INFO

Energia berriztagarrien arloan eredu izan nahi du Usurbilgo Lanbide Eskolak

Usurbilgo Lanbide Eskolak ia bi hamarkada daramatza energia berriztagarrien gaineko lanketa egiten. 2020. urtetik Energia Berriztagarriak izeneko Goi Mailako Zikloa dute, EAEn lehenak izan ziren eta euskaraz bakarrik eskaintzen dute.

Enegur eraikina da energia berriztagarriei buruz ikasi eta praktikatzeko aurrera eraman dituzten proiektuen artean nagusia. 2018an Sustainable Education saria jaso zuen. (NAIZ)

Energia trantsizioa da munduak egun duen erronka handienetako bat. Energia beste modu batean ekoizteko beharra agerikoa da, baita jarraitu beharreko norabidea iturri berriztagarriena dela ere. Egoera aztertu ondoren, Energia Berriztagarriak Goi Zikloa martxan jarri zuten Usurbilgo Lanbide Eskolan duela bi urte, baina aurretik ibilbide oparoa egina dute arlo horretan.

Energia berriztagarriei buruz ikasi eta praktikatzeko aurrera eraman dituzten proiektuen artean nagusia Enegur eraikina da, 2018an Sustainable Education saria jaso zuena. Energia arloan eta eraikin adimentsuen automatizazio eta kontrolean Euskal Autonomia Erkidegoan erreferente izateko bokazioa zutelako ekin zioten 2015an hura eraikitzeari. Etxe pasibo edo eraginkortasun energetiko handiko estandarren irizpideei jarraituz diseinatu zuten: ondo isolatua, infiltrazioak ahalik eta gehien txikituz, eta aireztatze mekanikoarekin hornituz. Horrez gain, energia berriztagarrien azpiegiturekin hornituta dago; hau da, instalazio fotovoltaikoa, eolikoa, eguzki-energia termikoa, aerotermia... ditu.

Egitura prefabrikatu bat da, laborategi eta erakusgarri gisa baliatzen dutena. Batetik, xede didaktikoa du, ikasleen trebakuntzarako erabiltzen dute; bestetik, enpresen garapenerako eta ikastetxearen eta beste hainbat eragileren arteko elkarlana gauzatzeko ere erabiltzen dute. Irtenbide eraginkorrak probatzen dituzte bertan, enpresentzako alor teknikoko irtenbideak garatuz, Tkgune Energia programaren barruan.

Etengabe garatzen doan proiektua da. Ordutik, Enegur elikatzeko mikrosare elektriko bat eratu zuten energia tokian toki sortu eta kudeatzeko. «Kanpoko energia elektrikoa jausiko balitz, parte horrek martxan jarraituko luke plaka eta eolikoak dituelako, baita energia gordetzeko bateriak ere, berun azidoko normalak eta litio-ioizkoak», argitu du ikastetxeko zuzendariorde Oier Aranzabalek. «Eredu bat osatu nahi dugu enpresek, beste eskolek eta herriek erreferentzia moduan izan dezaketena». Horren oinarria honakoa da: lokalki energia berriztagarria sortu, «gehienbat fotovoltaikoarekin, baina mini eolikoarekin ere bai batzuetan», eta energia hori ondo kudeatu.

Smart Mobility egitasmoa

Energiaren kudeaketa hori Smart Mobility izeneko egitasmoaren baitan eraman dute aurrera, auto elektrikoei bideratuta. Karga-puntu desberdinak probatu dituzte, batzuk, gainera, «energia berde»arekin hornituak, eta autoak, patineteak eta bizikletak modurik eraginkorrenean kargatzeko nola erabili aztertu dute. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du.

Aranzabalek eskolako berrikuntza-zuzendaritza darama eta bere helburua berrikuntza gerturatzea eta egitea da, teknologia berritzaileenak eskolaren eta irakasleen eskura jarriz, adibidez. Horretarako askotariko erakundeek egiten dituzten deialdietan parte hartzen dute.

Horrez gain, Usurbilen dituzten sei eraikinetako bakoitzean «isla energetiko bana» eratu nahi dute; horrela, autonomia izango dute energia berriztagarria sortzeko, kudeatzeko, sarearekin nahiz beste eraikin batekin trukatzeko, kontsumitzeko, baterietan gordetzeko edo auto elektrikoen karga-puntuetara bideratzeko.

