INFO

Bera Berak asteartean ezagutuko du European Leagueko hirugarren kanporaketako aurkaria

Zozketa 11.00etan hasiko da Vienan. Kanporaketa bi partidetan erabakiko da eta 12 irabazleak multzo fasera sailkatuko dira dagoeneko bertan dauden Ikast Håndbold, DVSC Schaeffler, Paris 92 eta Molde Eliterekin batera.

Bera Berako jokalariek adi jarraituko dute astearte honetako zozketa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Super Amara Bera Berak egun berezia izango du astearte honetan. 11.00etatik aurrera, jokalari zein zuzendariak adi egongo dira Vienan egingo den zozketari begira. Izan ere, EHF European Leagueko hirugarren kanporaketako aurkaria ezagutuko du talde gipuzkoarrak. Bigarren ontzian egongo dira beste 11 talderekin batera, eta lehen multzoko talde bat izango dute aurkari abenduaren 3 edo 4ean (joanekoa) eta abenduaren 10 edo 11n (itzulekoa) jokatuko den kanporaketan. Zozketa esteka honetan jarraitu ahal izango da.

Aurreko asteburuan azken zortzi taldek lortu zuten zozketarako sailkapena, bigharren kanporaketa jokatu ostean. Hurrengo kanporaketa honetan jokatuko diren 12 partidetako irabazleak 2022-2023ko EHF European Leagueko multzo fasera sailkatuko dira. Biharko zozketan ez dira egongo dagoeneko sailkatuta dauden Ikast Håndbold, DVSC Schaeffler, Paris 92 eta Molde Elite.

Gauzak hala, Bera Berak 12 talde hauetatik bat izango du aurkari: Kroaziako HC Podravka Vegeta, Danimarkako Viborg HK, Estatu frantseko ES Besancon Feminin edo Neptunes de Nantes, Alemaniako Buxtehuder SV edo BV Borussia 09 Dortmund, Hungariako Motherson Mosonmagyarovari KC edo Praktiker-Vac, Norvegiako Sola HK, Errumaniako CS Magura Cisnadie edo SCM Ramnicu Valcea, edo Suediako IK Sävehof.

Erreferentziazko jokalarien artean, Carmen Martin eta Johanna Bundsen atezaina, besteak beste, Suediako Sävehof taldean; Alina Grijseels alemaniarra, Borussian; Suediako, Nathalie Hagman, Anna Lagerquist eta Strömberg, Nantesen; Maguran Guarieiro, Podravkako Kalaus ahizpak eta iazko Valcearen aurkako kanporaketako Glibko, Klikovac, Roch, Elghaoui, Hosu edo Bucur ezagunak.

Etxeberria, Arcos, Arrojeria eta Aalla, Europako txapelketara

Bestalde, Espainiako Eskubaloi Federazioak Jose Ignacio Prades hautatzaileak azaroaren 4tik 20ra Esloveniako, Montenegroko eta Ipar Mazedoniako Europako Txapelketan parte hartzeko aukeratutako 18 jokalarien zerrenda ezagutzera eman du. Bertan dira Super Amara Bera Berako Maitane Etxeberria, Paula Arcos, Esther Arrojeria eta Maddi Aalla daude.

Espainiako selekzioa astelehenean Torreviejan elkartuko da eta azaroaren 28tik 30era bitartean, Tunisia, Egipto eta Suitzako selekzioekin TIEa jokatuko du. Europako Txapelketan debuta egingo dute antolatzaileetariko baten aurka, Montenegroren aurka, azaroaren 5ean, 7an Alemania izango dute aurkari eta 9an Polonia, guztiak Podgorican.