INFO

Malaga eta Puerto Sagunto, Bidasoa eta Anaitasunaren aurkari «arriskutsuak» Kopan

Azaroaren 9an jokatuko da kanporaketa, partida bakarrera eta maila baxuagoan dagoen taldearen pistan. Zilarrezko Ohorezko Mailako B multzoan ari dira euskaldunen bi aurkariak: Puerto Sagunto liderra da eta Malaga hirugarrena, puntu bakarrera.

Bidasoa Irun eta Helvetia Anaitasunaren arteko Ligako derbi bat. (Gorka RUBIO | FOKU)

Eskubaloiko Kopako bigarren kanporaketako partiden zozketa egin da ostegun honetan. Asobal Ligan ari diren bi euskal taldeek debuta egingo dute bertan, datorren azaroaren 9an partida bakarrera jokatuko den neurketan. Biek kanpoan jokatuko dute, maila baxuagoan jokatzen ari den pistan hain zuzen ere, araudiak halak baitio. Bidasoa Irunek Trops Malaga izango du aurkari eta Helvetia Anaitasunak, Fertiberia Puerto Sagunto.

Denboraldi honetan, Kopa neurketa bakarreko formatua izango du Fase Nagusira bitartean, Santanderren ospatuko dena maiatzaren 5 eta 7 bitartean. Egungo txapelduna, Barça, eta klub antolatzailea, Blendio Sinfin, sailkatuta daude jada. Fase horren aurretik hiru kanporaketa jokatzen ari dira: lehena, Zilarrezko Ohorezko Mailako taldeen artean; ostegun honetan zozketatu den bigarrena alegia; eta 12 garaileen artean, hirugarrena, martxoaren 15ean.

Biek ala biek aurkari gogorrak izango dituzte aurrean. Andaluziarrak Zilarrezko Ohorezko Mailako B multzoko liderrak dira momentu honetan. Hiru partida jokatuta, bost puntu lortu dituzte, baina oso gertu dute Puerto Sagunto, hirugarren puntu bat gutxiagorekin.

Bidasoa iruneko entrenatzaile Jacobo Cuetararen ustez, «aurkari guztiak ziren zailak neurketa bakarrera, eta Trops bere multzoko goiko aldean egongo dela dirudi. Asobalen jokatzea zer den badakiten jokalariak ditu, ezagunena guretzat, Agustin Vidal. Esperientzia puntu hori badute eta ilusioz gainezka egingo diote. Gu, geurera joan beharko dugu, ahalik eta lehiakorrenak izatera eta neurketa ona egitera».

Kanporaketa jokatu aurretik, ordea, beste hitzordu garrantzitsuak ditu Bidasoak: hilaren 22an (21.00etan) Logroñoren aurka Ligan eta 25ean EHF European Leagueko multzo faseko lehen partida Aguas Santas Milanesaren aurka Artalekun (20.45etan). Hori bai, hamaika jokalari gabe prestatu beharko ditu norgehiagokak nazioarteko hitzorduak direla-eta.

Kopari dagokionez, Bidasoak hamargarrenez jarraian jokatuko du txapelketa, bere historian 36. aldiz. Momentuz birritan irabazi du txapelketa: Alziran 1991ean eta Leonen, 1996ean.

Trops Malagaren aurkako kanporaketa irundarrek Malagako talde baten aurka jokatuko duten bigarrena izango da, Puleva Malaga mendean hartu ostean 1988/1989 denboraldian (26na joanekoan; 23-21 Artalekun). Urte batzuk lehenago, 1983an, gipuzkoarrek Kopako euren lehen finala Malagan jokatu zuten, Fase Nagusian Michelin Valladolid eta Cajamadrid garaitu ostean.

Anaitasuna ez da fidatzen

Helvetia Anaitasunak beste ezagun bat izango du ere aurkariaren taldean: Aitor Albizu. Quique Dominguez talde nafarraren entrenatzaileak azpimarratu duenez, faktore honek «beste eragingarri extra» bat emango dio Kopako kanporaketari. Izan ere, jokalariak «guk nola jokatu eta entrenatzen dugun eta zer nolako berezitasunak ditugun transmitituko die» bere taldekide zein entrenatzaileari.

Baina Anaitasunako entrenatzaileak beste faktore batzuk ikusten ditu kanporaketa «arriskutsua» ikusteko: «Dudarik gabe, Zilarrezko Ohorezko Mailan indartsuena, potenteena eta plantila onenetarikoa duen taldea da. Asobal Ligara itzultzeko helburua argia duela esango nuke. Aurkari arriskutsua da, are gehiago Kopako kanporaketa partida bakarrera eta bere pistan jokatzen denean. Horrek asko berdintzen du teorian, kategoria edo plantilaren diferentziagatik, guk izan beharko genukeen nagusitasuna. Bere pistan jokatuta, kasu honetan, abantaila ematen die beraiei».