INFO

«Patata tortilla Nafarroan sortu zen»

Patata tortilari ‘Tortilla española’ deitzen zaio nazioartean. Espainiara joaten den turismoak bertan ezagutu eta handik beraien herrialdeetara eraman du jaki hori eta izendapen hori eman diote. Baina, ba al zenekiten Nafarroan sortu zutela? Hori dio 1817ko dokumentu batek. 

Tortilla txapelketa. (Oskar MATXIN | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Espainiako CESICen arabera, Badajozeko Villanueva de la Serenan sortu zen patata tortila. «Patatak birrindu, irinarekin nahastu, ore bat egin, frijitu eta horri deitu zioten patata tortila baina hori ez da tortila. Hori buñueloa edo kruxpeta da», esan digu Juan Inazio Hartsuagak.

Badajozen tortilaren inguruan tradizioa sortu den arren, uste hori okerra dela azaldu digu Hartsuagak. Jatorriaren inguruan hainbat eztabaida eta iruzur ere izan dira, baina patata tortillaren sorrera ondokoak kokatzen du Nafarroan. «Iruñerrian kokatzen dela uste da. Baserritar talde batek gutun oso luze bat idatzi zuten nafar gorteei zuzendua. Bertan protesta egiten zuten espainiar erregeak debekatua zuelako gari soberakinaren esportazioak egitea, prezioak ez igotzeko helburuarekin, ogia merke saldu ahal izateko eta herria lasai izateko»

Gutun horretan gizarte hartako estamentu guztiak nola bizi diren azaltzen zuten. Nola janzten ziren, eguneko otorduetan bakoitzak zer jaten duen… «Afaltzeko baserritarrek bi edo hiru arrautz erabiltzen zituzten bost edo sei lagunentzat. Gure etxeko andreek badakitelako hain arrautz gutxirekin tortila potolo ederra ateratzen, bertan sartuz patatak, ogi apurrak eta sukaldean harrapatutako guztia sartuz». Arrautza ugaltzeko edo biderkatzeko modua zen hori. Arrautz gutxirekin, askorentzako otordua prestatzeko modua. «Deskribapena bete-betean da tortila batena». 

Patata tortilaren jatorria aztertuz, Euskal Herriko errezetarik zaharrena aurkitu zuten 1604ko liburu batean, Liejako errege etxeko sukaldari batek egindako liburuan. «Euskal tarta» izenekoaren errezeta agertzen zen bertan.

Aurreko aukerak baztertuta, Iruñeko 1817ko gutun hura hartu zen lehen dokumentu gisa. Benito Perez Galdos idazleak, bere idatzietan, karlistaden deskribapen bat ere egiten du eta bertan ikusten da, I. Karlistadaren garaian, 1830 inguruan, patata tortila oraindik ez dela oso ezaguna. «Deskribatzen du momentu batean patata ematen dietela jateko soldaduei eta jendeak ez du ezagutzen. Garai horretan izango lirateke patata tortilaren hastapenak».