INFO

Tafallan barrena ospatu dute milaka euskaltzalek aurtengo Nafarroa Oinez

Milaka lagunek erantzun diote Garces de los Fayos ikastolaren deiari. Laugarrengoz antolatu dute Nafarroa Oinez Tafallan, aurtengoa ‘Erdian Erein’ leloarekin. Sabela pozteko taloak eta, bereziki, musikak hartu dute protagonismoa ikastolen aldeko jaian. Lekukoa Etxarri Aranazko Andra Marik hartu du.

Milaka pertsona hurbildu dira aurtengo ekitaldiaz gozatzera. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Garagardoa edan eta euskaraz mintzatu». Horrela sinplifikatu du Irunek igande honetako plana. Kuadrillarekin etorri da Tafallara Iruñetik, Garces de los Fayos ikastolak antolatu duen Nafarroa Oinezera. Eguraldia lagun eta ‘Erdian Erein’ leloa hartuta, laugarrengoz antolatu dute ikastolen jai erraldoia Tafallan, eta bi kilometrok eta lau gunek osatzen duten ibilbideak euskaltzaleak jasotzeko prest zeuden goizeko lehen orduetatik.

Aurtengo leloari jarraiki, Sustrai, Hazi, Zuhaitz eta Kimu guneak prestatu dituzte, baina azken bi horiek izan dira gazteen epizentroa. Bertan musika izan da protagonista eta eta talde andana pasa da bertatik, hala nola Patxi eta Konpania, The Trikiteens, Go!azen, Xutik, La Mala Pekora, DJ Bull, Skabidean, Rotten XIII eta Trikidantz. «Ez gara Kimu gunetik ia aterako, bokata ekarri dugu eta guzti», diote Zelai, Ekiñe eta Iunek, «ikastolak laguntzeko eta euskara bultzatzeko» jai honen garrantzia azpimarratu dutenak.

Denbora gutxi falta izan da festarako bideari ekiteko, Tafallan zehar hedatzen ziren luxuzko konbite eta orkestra askoren fusioaren erdian. Txistorra edo xingarra ahoratzeko gogoz, taloak erosteko ilara dirua trukatzeko ilararekiko proportzionala zen; odisea bat, jendearen joan-etorri etengabea kontuan hartuta.

Eguzki epelaren printzak lagun zituela heldu dira euskaltzale gehienak, eta izozki bat hartuta itzalpean eseri dira hamaika lagun, 25 graduak aise gainditu baitira Tafallan. Beroak, ordea, ez du eragotzi ‘Erronka’ martxan jartzea, Oinezen aurtengo apustua. Nafarroako ikastola guztietako taldeak lehiatu dira kirol eta trebetasun probetan, eta gune guztietan zehar garatu dira.

This browser does not support the video element.

Izan ere, ikastolen aldeko jai egun honetan, hamaika jarduera antolatu dira publiko guztientzat, etxeko txikienengan pentsatuz batez ere Sustrai eta Hazi guneetan. Herri kirola, konfeti, txalaparta, globo festa edo eskala-eremuek haurren eguna girotu dute lehenengoan; bigarrenean, berriz, ingurumen eta pintura tailerrak, eta Kiki Moko eta Koko, Txutxin Ibañez eta Garibaldi Band, Ache Pa ti, Julivert eta Euskal Herriko bazter ia guztietara iritsi den DJ Bullen kontzertuek blaitu dute giroa.

Denetariko postuek jendearen arreta piztu dute, baita tonbolak ere. «Sari gehiegi» irabazi ditu bertan Mikelek. Poltsa astunan gode ditu guztiak eta sorbaldan zeraman, hura «ezkutatzeko» txoko bat bilatzen zuen bitartean. Kimu ondoko parking erraldoian aparkatu du, eta bertan bederatzitan elkartzekotan geratu da seme-alabekin. «Hor dira gehien gustatzen zaizkigun kontzertuak», diote, bestalde, Ekaitz eta Eiderrek. Aurrean gazteak, eta atzean txikia garraiatzeko aulkitxoen topalekua.

