Donostiarraren helegitea ezeztatu egin du diziplina epaileak; Busturialdeak mailari eutsiko dio
Donostiarra B taldeak hiru estropadetan, horietako bat igoera fasekoa, eskifaiaren osaketa okerra egin izana salatu zuten Camargo, Busturialdea eta Mutrikuk. Diziplina epaileak txapelketa epailearen erabakia berretsi du. Busturialdeak mailari eusten dio eta Mutrikurentzat Colindreseko bandera.
Donostiarra klubeko bigarren traineruak bi estropadetan eskifaiaren osaketa okerra egin izana berretsi du Kantauriko Arraun Elkarteko (KAE) diziplina batzordeak. Hala, txapelketa epaileak ebatsi legez, Busturialdea KAE1 ligan mantenduko da eta Colindreseko Bandera, ligarako puntuagarria ez zena, Mutrikurentzat izango da.
Diziplina epaileak ondorioztatzen du Donostiarra B traineruak modu okerrean osatu zuela arraunlarien zerrenda Santoña eta Castroko estropadetan, ligarako puntuagarriak zirenak, baita Colindreskoan ere, igoera faseko lehendabiziko jardunaldian. Hala, Gipuzkoa hiriburuko traineruak bosgarren amaituko luke txapelketa erregularra, Lapurdi lehena izanik, Hibaika bigarrena eta Mutriku, hirugarrena.
«KAEren Diziplina Araudiaren 16. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, Kaiarriba AE erakundea KAEren sailkapenean puntuak eta postuak galtzearekin zigortzea erabaki da (eta, ondorioz, sariak galtzea), Ander Balda Berra jaunak KAEko estropadetan parte hartzeagatik», jasotzen du ebazpenak.
«Arau-hauste oso larritzat» jo du epaileak, araudiaren 12.o) artikuluan jasotzen denari jarraiki. Hala, «diziplina araudiaren 21. artikuluarekin bat etorriz, estropaden emaitzak aldatzea erabaki da eta ondorioz, baita liga erregularraren eta play-offaren sailkapena ere».
Camargo, Busturialdea eta Mutrikuk jarritako salaketaren ondotik dator erabakia, igoera fasean Donostiarrarekin batera lehiatu ziren hiru klubak, alegia. Izan ere, hauen ustez, Ander Balda arraunlariak ezingo luke parte hartu KAE txapelketetan, ez baitzegoen izen emanda hamaikako bikoitzeko arraunlari gisa. Bestalde, KAE txapelketako probetan lehiatu ezin zuten 20 arraunlarien zerrendan ere ez zegoen, zerrenda hau osatu osteko fitxaketa izan baitzen berea. Azken argudio hau erabili nahi izan du Kaiarribak eta «fede txarrez» jokatu ez izana adierazi du.
«Aipatutako estropadetan emaitzen deuseztasuna aplikatzearen arrazoia da estropada horiek 2022ko abuztuaren 5a baino geroago egiten direla, eta une horretan arraunlaria klub bereko bi trainerutan izen-emanda dago, lehiaketa desberdinetan –eta horrek, lehiaketako epaile bakarrak ebatzitakoaren arabera, bi lehiaketetan sailkatu nahi izanez gero, prozedura arautu bat eta horren inguruko ebazpen bat betetzea eskatzen du–. Horregatik, Ander Balda lehiaketak klubaren deskalifikazioa dakar, esfikaia behar bezala ez osatzeagatik», azaltzen du ebazpenak.
Era berean, epaile bakarrak adierazi du ebazpen hau elkartearen barruan amaitzen dela, diziplina-alorrean, eta zuzentasun-arbitrajean helegitea jarri daitekeela, KAEren Diziplina Araudiaren 42. artikuluaren arabera, gehienez ere hiru egun balioduneko epean, ebazpen hau jakinarazten den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.