INFO

25. urtebetetzea ospatu eta kongresu bat iragarri du Topaguneak, jauzi bat emateko

Euskararen biziberritze prozesuan beste fase batera pasatu beharra dagoela azpimarratu du Euskaltzaleen Topaguneak. Erabileran jauzi bat ematea helburu, federazioa osatzen duen euskara elkarteen mugimenduak ekarpen garrantzitsua egin dezakeela aipatu dute. Horretarako, kongresua egingo dute 2023an.

Donostiako Aquariumean egin du ekitaldia Euskaltzaleen Topaguneak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskaltzaleen Topagunea eratu zenetik 25 urte bete dira eta urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute ostiral arratsalde honetan Donostiako Aquariumean. Euskara elkarteen mugimenduko kideez gain euskalgintza, erakunde, gizarte eragile, alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkariek parte hartu dute.

Euskararen biziberritze prozesuan beste fase batera pasatu beharra dagoela azpimarratu dute Kike Amonarriz Topaguneko lehendakariak eta Jasone Mendizabal federazioko zuzendariak. Erabileran jauzi bat ematea helburu, Topagunea osatzen duen euskara elkarteen mugimenduak ekarpen garrantzitsua egin dezakeela aipatu dute. Horretarako prestatzeko eta mugimenduak egin beharreko ekarpen nahiz eraldaketaz gogoetatzeko, kongresu bat antolatzen ari dira 2023rako.

Egindako ibilbidearen aitorpenak lekua izan duen arren, aurrera begira jarri da Topagunea urteurren ekitaldian. Datorren urtean egingo duten gogoetaren hainbat elementu aipatu dituzte, mugimenduaren oinarri izan diren ezaugarriak ahaztu gabe.

Bizipenak, etorkizunerako ipar

Topagunearen lehendakari izandako Joxemari Muxika, Karmen Irizar, Elena Laka eta Mikel Irizarrek ere hartu dute hitza. 25 urteotan izandako bizipenak kontatu, eta etorkizunerako mugimenduarentzat ipar izan daitezkeenak aletu dituzte. Topagunearen lehendabiziko lehendakari izan zen Fernando Muniozgurenen senitartekoak ere izan dira Aquariumeko hitzorduan.

Euskal Herriko lurralde ugaritan dago gaur egun Euskaltzaleen Topagunea, eta horren testigantza eman dute Hendaiako Mintzaian, Gasteizko GEU, Iruñeko Txantrea auzoko Euskaldunon Biltoki, Arrasateko AED eta Bilboko Zenbat Gara euskara elkarteetako lagunek. Horrekin batera, euskara elkarteen jardueretan parte hartzen duten kide eta boluntarioen hitzak entzun ahal izan dira.

Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkariak ere euskara elkarteen mugimenduaren ekarpena aitortu du.

Giro onean eta etorkizunera begira ospatu du Topaguneak 25. urteurrena, eta heldu den urtean egingo duen kongresuan parte hartzeko gonbidapena luzatu du.