INFO

Zazpi greba egun deitu ditu LABek Bizkaiko adinekoen egoitzetan

Aldundiari eta patronalei lan baldintzak parekatzea eta ratio duinak ezartzea exijitzeko, Bizkaiko zaharren egoitzen sektore osorako zazpi greba egun erregistratu ditu LAB sindikatuak, urriaren 26 eta 27rako, azaroaren 17 eta 18rako eta abenduaren 14, 15 eta 16rako.

LABen elkarretaratzea, martxoan izandako Bizkaiko erresidentzietako langileen greban. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Aurreko ikasturteko greben ondoren eta patronalaren eta Aldundiaren «negoziatzeko borondaterik ezaren aurrean», LAB sindikatuak borroka ziklo berri bati ekingo dio. Horrela jakinarazi du gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan. Bertan, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuari eta sektoreko enpresei mezu argia bidali die: «Nazkatuta gaude, zuek adinekoen duintasunarekin eta gure lan baldintzekin negozioa egiteaz».

Izan ere, egoitzen egoera «itogarria» dela eta egungo ratioak «jasanezinak» direla ohartarazi du LABek. «Gure adinekoek logela partekatu behar dute intimitatea galduz, ez zaie eguneroko dutxa ziurtatzen, ez zaie gosaria edo afaria ordu onargarrietan ematen, fardel aldaketetan edo postura aldaketetan berandutzeak izaten dira… Lehen pertsona zinen, orain 15 minutu zara», salatu dute sindikatuko ordezkariek.

Horregatik, martxan jarriko dituen beste ekimen batzuen artean, Bizkaiko egoitzen sektore osorako zazpi greba erregistratu ditu, urriaren 26 eta 27rako, azaroaren 17 eta 18rako eta abenduaren 14, 15 eta 16rako.

Hauek dira eskakizunetako batzuk: «Benetako urratsak, soldatak Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearekin parekatzeko»; %100eko baja osagarria; bajak lehen egunetik ordezkatzea; lan osasunari buruzko neurri errealak (arrisku psikosozialei buruzkoak, besteak beste); egoiliarren eta langileen duintasuna bermatuko duten ratioak ezartzen dituzten neurriak...

«Gure eskubideen borrokaren aldeko gure determinazioa helarazi nahi diogu gizarteari, eta argi utzi nahi dugu Aldundiak eta patronalak benetako negoziazioa ireki arte gure borrokak aurrera jarraituko duela eta areagotu egingo dugula», adierazi du LABek.

Izan ere, greba egun hauekin, sindikatu abertzaleak Bizkaiko egoitzetako langileak aktibatzea, antolatzea eta honetan ekarpena egitea nahi du. Gainera, Bizkaiko Aldundiaren eta patronalaren aurkako presioa eta salaketa areagotu nahi dute eta zaharren egoitzetako zerbitzua publifikatzeko beharra agenda sozialean jartzen laguntzea.

Bestalde, aliantza sindikalei dagokienez, sektore honetako gehiengo sindikalarekin ekintza batasuna bilatzen jarraituko duela nabarmendu du: «Egungo batasun sindikalik eza ez da desiragarria, baina guk ez diogu inolako biderik ixten sektoreko langileen kolektiboa indartsuago bilakatuko duen edozein agertokiri».