INFO

Auzolanean bat eginez, udazkeneko kanpaina abiatu du Errigorak Ablitasen

Ehunka lagun bildu dira gaur goizean Ablitasen, Errigoraren udazkeneko kanpaina abiatzeko. Larunbat honetan lehen 10.000 kutxak egitea dute jomuga eta hurrengo hiru asteotan herri eta auzo ugaritan ariko dira.

This browser does not support the video element.


‘Bat egiteko garaia da’ lelopean, aurtengo udazkeneko kanpaina abiatu du Errigorak gaur goizean Ablitasen. Eta, nola ez, auzolanean egin du. Gaurtik hasita azaroaren 10era luzatuko da auzolan ariketa erraldoi honetan Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako hiru saski eskainiko dira eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.

Txoko guztietako euskal herritarrek ere bat egitea «beharrezkoa» dela gogorarazi du Errigorak, «zonaldean AEK-k eta ikastolek euskaldunak sortzen jarrai dezaten, eta Sortzenek sare publikoan D eredua indartzeko lan egin dezan, baita Agerraldia egitasmoak Agerrean euskararentzako aro berri bat ireki dezan ere».

«Bada garaia euskarak lurraldean mugarik izan ez dezan eta bada garaia herritar guztiek eskubide berak izan ditzaten. Bada garaia zonifikazioa gainditzeko», defendatu dute Errigorako kideek. «Bada garaia Nafarroa hegoalde eta erdialdeko sektore zabalak euskararekin berradiskidetzeko eta euskararentzako aldekotasun berriak biltzeko», gehitu.

Gogora ekarri dute «orain mende gutxira arte» euskaraz hitz egin dela erromatarrek Ager izenez ezagututako lurretan. «Orain hamarkada gutxira arte tradizio euskaltzale handia mantendu da zonaldean». Horren aurrean, eta «garaiotan bereziki», Agerreko «geografia eta bizitzaren esparru guztietan» euskaraz «naturaltasunez» aritzeko beharra azpimarratu dute, «euskara eta bizilagunen behar zein interes askotarikoak ekuazioaren batugai bihurtuz gainera».

Udazkenetako kanpainen eskutik jaio zen Agerraldia egitasmoa eta urte hauetan bertso eskolak, euskara egunak, elkar-ezagutza bidaiak, ikerketak, sormen proiektuak, kirol talde euskaltzaleak, kontzertuak, mintzakide programak, enpresak euskalduntzeko euskara planak, kirol probak, topaketak, ludotekak eta kultur ekitaldiak antolatu dituzte. «Ez da gutxi, ekintza praktikoen bidez, inor ordezkatu gabe. Dagoena bultzatuz, eta ez dagoena sortuz. Askoren artean», nabarmendu dute.

Indarrak batzeko deia egiteko ere baliatu dute gaurko deialdia. «Agerreko euskaltzaleok bat egiteko garaia ere bada. Ez, noski, denok berdin aritzeko, baizik eta nork bere eremuan eta bere tresnen bidez sokaren mutur beretik tira egiteko. Indarrak batzeko egin behar dugu bat; eremu zabal horretan euskalgintzak izan beharreko lehentasunak adosteko eta norabidea bateratzeko». Eta, zentzu berean, «Euskal Herritar eta eragileok orokorrean, Nafarroarekin bat egiteko» garaia dela insistitu dute. «Zonifikazioaren afera ez baita nafarren arazoa, euskararena baizik. Kanpaina honek eskaintzen du, elkartasuna adieraztetik harago, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari baliabide ekonomikoak emateko bidea, baita haien eguneroko batailetan gainontzeko euskaltzaleen babesa eta arnasa sentitzekoa ere».

2013tik eta milaka herritarren lanari esker, Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko egitasmoak sustengatzera bideratu dituzte 1.600.000 euro baino gehiago eta, aldi berean, diru ekarpen hori sortzeko bidea elikadura burujabetzara pausuak emateko baliatu dute. «Urteotako diru-ekarpena ezinbestekoa izan da bertako ikastolek eta AEK-k herritarrak euskalduntzen jarrai dezaten eta sare publikoan gero eta guraso gehiagok D ereduaren aldeko hautua egitea helburu duten Sortzenen kanpainak laguntzeko», zehaztu dute.

Horregatik, Ablitasetik hasi eta Euskal Herri guztira hedatu nahi dute auzolan hau. Gaur azaroan eskuz esku banatuko dituzten milaka kutxa horietatik lehenengo 10.000 aleak osatzeko inoiz baino auzolangile gehiago elkartu dira eta hurrengo hiru asteotan herri eta auzo ugaritan ariko dira are eta auzolangile gehiago saski eskariak jasotzen.

Hiru saski

Azaroaren 10era arte eskatu ahalko dira saskiak. Eta aurten ere, hiru aukera plazaratu ditu Errigorak. Saski beltzak (klasikoa), 55 euroko prezioan, Oliba-olio birjin estra, orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, ardo botila, eztia, kardua, mahats zukua, piper mamia, teilak, molineritoak eta 2023ko egutegia dakar. Saski berdeak (ekologikoa), aldiz, Oliba-olio birjin estra, orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, ardo ozpina, tomate frijitua, arroz integrala, pasta, kanbutxa tea, teilak, sagar zukua, txitxirioak eta egutegia, 65 eurotan. Azkenik, saski zuriak (berezia), 75 eurotan, Oliba-olio birjin estra, orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, kriantza botila, ardo zuri apartsua, patxarana, ardi gazta, patxaran pastak, polboroiak eta egutegia. Eskariak haien webgunearen bidez egin daitezke.

Bertan 24 ekoizlek hartu dute parte: Ablitasgo kooperatiba, El Alcaraván (Argedas), El Agricultor (Lerin), Aristu (Irunberri), Axuribeltz (Iturgoien), Azanza (Abartzuza), Azpea (Irunberri), Biosasun (Discastillo), La casa del aceite (Cascante), Bardea (San Isidro del Pinar), La Churta (Allo), Ebrón (San Adrian), Enara (Arroitz), El Escolar (San Adrian), Gobeiaberri (Lodosa), Hazialdeko (hainbat herri), Iturri (Arroitz), Larrinaga (Urantzia), Lezaun (Lakar), Martinelli (Beriain), Mendiko (Oibar), El Molinero (Arroitz) eta Monasterio de Cascante eta Urrutia (Uxue).

Kanpainak honek utziko dituen diru etekinak, beti bezala, euskara babestera bideratuko dira. Ikastolen elkarteak, AEK-k eta Sortzenek ere parte hartu dute eta ekarpenaren zati bat sare publikoan D eredua indartzera bideratuko da. Era berean, aipatu bezala, Agerraldia ekimenak ere bultzada jasoko du hemendik.