INFO

Zuiak eta Urkabustaizek «premiazko konponbidea» eskatu dute ur horniduraren arazoentzat

Zuia eta Urkabustaizek uraren hornidurarekin duten arazoei «premiazko konponbidea» ematea eskatu dute Arabako Batzar Nagusietan; 2011tik irtenbidea blokeatuta dagoela salatu dute.

Xabi Alvarez de Arcaya, Urkabustaizko alkatea, ezkerrean eta, eskuinean, Unai Gutierrez Urkiza, Zuiako alkatea. (Zuiako Udala)

Zuiako eta Urkabustaizko alkateek, Unai Gutierrez Urkiza eta Xabi Alvarez de Arcayak, hurrenez hurren, bi udalerrietan ur hornidurarekin duten arazoentzat «premiazko konponbidea» eskatu dute astelehen honetan Arabako Batzar Nagusietan. Ohar baten bidez azaldu dutenez, 2011tik irtenbidea blokeatuta dagoela salatu dute.

Zehazki, Gutierrez Urkizak zehaztu duenez, 2007an Zuiako arau subsidiarioen tramitazioa geldiarazi zen, ur horniduraren arazoei konponbiderik ematen ez zitzaielako, bereziki udako hilabeteetan. Lau urte geroago, 2011n, Zaron urtegi bat egiteko proiektu bat iragarri ziten, 18 milioi euroko aurrekontuarekin, baina ez en inoiz lizitatu.

«Urteak daramatzagu konponbide baten zain, eta Arabako Foru Aldundiak egindako uraren plan markoaren garapenean ere baltsa bat planteatu zen 2021erako. Egia esan, gaur egun ez dugu proiekturik mahai gainean, eta ez dugu bermatuta gure udalerrian ur kontsumoa, orain klima aldaketarekin larriagotu den aspaldiko arazoa. URAk proiektu berri batean lan egiten duela iragarri berri digute, baina oraindik ez ditugu proiektuaren xehetasunak ezagutzen», laburbildu du Unai Gutierrez Urkizak.

Udaletxeek emandako datuen arabera, gaur egun Zuiak 800.000 eta 1.300.000 litro ur artean kontsumitzen ditu egunero. Urkabustaizen, aldiz, hamar kontzejuetatik zortzi biltzen dituen ur ermanade bat dago, urtean 226.000 metro kubo ur kontsumitzen dituena, Baias ibaiaren bilketaren ondorioz.

Horren harira, Alvarez de Arkaia Urkabustaizko alkateak gogorarazi du 2004an Lakuak Gorbeialdeko koadrilak 154.000 metro kubo ur behar zituela ezarri zuela.

Gorbeiako parke naturala bereziki babestutako eremua dela azpimarratu dute bi alkateek, hortaz, «onartezintzat» jo dute uraren arazoa konpontzeko ezer ez egitea. Urkabustaizko alkateak zehaztu duenez, «inork ez du ulertzen ur bilketa konpontzeko, ibaian sortzen diren hartxintxarrak eta ibilguak garbitzeko hainbesterako zailtasunak jartzea eta ezer ez egitea urterik urte ibaia lehortzea ekiditeko».