INFO

45. Euskal Zine Bilerak baditu bere irabazleak

Euskal Zine Bilerak larunbat honetan ospatutako Sari Banaketa ekitaldian Sail Ofizialeko irabazleak eman dira ezagutzera. Eñaut Castagnetek Film onenaren saria irabazi du ‘Muga’ lanagatik, eta Zuzendaritza onenaren sariarekin izan da sarituta Aitzol Saratxaga.

Euskal Zine Bilerak ospatutako sari banaketa. (EUSKAL ZINE BILERA)

Euskal Zine Bilerak sari banaketa ekitaldia ospatu zuen larunbat honetan, hogei izan ziren Sail Ofizialeko Lehiaketara sailkatu zeuden filmak. Guztiak urriaren 20tik 22ra bitartean ikusi ahal izan dira Ikusgarri zine aretoan. Genero eta izaera oso ezberdinetako lanak ikusi ahal izan dira jaialdian zehar eta, aniztasun horren bidez, istorio ikusgarri eta interesgarriez gozatzeko aukera egon da.

Hogei lanen artean bost izan dira sari bat eskuratu ahal izan dutenak. Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena, Gazte22 saria eta aipamen berezi bat izan dituzte alde batetik. Hauen irabazleak erabakitzearen arduradunak Getari Etxegarai, Paul Urkijo eta Izaskun Urkijo zinegileak izan dira. Esperientzia eta ikus-entzunezko sektorearen ikuspegi zabala duten epaileek erronka handia izan dute film laburren artean onenak aukeratzeko. Bestalde, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EiTB Ikuslearen saria erabaki dute.

Film onenaren saria, Eñaut Castagneten ‘Muga’ lanarentzat izan da. Immigrazioa, maila sozial eta lan esplotazioa bezalako gaiak jorratzen dituen lana da. Western estruktura duen pelikulak denbora osoan tentsioa mantentzen du, kameraren erabilera eta musikaren erabilera bikaina nabarmendu dute epaileek. Hortaz, berarentzat 45. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria.

Zuzendaritza onenaren saria, Aitzol Saratxagaren ‘Lanbroa’. Baliabide narratiboak ikus-entzunezko lengoaiaren bitartez adierazten ditu eta genero fantastikoaren kodeak modu paregabean erabiltzen dituelako, epaimahaiaren ustez. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Gidoi onenaren saria, Raul Barrerasen ‘Arnasa’ lanarentzat izan da. Narratiboki era borobilean egina eta errespetuzko mezua adierazten duela azpimarratu dute epaileek. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EiTB Ikusleen sariaren irabazlea zein izan den ezagutu da. Ikusleek haien botoekin erabaki dute irabazlea Raul Barrerasen ‘Arnasa’ izatea, batez beste 5etik 4,31 puntu lortuz. Hortaz, berarentzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Gazte22 saria, Nagore Murielen ‘Erro bi’ lanarentzat izan da. Sari honen irabazleak 22 urte edo gutxiago izan behar ditu. Aurtengo edizioan aurre-aukeraketa pasatu duen egile gazte bakarra izan da, hortaz erabakia erraza izan da epaileentzat. Berarentzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria. Azkenik, epaimahaiak Leire Egañaren ‘Erlojupekoa’ lanari egin nahi izan dio aipamen berezi bat.

Euskal Zinemaren Begirada: Ramon Agirre

Ekitaldi berean ere, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz Euskal Zinemaren Begirada, Ramon Agirre Lasarte euskal aktorea omendu nahi izan zen, 1983. urteaz geroztik euskal zinema, antzerki eta telebistan ezinbesteko ekarpena balioan jartzeko. Euskarazko zinean egindako filma esanguratsuenetan parte hartu du, eta baita nazioartean ere. Tartean aipa daitezke ‘Aupa Etxebeste’ (2019), ‘Handia’ (2017) –hamar Goya sariren irabazlea–, ‘Errementari’ (2017), ‘Txarriboda’ (2015), ‘Baztan’ (2012), ‘Las trece rosas’ (2013) edo ‘Amour’ (2012) –Cannesen urrezko palma irabazi zuena–.