, urriaren 6an, heldu den azaroaren 26an Baionako Elkarteen Etxean antolaturiko kongresuari begira hainbat xehetasun emateko.

Mugimendu abertzale eta ezkertiarrak eginen duen lehenengo kongresua izanen da, eta bilkura hori antolatuz egitasmo politikoa berritu eta antolaketa eredu eraginkorragoa plantan emateko asmoa du. Finean, Ipar Euskal Herriko herritarrek aurrez aurre dituzten erronka handiei erantzuteko «tresna amankomun berria» eratzea izanen da kongresuaren helburu nagusia.

«Erronka handi bat proposatzen dugu, krisi politiko, ekonomiko, sozial, ekologiko eta kultural baten erdian gaudelako, herritarrak egoerarekin kezkatuak direlako eta frantses Estatuak ez dielako Ipar Euskal Herriak dituen beharrei erantzuten», onartu dute Anita Lopepe eta Nikolas Blain EH Baiko bozeramaileek. 

«Gure proiektuak Euskal Herria eta euskal herritarrak ditu ardatz, bertan erabaki nahi dugulako gure geroa, eragile sozial eta politiko zein herritar guziekin batera, eta horretaz guztiaz mintzatu nahi dugu kongresuan, jendeen iritziak entzunez, ekarpenak jasoz, guzion artean herriari eskaintza politiko berritu bat egiteko», laburbildu dute.

Estatus politikoaren aldaketa

Agerraldian iragarri dutenez, urria eta azaroa bitartean herri edota eskualde mailan bilerak eginen dituzte A26ko kongresuari begira. Orotara 30 bat bilera eginen dituzte hiru lurraldeetan.

Dagoeneko «Aitzina Goaz. Un projet pour le Pays Basque» izenburua duen dokumentua banatzeari ekin dio EH Baik.

Dokumentu horretan «egungo testuinguru orokor aldakor eta ez egonkorra« aztertzen du, horren baitan «frantses Estatuak Euskal Herriarekiko erakusten duen mespretxua» eta «Ipar Euskal Herrian azken urteetan egin diren aitzinamenduak» aipagai dituela.

Karrikan zein erakundeetan jarduten duen mugimendu bezala aurkezten da EH Bai eta garrantzi berezia aitortzen dio «indar metaketari» burujabetzaren aldeko bidean aitzinamenduak lortzeko.

Zentzu horretan, Euskal Elkargoaren sorrerak ekarri dituen onurak aintzat harturik «urrats berri bat egiteko beharra» proposatzen du EH Baik, bere ustez «estatus politikoaren aldaketa eta konpetentzia gehiagoren beharrari» buruzko eztabaida lehen lerroan ezartzeko ordua delako.

«Ibilbide hori Ipar Euskal Herriko aktore guzien artean eztabaidatu, adostu eta irabazi behar dela konbentziturik gira», gaineratu du bere dokumentu horretan EH Baik.

Lehen hitzordua, ostiral honetan Zizpa gaztetxean

Kongresuari begira herriz herri antolaturiko lehen hitzordua heldu den ostiralean, urriaren 7an, arratsaldeko 18.30ean izanen da Baionako Zizpa gaztetxean.

Handik aurrera, erran bezala, 30 bat bilkura eginen dituzte.

Bilkura horietan kongresu prozesuaren aurkezpen orokorra egin ondoren biltzar horri begira landutako txosten politikoa zein antolaketa ereduari buruzko proposamenak zabalduko dituzte.

Duela 15 urte Abertzaleen Batasuna (AB), Eusko Alkartasuna (EA) eta Batasuna alderdien bultzadapean sortu zen EH Bai mugimenduak geroztik egin duen ibilbidea laburbiltzen duen bideoa eskainiko dute kongresuari begira antolaturiko bilera horietan.

AB, EA eta Batasuna alderdiek sorturiko tresna

Gaurko agerraldian Lopepek eta Blainek nabarmendu dutenez, «15 urteko ibilbide oparoari esker eta urte horietan zehar gure hautetsiek eta gure militanteek eramandako lanari esker, egun Ipar Euskal Herriko bigarren indar politiko izatera pasa gira».

Oroitzearren, iragan ekainean izan ziren hauteskunde legegileetan 20.821 boto bildu ondoren ezkerreko lehen indar bezala agertu zen EH Bai hiru lurraldeetan.

Joan zen uztailean Hiriburun eginiko agerraldian EH Baiko kideek aurreratu bezala, Ipar Euskal Herritik gaindi bilkurak antolatuko dituzte «kongresua parte-hartze ahalik eta handiena lortzeko anbizioarekin antolatu delako».

Gauzak horrela, gaurko agerraldiaren bidez balore ezkertiar, abertzale, feminista eta ekologistak bere egiten dituzten herritar guztiei gonbidapena helarazi diete EH Baiko ordezkariek kongresuari begirako eztabaida eta gogoeta prozesuan parte hartzeko.

«Kongresu kide» gisara izena emateko aukera

Ahal den eta herritar gehienengana iristea da xedea. Horrendako, EH Baiko kide izan edo ez kongresura lotzeko aukera zabalik da.

Edonor bertaratu daiteke herriz herri edo eskualde mailan antolaturiko bilkuretara.

Aldiz, botoa emateko asmoa duenak «kongresu kide» gisara izena eman beharko du era berean 20 euroko kuota ordainduz.

Parte-hartzea sustatzeko, EH Baik barneinfo.ehbai.eus plataforma berria plantan ezarriko du hemendik gutxira. Bai EH Baiko kideek baita kongresu kide izateko aukera eginen dutenek plataforma horretan sartzeko eskubidea izanen dute. Bertan atzemanen dituzte, besteak beste, «kongresuko araudia, eztabaidarako dokumentuak eta bilkuren agenda».

EH Baiko bozeramaileek une oro nabarmendu dutenez, «baliabideak biderkatzeko apustua egiten dugu, ahalik eta pertsona gehienek parte hartzeko eta aportazioa egiteko aukera ukan dezaten».