INFO

This browser does not support the video element.

Buruntzan eraitsitako gurutze frankistaren tokia ikurrinak hartu du

Ernai gazte antolakundeak iaz Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako gurutze frankistak eraitsi zituen «herri memoria» aldarrikatuz. Azken egunetan, Buruntzako gurutzea zegoen tokian ikurrina erraldoi bat agertu da; abertzale talde batek bere egin du ekimena.


Pasa den ikasturtean Buruntzako gurutze frankista erorita agertu zen Buruntza mendian: Andoain, Lasarte eta Urnieta artean. Baina ez zen bakarra izan, Olarizu, Ondarroa, Lemoa eta Barakaldon ere eraitsi zituen gurutzeak Ernai gazte antolakundeak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tontorretan ez da gurutze frankistarik geratzen.

Orain, urri hasieran, Andoaingo abertzale talde batek ikurrina erraldoia jarri du Buruntzako gurutzea zegoen tokian.

Gernikako eta Durangoko bonbardeaketan 85. urteurrenaren harira egindako ekimenak izan ziren gurutzeen eraisteak. «1978ko Erregimena sortu eta indartzeko ikurrak dira» gazte antolakundearen arabera, eta horri egin nahi zioten aurre: «Espainiar estatuaren oinarri faxista salatu, Euskal Herriaren memoria justu eta demokratikoa defendatu eta gaur egungo  faxismoaren indartze onartezina aldarrikatzeko, faxismoaren errepresio guztiei aurre egitea ezinbestekoa da, eta ikur frankista guztiak kentzea horren artean dago».

Gurutzerik gabeko Buruntza

Buruntza mendiak bestelako irudia hartu zuen bertakoentzat pasa den abenduaz geroztik, herritik begiratu eta historia luzea izan duen gurutzea ez baita gehiago ikusi. Horrek, askotariko erreakzioak sortu zituen herrian.

Maider Lainez Andoaingo alkateak (PSE) esan zuen elkarbizitzaren aurkakoak direla horrelako ekimenak. «Gurutzeak balio sinboliko handia du andoaindar askorentzat, nahiz eta gurutzearen jatorria ez partekatu. Eta alde bakarreko inposaketa ekintzak eta jarrera demokratikoarekin bat ez datozen jokabideak arbuiatzen ditugu», azaldu zuen Lainezek.

Udal Gobernuan baina, nagusitu zen iritzia ez zen alkatearena izan. Izan ere, EH Bilduk eta Podemosek ez zuten gurutzearen eraistea kritikatzea onartu.

Zazpi hilabete beranduago, uztailean Tolosako epaitegietako epaile batek Ernaiko legezko ordezkaria deklaratzera deitu zuen. Abokatu Kristauen elkarteak gazte antolakundearen aurka salaketa jarri zuen Tolosako epaitegian. Erlijio sentimenduen aurkako delitua egin izana, gorrotoa bultzatzea, ondareari kalteak eragitea, eta guztia legez kanpo elkartzearen larrigarriarekin egin izana aipatu zituen salaketan elkarteak.

Azkenerako, ez zen epaiketarik egon, eta Ane Alava bozeramaileak NAIZ irratiari eskainitako elkarrizketan gazteek «benetako herri memoria» eraikitzen jarraituko dutela azaldu zuen. Eta «aurrean gara gaur» leloarekin, botatako gurutze bakoitzean plaka bat jarri zuten; «Eraitsitako gurutze bakoitza askatasunaren alde eroritakoak oroitzeko ikur bihurtu dugu», adierazi zuten garaian egindako bideo batean.

Azken egunetako beste ekimen honen ostean, Ernairen ekintzatik urtebete pasata Buruntzako ikur frankistaren lekuan ikurriña handi bat ikus daiteke, ondoko herrietatik ere.