INFO

Ipar Euskal Herriko AEK-k «prekarietatea» gainditzeko baliabide duinak eskatu ditu

AEK-ko ordezkariek agerraldi jendetsua egin dute Baionan. Helduen alfabetizazio prozesua aitzina eramateko aukera berriak sortu direla azken urteotan nabarmendu dute era berean «baliabide duinak» eskatu dizkietela Ipar Euskal Herriko erakundeei.

Baionan agerraldia jendetsua egin dute AEKko ordezkariek baliabide duinak galdetzeko. (Bob EDME)

Ikasturte honetan 1.600 ikaslek eman dute izena Ipar Euskal Herriko AEKn. Emendatze etengabe bat sumatzen da, eta ez soilik ikasleen aldetik. Kurtso eskaintza gero eta anitzagoa du euskalgintzako erakundeak eta formakuntza mailan kalitate berme ziurtagiriak ere lortu ditu.

Izan ere garapen baikor hori ez dator bat bere langileengandik hasita eta egitura berarekin jarraituz AEK-k sumatzen duen baliabideen eskasiarekin.

Gaur, urriaren 19an Baiona Ttipian eginiko agerraldi jendetsuan zuzenean «prekarietate jasanezina» pairatzen dutela salatu dute.

Bertan izan dira Ihintz Oliden Ipar Euskal Herriko AEK-ko koordinatzailea, Amaia Beyrie, zuzendaritzako kidea, Xabi Gartzia AEK-ko artezkaritzako kidea eta Sebastien Castet Euskal Konfederazioko ordezkaria ere, beste hainbat lankiderekin batera.

«Hizkuntza politikaren berme diren instituzioetatik» engaiamendu eta apustu eskasa dagoela deitoratu du Ihintz Olidenek. Bere errranetan, baliabideen falta horrek helduen euskalduntzeak ukan ahal lukeen garapena trabatzen du.

«Uros gira klase berriak irekitzeaz, baina larrialdi ekonomiko egoera bati aurre egiten diogu», gehitu du Amaia Beyrie.

Ildo horretan, Ipar Euskal Herrian doakotasuna ahalbide lezakeen bekarik ez dela ekarri dute gogora eta AEK-k bere funtzionamendua bera segurtatzeko diru-laguntza publiko egokirik ez duela eskuratzen salatu dute.

70 pertsona inguru ari dira  lanean AEKk Zuberoa, Nafaroa Beherea eta Lapurdin dituen 14 gau eskoletan.

AEKn denbora osoz hasten diren langileek 1.400 euro kobratzen du hilabetero (12 diru-sari urtero). Antzinatasun handiena duten langileek, ordea, 1.700 euro irabazten dute.

Frantses Estatuan gutxienezko soldata (Smic) 1.645,48 eurokoa da (1.302,64 euroko soldata garbia).

Aurrekontua bikoizteko deia

Euskal Konfederazioko ordezkari den Sebastien Castetek «prekaritate egoera» AEKz harago doala mahaigainean jarri du. «AEKn bezala euskalgintzako beste elkarteetako langileak prekarietatean dira», salatu du.

Horrendako, Euskararen Erakunde Publikoari (EEP) bere aurrekontua bikoizteko galdegin dio.

EEPk finkaturiko 500.000 euroko diru kopurua AEKren aurrekontu orokorraren %30 baizik ez da.

Ipar Euskal Herrian egoera berezia bezain zaurgarria da euskalgintzarentzat. Hego Euskal Herrian erakundetako dirulaguntzak handiagoak dira eta azken urtetan sinaturiko hitzarmenek AEKren baitan lan baldintzak hobetzea eta taldeak irautea ahalbidetu du, Xabi Gartziak adierazi bezala.

«Ez zaigu zilegi iruditzen lan baldintzak hain ezberdinak izatea», deitoratu du.

Finean, Lapurdiko hirian eskaini duen prentsaurrekoaren bidez hiru lurraldeetako instituzioei galdegin diete helduen euskalduntze arloaren aldeko «baliabide sendoak» emateko.