«Ilusioa berritzeko» lana

Goiz hasi dira autobusak bata bestearen atzean aparkaleku egokituetara iristen, erdialdean Nafarroa Oinez gogotsu hartu dutelaren seinale. Garces de los Fayos ikastolak 52 urte bete ditu aurten, eta ‘Erdian Erein’ lelopean antolatu du aurtengo Nafarroa Oinez. Aritz Azcarate ikastolako lehendakariak azken urtean egindako lana «gogorra» izan dela esan du, baina, aldi berean «zirraragarria eta dibertigarria», «ilusioa berritzeko» balio izan duena. Espazio berriak behar ditu kastolak, eta. zentzu horretan, Nafarroa Oinez festatik aterako dituzten irabaziak helburu horretara bideratuko dituzte.

Ikastolako patioan egin dute hasiera ekitaldia, agintari, kultura, gizarte eta erakundeetako ordezkaritzaren presentziarekin. Horien artean, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria, Jose Mari Aierdi Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko kontseilari eta presidenteordea, Unai Uhalde Parlamentuko presidentea, baita alderdi guztietako ordezkariak ere, hala nola Laura Aznal, Bakartxo Ruiz eta Joseba Asiron (EH Bildu), Uxue Barkos eta Maria Solana (Geroa Bai), Iñaki Iriarte eta Marta Alvarez (UPN) eta Inma Jurio (PSN).

Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen elkarteko lehendakaria adierazi duenez, Tafalla eta bere ingurua nekazaritzari lotutako lurrak dira, eta baserria euskaldun anitzen etxea den bezala, ikastola ere da, «herritarrei irekita dagoelako».

Ildo horretan, gurasoak eta profesionalak elkarrekin proiektu pedagogiko propioak erein dituztela gogoratu du, «Nafarroa euskaldunago bat eta hobeki hezitako bat nahi dugula ahaztu gabe». Garces de los Fayosen lanari esker, gaineratu du, «euskarak Tafallan duen presentzia irmoki sustraitu da». Hala ere, «indarrean dagoen euskarari buruzko legeak ez du biderik ematen hizkuntza eskubideak bete daitezen», salatu du, «ez baitio euskarari ofizialtasunik aitortzen herrialde osoan». Horregatik, hizkuntza eskubideak betetzea eskatu du Zabaletak.

«Nafarroako ikastolen mugimendua oztopoak saihestera ohitu da, zailtasunak izan ditu mende erdi baino gehiagoko historian, baina euskara ohituta dago korrontearen kontra egitera eta hortik indartsu ateratzera. Ordezkatzen dugun babes instituzionaletik, gure hizkuntzaren inguruko akordio sozial eta politikoa zabaltzen joan gara», azaldu du Aierdi Nafarroako presidenteordeak.

Etxarri Aranazko Andra Marik hartu du lekukoa

Kulturgunean, Oinez-en edizio berriaren bideoklipaz gozatzeaz gain, Nafarroako Ikastolen Federazioak Iparla Elkartea omendu du, protokolorako luntxa prestatuz Oinez jaiari egindako ekarpenagatik. «1979. urtean sortu zen Iparla, eta bazkideen artean ikastoletako gurasoak ziren, guk segitu dugu lana», nabarmendu du Iparla elkartetik.

Sury Belloso ikastolako ikasle ohiak dantzarekin gozarazi du publikoa, Tafallako txistularien alardeak lagunduta. Bukatzeko, Garces de los Fayos Ikastolak Nafarroako Ikastolen Federazioari pasatuko dio lekukoa, eta honek, berriz, Gotzon Pérezi eta Iñigo Orellari, hurrenez hurren, Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolako lehendakariari eta zuzendariari, honak antolatuko baitu hurrengo Nafarroa Oinez. «2023ko urriaren 15ean Sakanan gurekin batera gure hizkuntza eta hezkuntza aldarrikatzera gonbidatzen zaituztegu», helarazi dute.