INFO

Kaiolak zalantzarik ez duela onartzen berretsi dute Aitor Elordi eta Jon Ander Peñak

Mallabiarra 22-16 gailendu zaio «itzalita» aritu den Erik Jakari eta tolosarrak Mikel Urrutikoetxeak baino abiadura bat gehiago jarri dio bere partidari 22-18 irabazteko.

Elordik hasieratik hartu du partidaren ekimena. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

Badirudi tabernetan galdutako lekua frontoietan topatzen ari dela rock and rolla. Dena da abiadura, dena erritmoa, dena mugimendu zuzenak eta doinu horietara moldatzen ez denak ezer gutxi du egiteko gaur egundo lehiaketetan, are gutxiago kaiolan arituta. Zalantzarentzat edo apaingarrientzat betarik ez dago eta ostiralean Villabonan gertatu bezala, aurrera pausoa ematen ausartu ez diren Jaka eta Urrutikoetxea final laurdenetako ligaxkatik at geratu dira Elordi (22-16) eta Peñaren (22-18) aurka merezita galduta. . 

Lehenengo partidan, Aitor Elordik iazkoa ez zela kasualitatez gertatu erakutsi du, Erik Jakari bere sendagaitik emanda, nagusitasunez 16-22 gailenduta. Estiloz, antzeko bi pilotari aritu dira elkarren aurka Zallako pilotaleku urdinean, euren jokoa sakean eta hurrengo errematean, atzera gehiegi begiratu gabe jokatzen duten horietakoak eta esan genezake, joko molde horri fidelagoa izan denak eraman duela final laurdenetarako txartela.

Partida orekatua hasi da, Erik Jakak sakez falta egin duena kenduta, nahikoa tanto piloteatu eta gogorrekin eta binakako berdinketaren ostean, mallabitarrak askoz hobe eman dio buelta hasiera gogor horri. Bizi eta egiten zuen horretan fede handiagoa erakutsiz, sakearekin min izugarria eginez, alde handia eskuratu du bizkaitarrak, 2-10 aurreratuz. Jaka, bere aldetik, ezinean aritu da aurkariaren oldarkortasunaren aurrean, kronistarik onenak nahiko lukeen zehaztasunez definitu du lizartzarrak berak partidaren zati horretako bere jarduna, «itzalita» sumatu dugu eta gipuzkoarra, beldurti antzean eta mugimenduetan eta trakets, gorputzari  bueltarik eman ezinda bezala. Azkenaldi luzean emaitzak ere ez ditu lagun izan eta mentalki blokeatu xamar aritu izana ere onartu du Jakak eta partida galdutzat ikusi arte ez du erreakzionatzerik izan (5-16).

Orduantxe hasi da, sakeari airez erantzuten ausartu denean, Erik Jaka bere onera itzultzen. Inspiratuta dagoenean ezer gutxi behar du Jakak tantoak batzeko, Elordiri ere nekeak erasan dio –38 pilotakadako tanto bat ere izan da 5-11koan– eta partidan berriro sartzeko modua izan du Erik Jakak 20-16 gerturatuta, baina arriskuak hartu behar horretan gantxo batek zabalera ihes egin dio eta hortxe amaitu dira bere aukerak. 

FITXA TEKNIKOA: 

Jaka: 16

Elordi: 22

Pilotakadak: 265. Iraupena: 56 minutu. Markagailua: 1-0, 1-2, 2-2, 2-10, 5-10, 5-16, 8-16, 8-17, 10-17, 10-18, 11-18, 11-20, 16-20, 16-22. Sakeak: 3 (falta 1) Jakak eta 6 Elordik. Egindakoak: 9 Jakak eta 10 Elordik. Galdutakoak: 2 Jakak eta 5 Elordik. Gorabeherak: Sarrera erdi inguru Zallako Mimetiz pilotalekuan. Iraitz Olaetxea izan da Jakaren botileroa eta Jokin Etxaniz Elordirena.

Rockean tarteka baladak ere izaten direnez, bigarren partidan saiatu da Mikel Urrutikoetxea tarteka erritmo pausatuago bat ezartzen piloteoari, tarteka markagailuan ere aldeak izan ditu Zaratamokoak 7-3koa kasu, baina azkenerako Jon Ander Peñaren joko elektrikoa nagusitu da. Aurrekoan bezalako tanto ikaragarri luzerik egon ez den arren, partida piloteatuagoa izan da bigarren hau, hein handi batean, biek errestoan erakutsitako maila bikainari esker, sakez egindako tanto oso gutxi izan direlako. Peña bezalako espezialista handi batek ez dio bakarra ere sartu Urrutikoetxeari, eta bizkaitarrak egindakoak haina izan ditu galdutakoak, bi pasa egin baititu.

Baina horrek ez du esan nahi lehen pilotakadak partidan garrantzirik izan ez duenik, saketik abiatuta presio handia jarri baitio Jon Ander Peñak aurkariari aurrera pauso bat emanda. Frontisetik gertu jokatzen saiatu da tolosarra eta kaiolan udan dezente jokatuta heldu dela igarri zaio, partida borobila jokatuta. Saiatu da Urrutikoetxea, boleaz eta oinetara jokatzen, gipuzkoarra enredatzen, baina Peñak bikain zabaldu ditu pilotak behetik. Gantxo bikain batzuk eta dejada zoragarri bat batu baditu ere, Zaratamokoak txispa apur bat galdu du erremateetan eta gaur egungo jokoak beste oldarkortasun bat eskatzen du.

Hori bai, erditik aurrera partida oso maldan gora jarri bazaio ere, 10-15 eta 12-19 aurreratu da Peña, lehiakor agertu da partida osoan zehar, tolosarrak 20-15 zirela zabalean aukerako pilota bat galdu ostean susto handi xamar bat emateraino.

FITXA TEKNIKOA: 

Urrutikoetxea: 18

Peña II.a: 22

Pilotakadak: 309. Iraupena: 62 minutu. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-2, 4-2, 4-3, 7-3, 7-8, 10-8, 10-15, 12-15, 12-19, 15-19, 15-20, 18-20, 18-22. Sakeak: 2 (2 falta) Urrutikoetxeak eta 0 Peñak. Egindakoak: 10 Urrutikoetxeak eta 14 Peñak. Galdutakoak: 5 Urrutikoetxeak eta 5 Peñak. Galdutakoak: 5 Urrutikoetxeak eta 5 Peñak. Lau eta erdiko marraz atzera: 1 Peñak. Gorabeherak: Sarrera erdi inguru Zallako Mimetiz pilotalekuan. Andoni Aretxabaleta izan da Urrutikoetxearen botileroa eta Eneko Labaka Peñarena.