INFO

Abiadura kaiolan ere baliagarri izan dakiokeela ikasi du Dariok Lekunberrin

Errioxarraren garaipenarekin, final laurdenetako ligaxkan Aspeko sei pilotari eta Baikoko bi baino ez dira izango, Peña II.a eta Unai Laso.

Darioren abiadurak Asier Agirre harrapatu du. (Iñigo URIZ / FOKU)

Airez erosoegi moldatzen ez den pilotaria izaki, zalantzaz josia ekin dio Dario Gomezek kaiolako lehen mailako bere lehen partidari Lekunberrin. Hankak dardarka izan dituela ere aitortu du Ezcaraigoak partida amaieran, baina une zail horietan bere baliabideei etekina ateratzen jakin izan du eta Jaian Jai bezalako pilotaleku bizi batean pilotari sekulako abiadura emanaz, Asier Agirre kanporatu eta final laurdenetako ligaxkan arituko da lehen aldiz. Emaitza honekin final laurdenetako ligaxka erabakita geratu da eta nabarmentzekoa da zortzi pilotarietatik sei Aspekoak izango direla, Baikokoak bi baino izango ez diren bitartean, Urrutikoetxea kanporatu zuen Peña II.a eta Unai Laso, iazko azpi txapelduna.

Pilotarien ezaugarriak ere aurreko hiru egunetakoen desberdinak izanda, Lekunberriko partidak beste garapen bat izan du, aireko jokoak garrantzia txikiagoa izan du eta sakeak berebiziko garrantzia izan du. Lehen tantoak ikaragarri azkarrak izan dira, lehen pilotakadarekin min dezentekoa egin baitiote elkarri. Hala ere, jokoan horrenbeste izanda, bi pilotariek ere akatsak batu dituzte, horrenbeste arriskatuta –sake batzuetan bi paretak jota atera du– bi falta ere egin ditu errioxarrak –Agirrek egindako falta bat ontzat eman dute epaileek– eta lehen zati hori borrokatua izan da oso.

Une batean erabaki

Lehen atsedenaldira arte ere Arrotxapeako aurrelariak partidan sartuta heltzea lortu du (10-12), nahiz eta ordurako nabaria zen Aspekoak beste gatz bat sartzen ziola pilotari. Ordura arteko oreka hori, ordea, instant batean hautsi da. Dario bere kirioak baretzeko gai izan da eta, batez ere sakearekin asko asmatuta, partida erabat bere aldera eraman du 0-6ko partzial batekin.

Arerioaren abiadurak harrapatuta, Asier Agirrek ez du bere jokoa egiteko modurik topatu eta, defentsa handiko pilotaria izanda ere, ezer gutxi egin ahal izan du, atarikoan horren itxura ona eman eta gero.

FITXA TEKNIKOA:

Asier Agirre: 14

Dario: 22

Pilotakadak: 232. Iraupena: 48,22 minutu. Markagailua: 0-1, 4-1, 4-4, 6-4, 6-8,7-8, 7-11, 10-11, 10-12, 11-12, 11-18, 12-18, 12-19, 14-19, 14-22. Sakeak: 3 (falta 1) Asier Agirrek eta 7 (2 falta) Dariok. Egindakoak: 7 Asier Agirrek eta 10 Dariok. Galdutakoak: 4 Asier Agirrek eta 2 Dariok. Gorabeharak: Bete egin zen Lekunberriko Jaian Jai pilotalekua. Jose Antonio Agirrek egin zituen botilero lanak bere seme Asierrekin eta Asier Gomez izan zen anaia Dariorena.