INFO

Borrokatutako beste puntu bat Zuazorentzat; Beti Onakek jipoia jaso du A Guardan

Zuazo denboraldiko lehen garaipena lortzetik gertu egon da baina azkenean puntu bat batzeko gogor borrokatu behar izan dute bizkaitarrek Elxen aurka (20-20). Beti Onak talde nafarrak, bestalde, ezin izan du apenas ezer egin Atletico Guardesen etxean (29-19).

Mada Fernandez-Agusti jaurtitzeko prest. (Oskar MATXIN | FOKU)

Puntua gazi gozoa izan daiteke Zuazorentzat ikusita partida serioa jokatu duela Elxen aurka, baina aldi berean gozoa izan daiteke aurkaria bera gogorra izan delako eta azken txanparaino, markagailuan atzetik joan delako. Oso lehia parekatua izan da larunbat arratsaldean Lasesarren jokaturikoa eta horren islada da berdinketa hamaika aldiz islatu dela markagailuan.

Atzetik joan dira bizkaitarrak kasik lehen zati osoan, baita bigarrenaren hasieran ere. Zaira Benitezek gidatu du Alacanteko taldea (bost gol egin ditu) eta lehen zatiaren hondarrean Raquel More agertu da hiru gol jarraian egin eta 8-11ko markagailua jartzeko.

Andrea Zaldua, Mada Fernandez-Agusti eta Nerea Gilen bitartez –azken hau partidako golegile nagusia 6 golekin– partida estutzea lortu du Joseba Rodriguezek gidatutako taldeak. Borrokatzeko kementsu agertu dela, alegia, oraindik garaipenik lortu ez duen arren.

Bigarren zatian ere ez du amorerik eman eta urratsez urrats partidan agintzen jarri da. Aurretik jartzeko lan horretan garrantzitsu izan dira aurretik aipaturiko hiru jokalariak –Zaldua, Fernandez-Agusti eta Gil– eta bi goleko errenta ere erdietsi dute. Bi eraso jarraian huts egin izanak, baina, berdintzera kondenatu die.

Hori gutxi ez eta 50 segundoren faltan, Elxek zuen baloi jabetza. Hala, gogor borrokatu behar izan dute eraso hori baliogabetu eta hamar segundoren faltan beste eraso bat eraikitzeko. Zalduak azken jaurtiketa bat izan du baina giza-hesian jota gelditu du atezainak.

Berdinketa honekin, urrats bat aurrera eman du, nahiko ez baldin bada ere. Bi puntu ditu eta Granollers eta Grafometal La Rioja dauzka atzetik, bakoitza puntu bakarrarekin.

Beti Onaken porrota

Beti Onak talde atarrabiarrak, bestalde, ezer gutxi egin ahal izan du A Guardara egin duen lehen bisitan. 29-19ko markagailuarekin bukatu da partida, hasiera-hasieratik etxekoek menderatu duten lehia, alegia. 15. minuturako, bost goleko aldea ezarri dute galiziarrek eta nafarrek, amore eman ez badute ere, zazpira handitu dute errenta atsedenaldirako.

Aldageletatik bueltan, berean jarraitu du Atletico Guardesek, eraso bakoitza gol batekin bukatzen –Sandra Marques nabarmendu da 9 golekin–, eta ez du arazorik izan garaipena bideratzeko, denboraldiko hirugarrena.

Beti Onakek, bestalde, bere bigarren porrota jaso du baina oraindik ere sailkapenaren goialdean mantentzen da, Atletico Guardesek legez, jada hiru garaipen poltsikoratu baititu.