INFO

Ustezko etsaiaren etsaia...


Errusiak Ukrainan biktima zibilak eragiten ditu, ez daukat zalantza izpirik. AEBek beren gerretan bezalaxe. Hala ere, horrek, nire ustez, ez du esan nahi AEBek hainbat gerra eragin dituztenez gero Errusiak gerrak eragiteko eskubidea duela, inondik inora. Aitzitik, hain justu, Errusiak horretarako eskubiderik ez badauka, eta bistan da ez daukala, AEBek ere ez daukate.

Batzuetan, telebista ikustean edo egunkariak irakurtzean, Ukrainaren edo, zehatzago, Zelenskiren aurkako eta mendebalde honetako gobernuen aurkako sentipena egiten zait. Badakit kontrakoa sentiaraztea nahi dutela, baina niri dagokidanez, aurrez nuen sentipena areagotzea baino ez dute lortzen. Horrek, baina, ez dit Errusiaren Gobernuaren aldeko jarrera sorrarazten. NATOren aurkako sentipenak ez du zertan Errusiaren edo, zehatzago, Putinen aldekoa izan. Zelenskik NATOri Errusiaren aurkako eraso nuklearra eskatu izanak goragalea eragin dit, baina ez dit txitean-pitean eraso nuklearraren mehatxua astintzen duen buruzagiarenganako ez begikotasuna ez begirunea pizten.

Iranek AEBei aurre egiten dien Gobernua du. Hala ere, ezin dut haren aurkako sentipena saihestu, ezin ahaztu xah Persiakoa bota zuen iraultza hura teokrazia arbuiagarria bihurtu zela, eta kurduak, komunistak eta hainbat musulman sarraskitu zituela. Eta horrek ez nau ez xaharen, ez AEBen aldera lerrarazten.

Asteon irakurri dut Dabid Lazkanoiturburuk Urtzi Urrutikoetxeari egin dion elkarrizketa, kurduek nonahi jasaten duten zapalkuntza gaitzat duena. «Berdin da herri gisa zure eskubideak ukatzen dizkizuna herrialde arabiar sozialista den, teokrazia persiarra edo NATOko kide turkiarra», dio Urrutikoetxeak. Aspaldi honetako Irango matxinada mendebaldeko herrialde askok txalotu dute; hala ere, horrek ez nau teokraziara lerraraziko, ezta haren errepresioak AEBen larderiara ere. Ez dut kurduen eta emakumeen borrokatik aldentzeko motiborik.

Batzuetan ez da erraza, baina ariketa osasungarria da aurreiritziak eta dogmak saihesteko ahalegina. Iritzi bat da.