Era berean, oraingoz ideia besterik ez bada ere, Oier Aranzabalek azaldu du buruan dutela ahal den neurrian gasa kendu eta eraikinak berotzeko eta hozteko bero-ponpak jartzea. «Enegur eraikinean bere garaian egin genuen bezala, filosofia hori zabaldu nahi dugu beste eraikin guztietara. Uste dugu horrekin eredu bat sortuko genukeela gasaren erabilpenetik bereizteko eta Euskal Herriko beste ikastetxeei erakusteko». Izan ere, Usurbilgo Lanbide Eskola euskal Lanbide Heziketaren Energia nodoaren liderra baita. Tknikak sei nodotan koordinatzen du ikastetxe sarea eta xede dute, besteak beste, prospektiba egitea, energia arloan dauden erronkak atzeman eta horiei nola heldu aztertzea, ezagutza gainerakoekin partekatzeko.

Zereginak ez zaizkie falta. Esku artean dutenetako bat energia eoliko tailer bat atontzea da. Bertan, bai instalazioen bidez bai errealitate birtual eta areagotuko softwarearen bidez alor horren inguruko guztian irakatsi ahal izango dute. Ikasgela bat sortu dute teknologia horrekin eta hori hobetzeko lanean ari dira, ikastetxearen egitasmoetan erabili ahal izateko.

Berrikuntza landuz, ikasi eta garatu

Energia Berriztagarrien Goi Zikloa abiatu zutenetik, Usurbilgo Lanbide Eskolak arlo horretan dituen proiektuak izugarri ugaritu dira, aurretik zituztenak osatu eta handitu egin baitituzte azken bi urteetan.

«Erronka» izena dute ikasketa prozesuan ikasleek behar dituzten proiektuek. Guztira, zazpi dira bi urtetan burutu beharrekoak. Mikel Arza Goi Zikloko irakasleak azaldu du nola erabakitzen duten zer gauzatu. «Aztertu egiten dugu zein gaitasun landu nahi ditugun gure ikasleekin eta horiek definitu ondoren, diseinatu egiten dugu erronka. Gaitasun horiek bai teknikoak bai zeharkakoak izan daitezke. Gure zikloan energia fotovoltaiko autonomoa, berokuntza eta hozteari dagokionez etxe efiziente bat nola egin, eraldaketa zentroak, zentral hidraulikoak, eolikoa... lantzen ditugu».

Horiek guztiak eginez eta bertatik bertara ikasteko bide bat dira, egiaz teknologia horiek nola funtzionatzen duten ikusteko aukera bat; eta aldi berean, bestelako trebetasun batzuk lantzekoa. Ildo horretatik, energia berriztagarriei buruzko proiektu bat egin zuten Europako zazpi ikastetxerekin lankidetzan eta energia berriztagarrien teknologiak erakusteko ereduak garatu zituzten, zeharkako gaitasunak ere gehituz –talde lanari edo egitasmoak burutzeari lotutakoak, besteak beste–.

Metodologia hori ez diete ikasleei mugatzen. Irakasleek ere enpresekin elkarlanean berrikuntza proiektuak garatzen dituzte Tkgune programaren barruan. Xedea bi norabideko jakintza transferentzia ahalbidetzea da. Hala, irakasleek dituzten eguneratze zientifiko teknologikorako premiak asetzen dituzte, eta, aldi berean, berrikuntza sustatu bai enpresa txiki eta ertainetan bai ikastetxean bertan.

Usurbilgo Lanbide Eskolako zuzendariorde eta berrikuntza arduradun Oier Aranzabalek honakoa azpimarratu du: «Enpresa bat oso ona izan daiteke bere arloan, baina agian ez du ideia handirik energiaren arlo desberdinei buruz edo fabrikazioaz. Gu saiatzen gara zerbitzu teknologiko bat ematen enpresa horri gure irakasleriaren bidez. Bide horretan, berrikuntza ematen diogu enpresari eta irakasleek asko ikasten dute hori garatzen. Eta, azkenean, ikasitakoa ikasleengana iristen da».