INFO

Sostengu zabala lortu du Erdiz Bizirik taldeak deituriko manifestazioak

Sostengu zabala lortu du Erdiz Bizirik plataformak hilaren 12rako Elizondon deitu duen manifestazioak. Magnak zabaldu nahi duen meatzeak Baztango lurraren eta bertan lan egiten dutenen kontra doala nabarmendu dute. Bide batez, erabakia herritarrei kentzeko saiakerak salatu dituzte.

Erdiz Bizirik talderaren manifestazioari sostengua adierazteko agerraldia. (ERDIZ BIZIRIK)

Sostengu zabala lortu du Erdiz Bizirik plataformak hilaren 12rako Elizondon deitu duen manifestazioak, ostegunean egin zuten agerraldian nabarmendu zutenez.

«Hemen elkartu garen eragile, elkarte eta banakakoak, lurraren defentsan borrokatzeko prest gauden herritarrak gara. Arras barneratua dugu lurrarekin lotuak gaudela: lurretik jaten dugu, edaten dugu, lurrak bazkatzen ditu gure inguruko animaliak, lurrak marrazten ditu gure paisaiak. Lur honetan idatzia dago gure historia, eta inork ez dezala zalantzarik izan, lur honetan idatziko ditugula gure oraina eta geroa ere bai», adierazi dute.

Mobilizazioarekin bat egin duten eragileak hauek dira: Baztandarren Biltzarra, (h)ilbeltza, Milotxuri, Jo ala jo elkartea, BRT, Zapatillera, Talde Feminista, Baztango gazte asanblada, GKS, Baztango zaporeak, EH Bildu, Sortu, Ernai, Iñarrosi, Plazara dantzara, LAB, Talde ekosoziala, EHNE, Arrantza eta ehiza elkartea eta Berroetako, Zigako, Oronozko, Iruritako, Lekarozko, Elizondoko, Gartzaingo, Arizkungo, Erratzuko, Amiurko eta Azpilkuetako herriak. 

«Erdiz gure historiaren oraina eta etorkizunaren parte da eta izanen da. Hemen bildu gara Erdiz gure bizimodu, kultura eta ekonomiaren ezinbertzeko euskarria delakoz. Magnesitas de Navarrak Erdizen eraiki nahi duen meategiak herri bezala bizirauteko behar ditugun baliabideak suntsituko lituzke, baztandar eta nafar guzien kalterako, eta ez dugu horrelakorik onartuko», gaineratu dute.

«Azkenengo asteetan proiektu hau aitzin ateratzeko aitzakiarekin, Baztanek hainbat eraso pairatu ditu. Multinazionalen mesedetara dauden Gobernuek, proiektu hau Foru Intereseko izendatu eta UGEPa bezala tramitatzeko bidea ireki dute, tokiko instituzioen gainetik pasatu nahian, Baztango Batzar Nagusiak antolatu duen herri galdeketa debekatu dute eta herritarrak ordezkatzeko zilegitasuna aspaldi galdu duen Nafarroako parlamentuak inposizio hau berretsi du», salatu dute.

«Horren aitzinean, Urriaren 12an baztandarrak karrikara aterako gara eta azkeneko 500 urtetan egin dugun bezala, gure lurra, kultura eta bizimodua defendituko ditugu. Gure historia berridatzi nahi duten horiei oroitaraziko diegu Espainiako erreinua existitu baino lehen Erdizen ardiak, behorrak eta Baztango nekazariak zeudela, eta egonen direla Espainiako erreinua desagertu ondotik ere bai», aldarrikatu dute.