Kubaren aurkako 60 urteko blokeoa arbuiatu dute Bilbon
«60 urte Blokeoan. 30 zigor Nazio Batuetan. Kuba Bai. Blokeorik Ez!» lelopean hainbat elkarte, alderdi politiko eta sindikatuk deituta Estatu Batuek Kubaren aurka ezarritako blokeo ekonomikoaren aurka agertu dira igande honetan Bilbon.
Kubaren aurkako blokeo ekonomikoaren 60 urte betetzen direnean, hainbat elkarte eta eragilek deituta Karibeko herrialdearekiko ekintza solidarioa egin dute igande honetan Bilbon. Bikoitza izan da, itsasadarretik ontzi batean ibili baitira eta udaletxearen aurrean kontzentrazioa egin baitute.
Jardunaldia Euskal Herriko emigrazio kubatarraren elkarteek bultzatu dute, AEBek Kubari egiten dioten blokeo ekonomiko, finantzario eta komertziala salatzeko. Izan ere, blokeoak 60 urte beteko ditu aurten eta, datorren azaroan, 30. aldiz salatuko dute Nazio Batuen Batzar Nagusian.
Itsasontzi bidezko ibilaldia nahiz manifestazioa Orlis Pineda musikariaren zuzenekoak girotu ditu. Kubako Emigrazio Patriotikoko hainbat elkartetako zenbait kubatarrek bat egin dute deialdiarekin.
Bide batez, Euskadi-Cuba irlarekiko adiskidetasun eta elkartasunerako euskal elkarteak ohar baten bitartez oroitarazi duenez, igande honetan Che Guevararen hilketaren urteurrena ere bada. «Kubako herriarentzat oso garrantzitsua den data historikoa», protesta antolatu duen eragile nagusiaren esanetan.
Bilboko EH Bilduk ere Kubako herritarrekiko elkartasuna adierazi du eta ekintzetan parte hartu du. Twitterren bidez manifestazio «kementsu eta bizi» baten berri eman dute.
Elkartasun erakustaldia #Kuba eta bere herriarekin Bilboko udaletxearen aurrean, “Kuba Bai, Blokeorik Ez” ohikatzeko. Euskal Herriko sindikatu guztiak, kubatar emigrazioa, alderdiak eta gizarte taldeak #Kubako herriarekin. “Biden, Entzun Mundua: #UnblockCuba” pic.twitter.com/2Oy5QxC9G5
— euskadicuba (@euskadicuba) October 9, 2022
Bi eguneko egitaraua
Atzo Estatu espainiarrean bizi diren kubatarren VI. Topaketaren eztabaida saioak egin ziren Bilbon ere bai. Euskadi-Cuba elkartetik zehaztu dutenez, atzoko hitzorduan Kubak Espainian duen enbaxadako kontseilari ekonomiko eta komertzialak, Rene Capotek, hitzaldi bat eman zuen emigrazioak Kubako inbertsio ekonomikoan duen parte-hartzeari buruz, eta herrialdea babesteko ildo estrategiko horri buruz planteatutako hainbat galderari erantzun zien.
Bestalde, Marcelino Medina Gonzalez enbaxadoreak eskainitako bukaerako hitzaldian, eskerrak eman zituen Kubako elkarteen paper ausartagatik, herrialdearentzat «aparteko larritasuna» zegoen uneetan, egoera ekonomiko zailagatik, zigorren eta blokeoaren nahasketagatik, pandemiagatik eta azken Ian urakana bezalako fenomeno naturalengatik.