INFO

Etxeko langileen hitzarmenaren negoziazioa hasteko exijitu dio LABek Confebaski

Confebaskek etxeko langileen lehen lan hitzarmenerako negoziaziorako mahaia osatzeari uko egin ondoren LABek aurkeztu zuen demandagatik epaiketa izan da astearte honetan Bilbon.

LABek elkarretaratzea egin du Bilboko epaitegietan, etxeko langileentzat lan hitzarmena exijitzeko. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Confebaskek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxeko langileen lehen hitzarmenaren negoziazio mahaia osatzeari uko egin ondoren, LABek auzitegietara jo zuen. Gaur izan da epaiketa eta sindikatuak elkarretaratzea egin du Bilboko epaitegien aurrean, sektoreko langileentzat hitzarmen kolektiboa aldarrkitzeko.

Garbiñe Aranburu sindikatuko koordinatzaile nagusiak «erantzukizuna bere gain hartzeko, distrakzio teknikak alde batera uzteko eta negoziazio prozesua zabaltzeko» exijitu dio patronalari.

Aranburuk nabarmendu duenez, «eskubideez hitz egiten ari gara eta Confebaskek, bere jarrerarekin, bere erantzukizunari ihes egiten dio. Milaka emakumeri langile izaera eta lan baldintzak arautzeko eskubidea ukatzen die. Badirudi Confebaskentzat onargarria dela langile horiek, gehienak emakumeak, migratuak eta arrazializatuak, gainerako langileek baino eskubide gutxiago izatea», deitoratu du.

LABeko koordinatzaile nagusiaren iritziz, «gizarte gisa ezin dugu onartu zaintza lana, guztiz beharrezkoa eta ezinbestekoa baita bizitzari eusteko, egungo baldintzetan egitea. Ezin dugu lan esplotazio hori onartu».

Errealitate horrek «gizarteko eragile eta estamentu guztie» eragiten die Aranbururen esanetan. «LABek bere gain hartzen du dagokion zatia eta, horregatik, bide guztiak erabiltzen jarraituko dugu, bide penala, ekintza sindikala, interpelazio politikoa eta gainerako sindikatuekiko eta mugimendu feministarekiko aliantzak, etxeko langileen eskubideak bermatzea lortu arte eta beren lana behar bezalako aitorpen politiko, ekonomiko eta sozialarekin garatu ahal izatea lortu arte», gaineratu du.