INFO

‘Guk Ere Bai’, Bilboko haurren artean euskararen erabilera bultzatzeko ekimen berria

Bilboko haurren artean euskararen erabilera «tamalgarria» dela ikusita, irakasle, guraso eta euskaltzale talde batek ‘Guk Ere Bai’ dinamika jarri du martxan. Abendura arte hainbat ikuskizun eta kalejira antolatu dituzte, eta urtarriletik aurrera dinamika indartuko dute askotariko ekimenekin.


Bilboko zenbait ikastetxetako irakaslek, gurasok, zenbait kirol taldetako kidek, aisialdiko begiralek, auzoetako herri taldek, euskaltzalek, eta abar luze batek ‘Guk Ere Bai’ ekimena abian jarri dute haur bilbotarren artean euskararen erabilera eskasari erantzuna emateko.

Egoerarekin kezkatuta azaldu dira: «Bilboko euskararen erabilera haurren artean tamalgarria da. Ume gehienek haien ikasketak euskaraz burutu dituzten eta burutzen ari diren arren, haien arteko harremana, guraso eta haurren arteko harremana eta oro har, haien egunerokotasunean ager daitezkeen funtzio sozial guztietan ez dute euskara erabiltzen: kirol jardueretan, aisialdikoetan, zinea, whatsappak, eta abar luze bat».

Arrazoiak «oso ezberdinak» diren arren, errealitate gordin honen aurrean denok ardura garrantzitsua daukagula nabarmendu dute: «gurasook, irakasleok, entrenatzaileok, begiraleok…»

«Ez dago euskal girorik, ez dago euskal erreferenterik haurrentzat, ez dira seriotasunez jarduera motibagarriak haur eta senideentzat antolatzen; baina aldiz, badago potentzialitate handi bat Bilboko biztanleen artean euskararen aldeko jarrera mantenduz», adierazi dute.

Bide horretan, «indar, gogo eta harrotasun hori» bultzatu, bideratu, batu eta aktibatu beharrean daudela azpimarratu dute. Horretarako jarri dute martxan Guk Ere Bai ekimena, eta abesti batekin ekin diote.

Bi faseetan banatuko da dinamika. Lehenengoa Kontzientziazio kanpaina izango litzateke jai giroan murgildurik. Izan ere, hainbat ikuskizun eta kalejira antolatu dituzte urriaren 23tik abenduaren 3ra.

Kafe antzokian 3 ikuskizun izango dira: urriaren 23an Txintxeta,Klipa eta Txorroskilo pailazoek ‘Hiru,bi bat, eskolara goaz’ ikuskizuna eskainiko dute; azaroaren 6an Zirtaka antzerki taldeak ‘Zu eta ni sudurluze bi’ ikuskizuna; eta azaroaren 20an ‘Maddi Pirata’ antzezlan musikala izango da.

Abenduaren 3an kalejira egongo da Plaza Berritik 17.00etan hasita eta Kale Nagusian amaituta. Ondoren Haur Jaialdia egongo da hainbat sortzaileekin: Yogurinha Borova, Eleder Magoa, Mugi Zaitez taldea...

Guk Ere Bai dinamikaren jaialdia, abenduaren 3an.

Bigarren fasea, 2023ko urtarriletik aurrera, etengabeko dinamika «aktiboa, erakargarria, ulergarria, motibagarria eta eraginkorra» izango litzateke. Esparru ezberdinetako pertsonez osaturiko talde zabala sortuko dute ondorengo helburu honetara abiatzeko: «Zer egin Bilboko haurrak euskaraz bizi daitezen?».

Horretarako era ezberdinetako ekimenak pentsatu, hausnartu, proposatu eta bultzatuko dituzte: kolektiboak, pertsonalak, jai girokoak, aldarrikatzaileak, sinbolikoak, sakonak...

«Hemendik aurrera fase berri eta luze batean sartuko ginatekeenez, euskararen aldeko jarrera baikorra duen pertsona oro, eta bereziki, haur eta nerabeekin harremana mantentzen duten taldeak, irakasleak, begiraleak, gurasoak, instituzioak, artistak, musikariak… ezinbestekoak izango dira», adierazi dute.